Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Aztoratzeko mania

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Berrogeialdia. Azken hamarkadetan EITBko irratien kontsumitzaile arrunt batek badaki AHTaren gaia berrogeialdia aplikatu behar zaion horietakoa dela. Jada nahikoa nazkatu gaituzte, bete gabeko aginduekin. Bada, zertara dator ostiral goizeko kanpai jotzea, albiste historikoaren pare aurkeztuz Tapia sailburuak adierazitakoak? Batik bat REk, eszeptizismorako zirrikiturik uzten ez duen albiste definitiboaren gisa saldu zigun (amaiera data, prezioa...), sei urte barruko kontuekin! EIn moderatuxeago aritu ziren; hirugarrengo albistera eraman zuten, eta «arabera» eta «omen» abizenak ipini. Ez al litzateke hobe, jendartea aztoratzen ibili gabe sinesgarritasunaren gutxieneko galbahe bat ipiniko baliete zenbait informaziori, nahiz eta agintetik heldu? Galbahe horrek aginduko luke ustezko berri horiek nora bideratu: hauteskunde kanpainaren testuingurura ala umorearen sailera (Boulevard-en kasuan, Maider Martinek gertakizun xelebreekin egunero osatzen duen Feliz... atalera).

Sarien diplomazia. Pedro Blanco Ser kateko esatari tuterarrak jaso du Nafarroako gobernuaren Karlos III.aren gurutzea izeneko sarietako bat, herrialdearen ospearen alde aritzeagatik. Bi arrazoi argudiatu dira, eta lehenak badu funtsik: proiekzio handiko kazetari zintzoa dela, alegia. Erriberako ondare kulturala eta gastronomikoa bereziki zabaltzen aritzen dela dioen bigarren arrazoiak, baina, zalantzak planteatzen dizkigu... Izan ere, baliteke partikularki eta sare sozialetan matraka ematea Erribera turistikoki zein leku ederra den eta zein ondo jaten den esanez. Baina hori gauza bat da, eta bestea Erribera eta Nafarroa nabarmendu izana bera zuzendariorde duen Hora 25 irratsaioak; horrelakorik ez baita gertatu ez azken legegintzaldian, ezta lehenago ere. Madrilgo gainerako irratien antzeko ikuspegi zentralista baitauka Hora 25-k. Sari emate horrek gehiago erantzuten dio alde ideologiko gehienak kontent uzteko maiz egin ohi diren orekei eta estatuko irratirik handiena goxatu nahi izanari, Nafarroara begira jarri dadin.

Beroketak. Naiz irratia probako irratsaioak ari da eskaintzen, Korrika aprobetxatuz. Lasterketari jarraipena egin diote egunez egun, eta euskararen ikasketa prozesuan murgilduta dabiltzanen kontakizunak jaso dituzte. Makineria olioztatzen, erabateko emisioaren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.