Koronabirusa. Turismoa

BIZILAGUNEN ZAIN

Koronabirusaren krisian murgilduta, Euskal Herriko turismo eragileek ziurtzat jo dute aurtengo udaldia txarra izango dela, eta Espainiako, Kataluniako, Frantziako eta barneko bisitariengan du jarria itxaropena kanpaina «salbatzeko». Hala izan ezean, udazkena gogorra izango da sektorean.
Donostiako Kontxako hondartzako erabiltzaile batzuk, elkarren segurtasun tartea uzten.
Donostiako Kontxako hondartzako erabiltzaile batzuk, elkarren segurtasun tartea uzten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi - Ekhi Erramundegi -

2020ko ekainak 14

Bulegoko agenda lodia itxita du Alvaro Diazek. Izen zerrenda luzeekin beteta beharko luketen orrialdeak paragrafo zuri handi bat dira orain. «Madril eta Katalunia fasez aldatzen direnean argia ikusten has gaitezkeela uste dugu. Iaz udan Bilbora etorri ziren turisten %78 hangoak ziren, eta aurten batezbestekoa are handiagoa izango da». Ilunion hotelean du bulegoa Diazek, eta, era berean, Destino Bilbao hiriko hotelen elkarteko burua da. Maiz egiten dituzte bilerak, eta elkartekideek antzera dituzte agendak. «Erreserben informazioa dugu, eta beldurra ematen du. Iaz abuztua izan zen Bilbon okupazio maila handiena izan zuen hilabetea; ia %91 izan zen, eta aurten ez dago erreserbarik, ez behintzat oraingoz. Ea Espainian konfinamendua arintzean... Okerren, hori bai, nazioarteko bezeroekin lan egiten duten hotelak daude. Bisitari horiek ez dira etorriko».

Agenda potolodun hotelekin ere egiten du lan Mikel Ubarretxenak. Gipuzkoako Ostalarien elkarteko burua da, eta garai latzak datozela iragarri du. Udazkenari beldur dio, hari aurre egiteko koltxoia udan betetzen delako. «Urte normal batean, uda osoan ez ginateke %85eko okupaziotik jaitsiko ostatuetan; aurten, aldiz, aurreikuspenak %35ekoak dira, eta %50era iristea bikaina litzateke. Eta hori, prezioak merkatuz». Hark ere ez du espero nazioarteko turistarik, eta inguruko jenderengan du jarria fedea: «Uda agian salbatuko dugu. Gipuzkoan, turista bezain garrantzitsua da bisitaria, egun-pasa datorrena, bertakoa, Iparraldekoa eta Nafarroakoa. Hala ez bada, larria izango da; udan zakua bete behar da».

Espainiatik eta Frantziatik kanpoko turista gutxi etorriko dira uda honetan, eta haiekin «lan asko» egiten dute gida turistikoek. APIT Euskadi da haietako batzuk batzen dituen EAEko elkartea, eta Iratxe Muñoz da kideetako bat. Logikoa denez, oso arduratuta dago: «Gehienak langile autonomoak gara; horrekin dena esanda dago. Kalera irtetean lortzen dugu soldata. Krisi honetan sartzen lehenak izan ginen, eta tamalez, ziur aski azkenak izango gara putzutik ateratzen». Metafora grafikoa da, baina argia urrun dago: «Nazioarteko bisitariak galdu ditugu, eta, baldin badatoz, ez da irailera arte izango. Batzuk esaten dute etxeko turismoa eta Espainiako bisitariak mugituko direla. Ea horrela den, baina oraingoz ez dago mugimendurik».

Baikorragoa da Nicolas Martin, Euskal Elkargoko turismo bulegoko zuzendaria:«Erreserbak aski ongi doaz, baina ez gara aurreko urteetako zenbakietara iritsiko, eta pazko astea galduta dago». Dioenez, espazio handia duten ostatuek jaso dute eskaera gehien: etxe handiek, kanpinek, etxolek... «Ondo egingo dute lan; hotelek, aldiz, okerrago». Halere, arduratuagoa dirudi bisita lekuekin: «Larhungo trenean ehundik gora pertsona hartu ohi dituzte bidaia bakoitzeko, hor gehienez ere 30eko kopuruak izanen dira; Sarako eta Izturitzeko leizeetan 30-40 pertsonako bisitak egin ohi dituzte, eta aurten 10-15 pertsonakoak izanen dira. Gune horietan guzietan jende gutxiago hartuko dute, eta diru galerekin lan eginen dute. Onenean, irabazirik gabe».

Martinen ildotik doa Ignacio Casas ,Bilboair Loiuko aireportuaren promoziorako elkarteko burua. Argi du urte txarra izango dela azpiegituran, hegazkin konpainientzat eta turismo sektorearentzat bezala, baina konfinamendua leundu ahala baikorragoa da. Apirilean aireportuak 1.500 erabiltzaile izan zituen bakarrik, eta ondo bidean 4.500 hegaldi beharko lituzkete. Orain, aldiz, argi printzak ikusten ditu. Bihar Frankfurterako (Alemania) hegaldiak hasiko dira, eta uztailean martxan egongo dira nazioarteko hainbat hegaldi. «Halere, uda honetan Espainiarekin lotzen gaituzten konpainiek egingo dute lan gehien. Vuelingek Loiuko trafikoaren %40 antolatzen du, eta udan bolumen hori handiagoa izango da. Nazioartean erabiltzen dituen hegazkin asko Espainian ariko dira. Euskal herritarrek hara joko dugula dirudi».

Iaz, 5,9 milioi bidaiari izan ziren Loiun, eta %40 lan kontuengatik mugitu ziren. Miarritzeko aireportuan, aldiz, turismoaren pisua askoz handiagoa da. Iaz 1,06 milioi bidaiari izan zituzten —Euskal Herriko bigarrena da—; aurten, aldiz, 330.000 inguru espero dituzte bakarrik, eta diru sarrerak %68 jaitsiko dira. Didier Riche zuzendariak esana du finantza arazo «larriak» izango dituztela.

Casasek, aldiz, ez du halakorik espero. «Gurekin lan gehien egiten duten konpainiek berdin jarraituko dutela esan digute: Vuelingek, Voloteak, Air France-KLM-k, Lufthansak, Brusselsek... Hori lasaigarria da». Haren zalantza handienak konpainia jakin baten ingurukoak dira: Easyjet. «Ez dakigu ezer haiei buruz. Egoera zailean dagoela irakurri dut. Lantaldea %30 murriztuko duela entzun dut, eta agian hegaldiren bat eroriko zaigu». Bilboko aireportuko trafikoaren %5,74 mugitzen du Easyjetek.

6.000 eurotik, 600era

Uda zalantzaz betea izango da; iritzi emaile guztiek bat egin dute hor. «Ez dakit zenbat hotel irekiko diren Bilbon; erdiak baino gehiago bai, baina ez dakit zenbat. Egun lau daude irekita, eta bosgarren batek aurki irekiko du, futbol ligak behartuta», azaldu du Casasek. Ubarretxeak sumatu du Gipuzkoan ere tabernari askok ez dakitela zer egin: «Bezero artean metro eta erdiko tartea utzi behar bada... Zaila izango da baldintza horietan lan egitea. Gau giroko dantzalekuak hilda daude; 25 mahai izatetik bederatzira igaro diren jatetxeak ezagutzen ditut, eta taberna txikiak... Donostiako Alde Zaharreko taberna baten jabeak esan dit ekaineko eguraldi oneko bi egunetan 480 euroko bilketa bat eta 600eko beste bat egin duela. Iaz, egun beretan 6.000 eurokoa egin zuen».

Gidak ere zain daude, «ez dakigu zer gertatuko den», aitortu du Muñozek. Azken hiru urteak «oso onak» izan direla dio, «turismoak gora egin du, eta gida guztiak lepo ibili gara», baina koronabirusak hankaz gora utzi ditu: «Espero genuen urte ona egun batetik bestera desagertu zen. Genituen eskaera gehienak bertan behera gelditu dira, eta beste batzuek hurrengo urtera atzeratu dituzte. Alegia, ezin dugu ezer aurreikusi». Martinek ere sumatu du kezka hori: «Orokorrean, egoera biziki konplikatua da operadore eta bisita lekuentzat. Batzuek duda zuten irekiko zuten ala ez; azkenean, Frantziako Gobernuaren laguntza sistemak konbentzitu ditu».

Hegazkinak, beteta

Zalantzei segurtasun neurriak gehitu behar zaizkie. Ostalaritza lokaletan bezero kopurua murriztu dute, ez ordea hegazkinetan, eta horrek Casas lasaitu du. «Konpainiek hori eskatzen zuten, edukiera osoa. Maskararekin, gelak... baina hegazkina beteta joatea. Kontrakoa, hegazkin osoa business klasekoa bihurtzea zen. Prezioak ez dituzte igo, eta hegan egitea ez da luxuzko objektu bilakatuko». Hegazkinetan hiru minutuz behin berritzen da aire guztia, eta han kutsatzea ia ezinezkoa dela azaldu du. Eta aireportuan? Antzera. «Neurriak zehaztu behar dira, baina litekeena da bidaiariak bakarrik sartu ahal izatea terminalean. Loiun, esaterako, hirugarren solairua egokitu dugu iristen direnentzat». Era berean, ez du baztertzen bidaiari guztiei tenperatura hartzea.

Hotelei dagokienez, Bilbon irekitzen dutenek «erritmo erdian» egingo dutela uste du Diazek, eta horregatik ez dutela segurtasun neurriak betetzeko arazorik izango. «Zertarako ireki solairu guztiak jenderik ez baduzu? Gainera zerbitzuak murriztuta daude oraingoz. Gosariek ez dut ezer ikusirik buffet ikusgarriekin; askaritxoak dira gehiago». Gidek ere lan egiteko modua aldatu beharko dutela aurreratu du Muñozek: «Bi metroko distantzia gorde behar dugu, maskarak eraman,, gela... Eta kale estuak saihesteko esan digute». Hirietako parte zaharretatik ibiltzeko moduan...

Udazkenaren beldur

Udako zalantzek, baina, udazkenean jasoko dute erantzuna, eta Ubarretxena oso kezkatuta dago: «Uda ona ez bada, udazken eta negua beldurgarriak izango dira, are gehiago lantaldeari sei hilabetez eutsi behar izateko obligazioarekin. Enpresari askok erabaki beharko dute negozioarekin jarraitzea merezi duen ala ez». Ostalarien elkarteko buruak uste du plan berezi bat behar dela sektorea salbatzeko: «Azken urteetan gehien hazi den sektorea gara, eta hornitzaile asko ditugu inguruan. Industria eta turismoa elkarrekin bultzatu daitezke, eta, Azpeitia bezalako udalen bat salbuetsita, orain arteko laguntzak irrigarriak izan dira».

Casasek aitortu du ez duela hegaldi askorik galtzea espero, eta ez du uste erakunde publikoek salbuespen neurririk hartuko dutenik. «Hemen jada ez zaie dirurik ematen konpainiei. Promozioa egiten da, baina ez zaie ustiapen defizita ordaintzen. Mesede txikia egiten diet nire bezero fidelei beste bati dirua ematen badiot. Ryanair horregatik joan zen». Gidek ere estutuko dute gerrikoa. Dena den, Gipuzkoan dihardutenek aldundiaren laguntzak jaso dituzte, eta Bizkaikoa webgune plataforma bat sortzen ari da haien zerbitzuak kontratatzeko.

Ipar Euskal Herrian enpresa batzuek ateak itxiko dituztela ziurtzat jotzen du Martinek. Elkargoaren datuen arabera, 3.000 negoziok dute harremana turismoarekin, eta udazkenean erabaki zailak hartu beharko dituzte: «Bi neurri nagusi daude egoerari aurre egiteko: batetik, langabezia partzialaren dispositiboa atxikiko dute. Irabazien apaltze handi bat badute, langile batzuk gelditzeko aukera izanen dute, eta egitura independenteentzako diru laguntzak ere atxikiko dituzte. Tamalez, baina, hainbatek ez dute iraunen».

Hotel bat ixtea, baina, negozio txiki bat ixtea baino zailagoa da, eta Diazek horregatik ez du triskantzarik espero Bilbon. «Ez dut uste inor eroriko denik, ezta bidean dauden egitasmo horietakoren bat ere». Egun, bederatzi hotel berri eraikitzen ari dira Bilbon. Ez ixteak, baina, ez du esan nahi kolpea hartuko ez dutenik. Diazek argi azaldu du zein den aurtengo testuingurua: «Ez ditut kontuak ikusi, baina guzti-guztiek izango dituzte galerak. Bakar batek ere ez du parra egingo 2020an, argi dut. Urtarrilean eta otsailean guztiok ditugu galerak, eta gero, burua altxatzeko garaia hastean, itxi egin behar izan genuen. Orain uda kaskarra dator, eta gero, mugarik gabe ireki ahal izango dugunerako, azaroa eta abendua. Alegia, berriz ere galtzera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Whatsapp da adinduek <em>smartphone</em>-an gehien darabilten aplikazioa. ©BERRIA

ZIMURRAK LABIRINTO DIGITALEAN

Xabier Martin

Bizimodua errazteko iritsi dena buruhauste galanta ematen ari zaie adinean sartutako askori. Eraldaketa digitalak arrakala handia sortu du adinekoen eta gainontzeko populazioaren artean. Pandemiak azkartu egin du enpresek eta administrazioak martxan duten prozesua, eta bazterrean geratzen ari dira pertsona asko.
 ©UOC

«Gaitasun digitalik ez izateak uzten zaitu atzean, ez adinekoa izateak»

Xabier Martin

Adinarekin lotutako arrakala digitala ukaezina dela azaldu du Fernandez-Ardevolek, baina garbi utzita adinekoek ere ikas dezaketela komunikatzeko teknologia berriak erabiltzen.
Lanbideren bulego bat Gasteizen, konfinamendua arintzeko fasean, iazko udan. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Burokrazia, are gehiago trabatuta

Aitor Biain

Eraldaketa digitalak eremu pribatua ez ezik arlo publikoa ere aldarazi du, aurrez aurreko arreta zerbitzuaren ordez bide telematikoa sustatzen ari baitira administrazioak. Oztopo ugari izaten dituzte askok bide horretan.
El Rubius, autografoak sinatzen. ©QUIQUE GARCIA / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna