Donostiako 67. Zinemaldia

Neil Jordan zuzendari irlandarra izango da Sail Ofizialeko epaimahaiburua

Pablo Cruzek, Lisabi Fridellek, Barbara Lenniek, Mercedes Moranek eta Katriel Schoryk osatuko dute Urrezko Maskorra aukeratuko duen epaimahaia

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduraduna, atzo, aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Donostiako 67. Zinemaldia hasteko bi aste falta diren honetan, antolatzaileek atzo egin zuten aurkezpen ofiziala, Donostiako Maria Cristina hotelean. Programazioa zehaztuta eta Donostia sariak zeintzuek jasoko duten jakinda —Penelope Cruz eta Donald Sutherland aktoreek eta Costa-Gavras zinemagileak—, jaialdiaren sailetako epaimahaien kideak zein izango diren jakitea besterik ez zen falta, eta atzo eman zuten haien berri. Neil Jordan zinemagile irlandarra izango da Sail Ofizialeko epaimahaiburua, eta ondoan izango ditu Pablo Cruz —Cesar Chavez (2007), Las elegidas (2015)— eta Katriel Schory —Beyond The Walls (1984)— ekoizleak; Barbara Lennie — Magical Girl (2014), Una especie de familia (2016)— eta Mercedes Moran —La cienaga (2001), Luna de Avellaneda (2003), Neruda (2016)— aktoreak; eta Lisabi Fridell argazki-zuzendaria —Something Must Break (2014), Stupid Young Heart (2018)—.

Neil Jordanek (Rosses Pont, Irlanda, 1950) 1980ko hamarkadaren hasieran egin zituen prestigioa eman zioten lehen filmak. 1982an zuzendu zuen Angel (Danny Boy), eta jarraian iritsi ziren In Company of Wolves (1984), Txanogorritxoren ipuinaren bertsio laudatua, eta Mona Lisa (1986). Azken horrekin, Bob Hoskinsek aktore onenaren saria lortu zuen Cannesko zinemaldian, baita Oscar sarietarako hautagaitza ere. 1992an, Irlandako gatazkan girotutako The Crying Game zuzendu zuen, eta gidoi onenaren Oscar saria eskuratu zuen; eta 1996an, Urrezko Lehoia eskuratu zuen Veneziako zinemaldian, Michael Collins filmarekin: Irlandaren independentziako heroiari buruzkoa da filma. Hurrengo urtean Berlinen saritu zuten, The Butcher Boy-ri esker, eta beste hainbat film ere egin ditu: Interview with the Vampire (1994), In Dreams (1999), The Good Thief (2002) —Donostiako Zinemaldian lehiatu zen—, Byzantium (2012), Greta (2018)...

Urrezko Maskorraren eta gainerako sari ofizialen irabazleak aukeratzea izango da epaimahaiaren betebeharra, eta guztira hamazazpi filmen artean egin beharko dute hautaketa. Roger Michellen Blackbird-ekin hasiko da lehiaketa, hilaren 20an, eta hurrengo zazpi egunetan, besteak beste, Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztuko dituzte Das Vorspiel (Ina Weisse), La trinchera infinita (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Josemari Goenaga), Pacificado (Paxton Winters), Patrick (Gonçalo Waddington), Rocks (Sarah Gavron), The Other Lamb (Malgorzata Szumowska) eta Zeroville (James Franco).

Gainerako sailetako epaimahaietako kideen izenak ere atzo eman zituen zinemaldiak; horien artean, euskal zinemaren Irizar saria emango duen epaimahaikoak. Pello Gutierrez Zazpi T'erdi sormen kolektiboaren sortzaile eta ekoizlea izango da epaimahaiburua, eta Sara Hernandez Tabakalerako ikus-entzunezkoen programaren koordinatzaileak eta Eider Rodriguez idazleak osatuko dute epaimahaia.

Garaien lekuko

Donostiako 67. Zinemaldia hilaren 20tik 28ra egingo da, eta, Rebordinosek adierazi zuenez, «urteko uzta onenaren» lagin adierazgarria eskainiko du. Horrekin batera, zinemaldia «guztiona» izanda, nabarmendu zuen ezin duela «aukera politiko baten alde» egin; horrek, ordea, ez du esan nahi, zinemaldiaren zuzendariaren iritziz, gizartean gertatzen denari ez dionik begiratu behar: «Zinemaldiak ezin ditu bazterrean utzi» bizi ditugun garaien erronkak. Hain zuzen ere, haren iritziz, zinema jaialdi bat bada bidegabekeriak salatzeko espazio bat: «Horregatik, Donostiako Zinemaldiak gai ezinbesteko batzuen alde egiten du; giza eskubideen eta ingurumenaren alde, adibidez». Zinemaldian izango diren bi film dokumental ekarri zituen gogora, horren adibide: Sanctuary, Antartikoari buruzko lana; eta La ola verde, Argentinan abortua legeztatzeko egiten ari diren borroka jasotzen duen filma: «Etorriko diren belaunaldientzat planeta zaintzea denon ardura da; eta gizarte aske bateko hiritar guztien helburua izan behar du emakumeek eskubidea izateak erabakiak hartzeko amatasunari edo kalitatezko osasun sistema batean abortatzeari buruz».

Bestalde, Donostiako Zinemaldiak orain dela urte asko galdutako ohitura bat berreskuratuko du aurten: jaialdiaren azken egunean «film sorpresa» bat ematea. Rebordinosek aurreratu zuenez, bere lantaldea lanean ari da zinemaldian beste sorpresa batzuk ere egon daitezen.

Alfonbra gorrira

Zinemaldiko alfonbra gorria nork zapalduko duen izaten da, garai honetan, publikoaren galdera nagusia, eta, oraindik izen batzuk baieztatzeko dituzten arren, antolatzaileek jada iragarri dituzte Donostian izango diren hainbat aktoreren izenak: Javier Bardem (Sanctuary, Emanaldi berezia), Laetitia Casta (Le milieu de l'horizon, Zuzendari Berriak), Ricardo Darin (La odisea de los giles, Sail Ofiziala), Anais Demoustier (Alice et le maire, Perlak), Gael Garcia Bernal (Chicuarotes, Horizontes Latinos; Ema, Perlak; eta Wasp Network, Donostia Sariaren emanaldia), Valeria Golino (Adults in the Room, Donostia sariaren emanaldia), Nina Hoss (Das Vorspiel/ The Audition, Sail Ofiziala), Reda Kateb (Hors normes, Perlak), Catherine McCormack (The Song of Names, Sail Ofiziala), Sam Neill (Blackbird, Sail Ofiziala), Tim Roth (The Song of Names, Sail Ofiziala) eta Kristen Stewart (Seberg, Perlak).

Era berean, Sail Ofizialean lehiatuko direnez gain, beste hainbat zinemagile ere izango dira Donostian: Benedict Andrews (Seberg, Perlak), Darren Aronofsky (Pacificado filmaren ekoizlea), Olivier Assayas (Wasp Network, Donostia sariaren emanaldia), Kantemir Balagov (Beanpole, Perlak), Bertrand Bonello (Zombie Child, Zabaltegi-Tabakalera), Andres di Tella (Ficción privada, Zabaltegi-Tabakalera), Alan Elliot (Amazing Grace, Perlak), Ciro Guerra (Waiting for the Barbarians, Perlak), Oliver Laxe (O que arde, Perlak), Ken Loach (Sorry We Missed You, Perlak), Hirokazu Koreeda (La verité, Perlak), Ladj Ly (Les Misérables, Perlak), Takashi Miike (Hatsukoi / First Love, Zabaltegi - Tabakalera), Olivier Nakache eta Eric Toledano (Hors normes, Perlak), eta Nicholas Parisier (Alice et le maire, Perlak), besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.