Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Biharamunean

Kristina Berasain, Tristan
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Amaitu da Munduko Futbol Kopa. Biharamunean, baina, ahaztu egin zaizkigu polemikak. Beti bezala jarraituko dugu, gatazkaz eta gerraz betetako eskualde batean gertatzen den guztiarekiko axolagabe.

Aukera paregabea galdu dugu basakerien harira baloia gerarazi eta giza eskubideekin lerratzeko. Qatargateauzia lehertu da jokalariak zelaian zeuden bitartean, eta partida baten eta bestearen artean jakin dugu milaka lagun atxilotzen ari zirela Iranen. Herrialde horrek 1979tik izandako protestarik sutsuenak bizi ditu Mahsa Amini gazte kurdua hil zutenetik.

Israelek 34 haur palestinar hil ditu aurten. Eta Yemenen, garai guztietako gerrarik ahaztuena bizi dute. Aurki bederatzi urte beteko dira Saudi Arabiak Iranen eta Qatarren babesa duten huthien aurkako gerra hasi zuenetik. 233.000 lagun hil dituzte.II. Mundu Gerraz geroztik izandako giza krisirik larriena da.

Hemendik lau urtera, beste hitzordu bat izango dugu futbolarekin. Hurrengo Kopa hiru herrialdetan jokatuko da, lehenengo aldiz; hala nola Ameriketako Estatu Batuetan. Oraingoan ez dugu hautagaitza auzitan jarri, eta litekeena da giza eskubideen urraketez zutaberik ez idaztea, ametsen eta askatasunen herrialde demokratiko horren atzerri politika ankerra ez kritikatzea,

Christopher Kelly eta Stuart Laycock ikerlariek argitaratu berri duten liburuaren arabera, AEBek 84 herrialdetan egin dituzte inbasioak edo bonbardaketak.

Auskalo nola egongo den mundua 2026an; bitartean, hipokrisia ari du. Waqif azoka hemen geratuko da, kurkuma eta kardamomo usaina duten kalexka laberintikoekin, eta gu galdetuz nola irabazi borroka desesperantzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.