urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Fikzio falta Kimuetan

2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Duela 22 urte, munduaren beste puntan nintzela, bidaiari japoniar batek Alex de la Iglesiaren lehen bi pelikulak oso gogokoak zituela komentatu zidan. Zoritxarrez, Euskal Herritik ateratzen ari ziren zinemagile gehienak gaztelaniaz ari ziren filmak egiten. 1997. urtea zen, eta Koldo Almandozek Razielen itzulera film laburra estreinatu zuen Zabaltegin —sailean eman zuten euskarazko lehen labu-rra—. Kimuak egitasmoko lehen sortan sartu zen hurrengo urtean. Almandozenarekin batera, Asier Altunaren eta Telmo Esnalen Txotx ere sartu zen Kimuetan.

Garai hartan, nahiz eta katalogoan askotariko lanak egon, istorio bat kontatzen zuten fikziozko film labur dezente izaten ziren. Planteamendu bat, garapen bat, eta errematea. Kasu askotan, bertso onek izaten duten azken errima, graziazkoa.

Bestelakoa da gaur egungo egoera. Ez-fikziozko film laburrak ari dira gailentzen. Aurtengo sortan, Moriartikoen Mateoren ama da fikziozko lan bakarra. Ipar Poloko irudiekin, Xabi Payaren olerki luze bat da Artiko. Tarragonako (Herrialde Katalanak) Francisco Franco Lanbide Unibertsitatearen zuri-beltzezko bidaia bat da Labo. Sierra Leonako espetxe bateko krudelkeria da El Infierno. Extremadurako (Espainia) herrixka bateko igerileku baten kostunbrismoa da Leyenda dorada. Erronkariko haurren ahotsarekin batera, ahots gozo batek xuxurlatzen du bi hartz eme daudela Nafarroako Pirinioetan, eta horixe da Medvedek edo Hartza. Animaziozko bitxikeria oso berezia da, aldiz, Lursaguak.

Proposamen interesgarriak dira guztiak. Agian, ez guztiak bata bestearen jarraian irenstekoak. Edonola ere, faltan botatzen dira Mateoren ama-ren estiloko gehiago egotea. Moriartitarren lan hori Iban Zalduaren narrazio batean dago oinarrituta. Ondo irakurtzen asmatuz gero, euskal literaturak ematen du film labur asko egiteko.

Kimuak egitasmoaz asko eztabaida daiteke, eta eztabaida gai bat fikzioaren presentzia urria izan daiteke. Kimuen proiekzioaren ostean, garagardo batekin topatu nuen eztabaida. Ematen du gehiagorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.