Haizetik bizi ala iraun

Alain Ulazia
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Gaztetan Solomoto bakarrik irakurri eta makina bat gurpil erre usain zabaldutako lagun batek behin esan zidan haizeak zein indar izango duen bada gasolinarekin alderatuta: «Horrekin etxaok kotxeik mobitzeik, ta haiziak nola mobitxuko jok ba industria!». Ustezko ahuldade hedatu horren harira, esperimentu mental txiki bat egin dezagun: hiru hegoko ohiko haize errota baten ardatzaren bueltan soka bat lotuz gero polea erara, haizearen indarrak sokatik zintzilikatutako zenbat autokarabana altxatu ahalko lituzke? Egungo hegoak 100 metrorainokoak direla aintzat hartuta, 8 m/s haizeaz 20 bira/minututan jiraka, eta autokarabana txiki batek batez beste 2.500 kg pisatzen dituenez, aerodinamikak hau dio metro bateko erradiodun ardatzaren bueltatik tiraka: 100 autokarabana. Kerik eta CO2-rik bota gabe. Harrigarriagoa, haize potentziaren kuboaren legeak haize abiada bikoiztuz gero kantitate hori zortzi aldiz haziko litzatekeela ziurtatzen digu: 800 autokarabana. Haize bizien mugan (25 m/s) 3.000 autokarabana.

Autokarabanan Auñamendietara doaz euskaldun batzuk asteburuan nuklearrik ez pegatinak ihes-hoditik ateratzen den kea usaintzen duen bitartean. Bidean aurrera mendilerro honetan edo bestean egingo duten parke eolikoa kritikatzen dute. Irudi kontraesankorra da hori, 70eko hamarkadako Danimarkako mugimendu hippie eta ekologistarekin konparatzen badugu, antzeko furgonetetan eta gisako pegatinekin atonduak. Izan ere, ordudanik haize errota mugimendu ekologistaren ikurretako bat da han. Hemen, nuklearrari ezetz da ikur, baina zein energia iturriri esaten diogu baietz?

Petrolio krisi gogorraren harira piztu zen Danimarkan haize energiaren ikerketa eta industria. Daramaten martxan hamar urte baino lehen behar duten energia guztia batez ere haizetik aterako dute. Bertatik bertara energia garbia atera bakarrik ez, energia eolikoaren industriak eta horretan duten ezagutza eta garapenak hainbat etekin ematen dizkie munduan zehar. Sakonera txikiko itsas eremu zabalak kostatik gertu eskuragarri izateak ematen die abantaila izugarria, haize jarraitua, indartsua eta zurrunbilo gabea baitaukate eskura egitura flotanteak eraiki beharrik gabe.

Baina, abantailak abantaila, aipatzekoa eta ikasbide bikaina da energia eolikoaren garapenean parte hartze komunitarioak, udalek eta kooperatibek Danimarkan izan zuten garrantzia. Petrolioa putzuetan eta eremu geografiko gutxi batzuetan batzen den energia dentsitate handiko iturria da, kontrol geopolitiko militarra ezartzen duena da haren jabe. Aldiz, haizea eta eguzkia energia dentsitate txikiekin eremu zabaletan barreiatzen dira, ekonomia komunitarioagoa ezartzeko ahalbide argiaz.

Hori ebidentea da, eguzki eta haize megaproiektu zenbaitek espekulazio pribatua eta diru laguntza publikoetan ustelkeria bilatuko duten arren. Geroz eta enkante arau zorrotzagoak ezarri dira hori ekiditeko, baina ezingo da ekidin handinahikeria haize erroten aldeko iritzi sozial pasibo edo gidatu batekin, lekuan lekuko parte hartze komunitario zuzenik gabe. Parte hartze horrek ziurtatuko luke haizetik bizitzea, eta ez aldaketa klimatikoak hurrengo zer dakarren begira irautea; edo ez irautea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.