Lehengo lepotik burua

Amaia Arruti, Nadet Arrizabalaga, Iñaki Marizkurrena
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Abenduaren 10ean Gipuzkoako Aldundiko ehunka langile bildu zituen azken Langileen Asanblada Orokorrak. Instituzio honetako patronala bere burua zuritzeko erabiltzen ari den desnegoziazio mahaitik altxatu ginela jakinarazi genuen gehiengo sindikala osatzen dugun LAB eta ELA sindikatuok eta, bide batez, CCOO eta Bazkuna sindikatuei ere deia luzatu genien, mahaitik altxa eta borrokatzera etor zitezen.

LABen borondatea beti izan da, aldundiko langileen ordezkari nagusia den heinean, langile horien eskubideen berdintasuna lortzeko adostasunetara iristea. Horregatik joan izan gara hileroko «negoziazio» bilera guztietara, eta baita luze jo zuen hitzarmen kolektiboaren inguruko lanketara ere. Baina aurreko gobernuarekin gertatu zitzaigun moduan, oraingoan ere gobernu honek lehengo lepotik burua.Joan den 2019ko maiatzean hitzarmenaren negoziazio mahaitik ere altxatu behar izan genuen, mahai hura hitzarmena parte sindikalarekin negoziatzeko eta adosteko baino gehiago, beraien irizpideak inposatzeko soilik erabiltzen ari zirelako. Sindikatu guztien iritziaren kontra, alde bakarrez onartu zen funtzionarioen lan baldintzen araudia. Gainera, funtzionario eta lan kontratudunen arteko desberdintasunak bideratu ziren. Diskriminazioa ardatz.

Legealdi berriaren lehen egunetik hasi gara lan gatazkentzat irtenbideez gain, langileon eskaerei bide emateko aldarrikatzen. Horrela egin genuen Batzar Nagusiak sortu ziren egunean eta baita Gobernantzako Diputatu berriarekin bildu ginenean ere. Orain, hilabete batzuk beranduago eta beraien Lan Hitzarmena inposatu ondoren, lan baldintzen araua ere ez dela negoziatuko esan digute eta, izatekotan, ohiko negoziazio bileretan hitz egingo dela gaiaz baldin eta beraiek horretarako beharra ikusten badute. Bestela ez. Horrelakoa da elkarrizketa eta akordioaren txapeldunak omen direnek eskaintzen duten desnegoziazio prozesua.

Guk maiatzean eskatu genuen gauza bera aldarrikatzen jarraitzen dugu, inposizioaren bidea ixtea eta adostasunerako atea zabaltzea. Izan ere, nahi duten guztia nahi duten moduan inposatzeko, ez dute gure beharrik, eta ez diogu jarrera horri inolako zilegitasunik emango gure presentziarekin. Argi dago EAJk eta PSEk erabiltzen duten politika beraien interesak babesteko marketin hutsa dela. Horrelakoa da beren bide orria.

Eta aldundian gertatzen dena ez da kasualitatea, zerbitzu publikoetarako eredu jakin baten emaitza da. Horregatik, urrian LABek eta ELAk aldundi aurrean enplegu politika eskasa salatzeko prentsaurrekoa eman genuen. Aldundiak autobonboa egin eta behin-behinekotasuna kronifikatzen duela salatzeko. Egun berean, Eusko Jaurlaritzan, salaketa berdina egin zuten sindikatuek. Jaurlaritxapuza kanpainarekin. Han ere behin-behineko langileen kopurua %50 ingurukoa delako.

Markel Olanok Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldean bihurtu nahi duela dio, eta, horretarako, besteak beste, politikarien soldata izugarriak gehiago igotzea erabaki du, aldundiarentzat lan egiten duten azpikontratetako langileen lanordua 4,52 eurotan uztenduen bitartean. Azala behar du diputatu nagusiak horrela aritzeko. Nahikoa ez, eta orain indarrean dugun pentsioen sistema publikoa suntsitu nahi dute, pentsio plan pribatuen mesedetan. Zerbitzu publikoak merkantilizatzen eta suntsitzen ari dira eta, bitartean, langile publikoak eman behar dituzten zerbitzuak azpikontratatzen jarraitzen dute. Kilometroz kilometro gure bidezainek eman beharreko zerbitzua azpikontratatzen ari dira, gure egoitzetako lanpostuak merke saltzen dituzte, egiturazko lanpostuak programa bidez betetzen jarraitzen duten bitartean.

Gauzak horrela, ebidentea da LABen proiektuaren eta EAJ-PSEren proiektuaren artean gatazka antagonikoa dagoela. Kapitalaren aurrean guk bizitza erdigunean jartzen dugun bitartean, beraiek etekina jartzen dute. Guk langileen eskubideak defendatzenditugun bitartean, beraiek enpresa eta bankaren interesak defendatzen dituzte. Guk pentsio publikoak defendatzen dugu bitartean, beraiek pentsio pribatuen fondoak defendatzen dituzte. Guk enplegu publikoa eta duina defendatzen dugun bitartean, beraiek prekaritatea defendatzen dute. Langile mugimenduaren historia luzeak argi erakusten du langileok irabazi izan ditugun hobekuntza guztiak borrokaren bidez eskuratuak izan ditugula, eta etorkizunean ere horrela izango dela erakusten digu euskal oasiak.

Horregatik, urtarrilaren 30ean euskal herriko eragile sozialek eta gehiengo sindikalak deituriko greba orokorra egiteko langileok mila arrazoi ditugula uste dugu. Gure ekarpena Aldundiko langileak ere Greba Orokorraren alde mugitzea eta kaleratzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.