Galina Savitskaia. Saskibaloi jokalari ohia

«Dena irabazten genuen SESBeko selekzioarekin, baina lan handia eginez»

Maila handienean aritu ondotik, Nafarroan bukatu zuen Savitskaiak. Saskibaloia bere bizitzaren parte garrantzitsua dela dio. SESBeko selekzioarekin bizitakoak gogoratu ditu.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Zizur Nagusia
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zapatilek egurrezko zuraren kontra egiten duten kirrinka eta haurren oihuak aditzen dira Zizur Nagusiko kiroldegian (Nafarroa) arratsaldero. Han, etxean bezala ibiltzen da Galina Savitskaia (Minsk, Bielorrusia, 1961) nazioarteko saskibaloi jokalari ohia, kudeaketa lanetan laguntzen baitie Ardoi taldekoei. Gaur egun, errusiera irakaslea eta saskibaloi entrenatzailea da Nafarroako unibertsitate pribatuan.

Zure bizitza saskibaloia gabe imajinatu dezakezu?

Ez dakit; 9 urtetatik jokatu dut, eta praktikan ez dut inoiz utzi. Beraz, zaila da imajinatzea, nire bizitza guziak zerikusia baitu saskibaloiarekin.

Zure aita saskibaloi jokalaria izateak eragina izan du?

Agian hortik heldu zait saskibaloirako interes berezia. Nire aitak Minskeko goi mailako talde batean jokatzen zuen.

Patuaren kontuak, beraz.

Bai, egia da. Normalki, gurasoak kirolariak badira, seme-alabak ere saiatzen dira kirolari izaten. Hasi behintzat, bai. Batzuetan haien urratsei jarraikiz, beste batzuetan beste kirol bat hautatuz. Izan ere, filosofia ezberdin bat izaten da familian.

Zure seme-alabek ere jarraitu diete zure urratsei?

Bai, nire seme nagusia saskibaloi jokalaria da, eta txikia tenisean aritzen da.

Nola hasi zinen 9 urterekin jokatzen?

Lehenbiziko urtean auzoko eskolan entrenatzen ginen, baina, gero, klub bat sortu zen, eta, beraz, autobusa hartuta hiriaren erdigunera joan behar izaten genuen entrenatzeko. Kiroldegi ederra zen; etxetzat geneukan. Asko entrenatzen ginen: 10 urterekin, astean lautan.

SESBeko selekzioan jokatu zenuen 1980 eta 1990 artean. Ardura eta presio handia izan zen?

Presiorik ez genuen, garai horretan selekzio oso ona baitzen gurea, eta ia dena irabazten genuen. Ardura bai, noski, zure herrialdearen ordezkari baitzara kantxan. Gainera, jende gehiagok ezagutzen zaitu, eta horrek baldintzatzen zaitu batzuetan.

Zer giro zenuten selekzioan?

Ona, ona. Asko entrenatu behar ginen; beraz, ia ez genuen denbora librerik. Goi errendimenduko kirol zentro batean biltzen ginen. Mosku inguruan izaten zen normalean. Txapelketak bukatzean uzten ziguten etxera itzultzen, baina denbora asko ematen genuen elkarrekin. Ez dira lagun minak, baina zure antzekoak dira, eta laguntasuna zen nagusi.

Zer egoeratan zen garai horretan emakumeen saskibaloia?

Munduko talderik onena zen, oso ongi jokatzen genuen, eta ez genuen aurkari gogorrik.

Gizonen kirolarekin alderatuta ezberdintasun handiak ziren?

Baldintza berak genituen, ez zegoen generoaren araberako banaketarik alde horretatik: soldata bera genuen, beka berak, sari berak... Ez genuen pentsatzen bestela izan zitekeenik ere. Hori bai, gizonen talde on gehiago zeuden; beraz, gehiago kostatzen zitzaien irabaztea.

Europako sei txapelketa, munduko bat eta Olinpiar Jokoetan brontzea lortu zenituzten. Ez da palmares makala.

Irabaztea derrigorrezkoa zen; bestela, hura hondamendia izango zen. Dena den, horren atzean entrenamentu asko zeuden. Ez genuen inoiz oporrik: klubarekin bukatuta, selekzioarekin hasten ginen. Beraz, dena irabazten genuen, baina lan handia eginez.

Merezi zuen sakrifizioak?

Asko galdetzen didate hori. Egia esan, ezin dut beste bizitza batekin alderatu. Etxean gelditu edo lagunekin atera? Ez dakit, entrenamendu edo partida on batekin ezin dut alderatu hori. Nire ikuspegitik, inoiz ez dut pentsatu merezi ez zuenik. Denbora izan dut ikasketak bukatzeko, seme-alabak izateko... eta dena, saskibaloian jokatzeari utzi gabe. Ez dut urte bakar bat ere galdu, eta selekzioarekin uda bakarra galdu nuen, haurra izan nuenean.

Selekzioan egon zinen urteetako une bereziren bat?

Munduko txapelketa irabazi genuenean, aurreikuspen guziak gaindituta gailendu ginelako AEBen kontra. Momentu horretan AEBek talde ona zuten, eta partida zaila izan zen.

Politika eta kirola nahasita egoteak eragin dizue inoiz?

Beti horrela zen: adibidez, Olinpiar Jokoen boikotak. Guk ez genuen hori erabakitzen, baina horrek eragina zuen guregan. Kirolarien artean ez zen inolako arazorik: ez genituen ikuspegi politikoaren arabera epaitzen aurkariak. Guk gure lana egiten genuen.

Los Angelesko Olinpiar Jokoetan ez zenuten jokatu, 1984an.

Boikotaren jokoak izan ziren. Aurretik, 1980an, Moskukoei boikota egin zieten, eta horren erantzuna izan zen Los Angeleskoa; horregatik ez ginen joan. Horrek eragin handia izan zuen kirolean. Guk beste txapelketa batzuk ere bagenituen, baina pentsa lau urtez prestatzen den atleta bat, adibidez. Konplikatua da. Pena eman zigun, baina haiek egindakoaren erantzuna izan zen, ez besterik.

Zergatik erabaki zenuen Nafarroara etortzea?

SESBen 28 urtetik aurrera uzten ziguten kontratu librearekin jokatzen. Ordura arte zure herrialdean jokatu behar zenuen. Neurri hori saskibaloia desagertu ez zedin hartu zuten. Adibidez, futbolean 12-13 urteko mutiko bat hartzen dute, eta talde handi batera eramaten dute han haz dadin. Modu horretan, bere klubak eta bere herrialdeak jokalari posible hori galtzen dute. SESBen 28 urteak arte dena eman behar zenuen zure herrialdean, eta, gero, nahi zenuen tokira joaten ahal zinen. Ni horietako bat izan nintzen.

Zer bilatzen zenuen?

Interesa nuen beste liga batean aritzeko eta beste joko mota bat egiteko. Garai horretan hemengo liga ez zen maila handikoa, baina tira, deskantsatzeko ere balio zidan. CBN Club Baloncesto Navarran zortzi urtez jokatu nuen, eta gero utzi. Bi urteren buruan Ardoin hasi nintzen, eta bigarren maila nazionalera igo ginen.

Aldaketa handia izan zen SESBekin alderaturik?

Ez, aldaketa handirik ez nuen sumatu. Bizitza bera zen: entrenatu, eta asteburuetan partidak. Bueno, alde bat bazen: hasieran ez nuen ulertzen zergatik entrenatzen ziren hain gutxi, zergatik ez zuten helburu handiagorik, sistema ezberdina zen, beste talde batzuetako jokalariak fitxatu behar zituzten... Hemen ez dira haurrak hain goiz aukeratzen goi mailara ailegatu daitezen, adibidez.

Saskibaloiarekin ongi bizi zinen SESBen?

Garatutako sozialismo bat zen: gehienek antzeko soldata genuen. Bai, gauza batzuk falta ziren: denek ez zuten autorik, ez zegoen hainbeste arroparik... Baina baziren beste ondasun batzuk, ez zirenak materialak, baina askoz gehiago balio zutenak: dohainik ikasten genuen, beti bazen lanik, janaria, medikua... Zerk balio du gehiago? Saskibaloiari dagokionez, selekzioan sartzen ginenek beka bat genuen, soldata arruntaren bikoitza jasotzen genuen, eta bilkuretan gobernuak dena ordaintzen zigun. Bizitza erosoa genuen.

Ez zara talde askotan aritu: Minskeko Gorizonten, CBN-n eta Ardoin. Zergatik? Oso fidela zara?

Minsken soilik talde bat genuen, eta, beste eskaintza batzuk izan nituen arren, ez nuen Minsketik alde egin nahi. Hemengo taldea [CBN] ez zen oso maila handikoa, baina semeak nituen, eta familia oso garrantzitsua da niretzat. Kontratu hobe bat baino garrantzitsuagoa da hori. Klub batetik bestera ibili izan banintz, haurrak ere batetik bestera ekarriz, ez lukete jakinen nongoak ziren. Nik etxe bat eman nahi nien, nahiz eta beste herrialde batean izan, egoerarengatik. Etxea hemen dagoela jakin behar zuten. 30 urte nituen, eta balantzan jarri behar nuen dena. Saskibaloian jarraitzeko aukera izan dut, hala ere.

Ardoi garrantzitsua da zuretzat?

Bai, nire semea ere hemen hasi zen, eta nire azken urteak hemen eman ditut. Oraindik ere jarraitzen dut klubari loturik, bainabeste lan batzuk egiten.

Zer erronka ditu saskibaloiak Nafarroan?

Orain nahiko ongi dago, maila altuko ligetan daude zenbait talde. Hain herrialde txikia izateko, ongi dago. Gero, egia da, haur, kadete eta junior taldeen maila baxua dela. Baina zaila da, entrenatzaileak falta direlako eta klubek ahalik eta jende gehien hartzea lehenesten dutelako.

Futbolak eragin handia du?

Mutilen kasuan, bai. Txikitan denek nahi dute futbolean aritu. Nesken kasuan, askok ematen dute izena saskibaloian. Esanen nuke gehiago direla neskak.

Saskibaloia alde batera utzita, errusiera irakasle ere bazara, eta kazetaritza ikasitakoa.

Asko gustatzen zait nire lana, eta gero eta jende gehiagok du errusieraren inguruko jakin-mina. Kazetaritzak bide asko irekitzen ditu, eta horietako bat da hizkuntza irakasle izatea, lotura baitute.

Zein harreman duzu gaur egun errusierarekin?

Etxean errusieraz aritzen gara, nire senarra errusiarra baita, eta semeekin ere hala egiten dut. Lagun batzuekin ere bai, noski. Garai hauetan, Skype eta horrelakoekin errazagoa da; ez dago arazorik komunikatzeko. Eta asko irakurtzen dut errusieraz.

Ailegatu zinenean zailagoa zen?

Bai, lehenbiziko bi urteetan oso atzerritar gutxi geunden Iruñean, oro har. Errusieraz egiten nuen lagun batekin, eta, gero, telefonoz. Senarra etorri zenean-eta, aukerak zabaldu zitzaizkidan.

Zaila egin zitzaizun moldatzea?

Ez. Baina orain Iruñeak bizitza asko du, eta bizitza sozial interesgarria du; ni etorri nintzenean, txikiagoa eta probintziakoagoa zen. Gauza gutxi zeuden. Ni hiri handi batetik nentorren, pentsa. Faltan nuen antzokira joatea eta horrelako gauzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.