urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Zer jan, nola mintza

2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Iñaki Artetaren Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio dokumentala ikusita, Axpeko (Bizkaia) Etxebarri erretegira joateko gogoa ematen du. Baina, tira, prezioa: 180 euro, edariak aparte. Hemezortzi aldiz merkeago bazkaldu daiteke Gros auzoko Pandoran, giro euskaldun paregabean.

Izan ere, luxuzko jatetxeetako sukaldarien lana mespretxatzen jarri gabe, oso adierazgarria da Gazta dokumentalean gertatzen dena: euskaraz moldatzen diren arren, gaztelaniaz mintzatzen dira bertan Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Karlos Argiñano. Ez zen izan Mikel Urretabizkaia zuzendariaren hautua: sukaldariek beraiek erabaki dute zein hizkuntza erabili Idiazabalgo gaztaren bertuteak goraipatzeko. ETBko produktu estandar bat baino ez da dokumentala; droneko irudi asko, Xabier Euzkitzeren off-eko ahotsa, eta forma aldetik ezusteko gutxi. Artzainekin bestelako lanketa bat egin zitekeen irudi aldetik, baina aukera ez da baliatua izan. Sukaldarien hizkuntza hautua zein izan den ikusita, ETBk eman dezala gaztelaniazko katean. Euzkitzeri gaztelaniazko azpidatziak jartzearekin nahikoa da.

Askoz ere formatu laburragoan, Igor Arabaolazak asmatu egin du Zer jan, hura izan lanarekin. Hamabost minutu nahikoak izan ditu baserritarren eta sukaldarien arteko harremana aztertzeko. Fina da film laburra; ondo harilkatzen dira elkarrizketetako zatiak. Iragarkietan eta bideoklipetan Arabaolazak izandako esperientzia agerian gelditzen da. Benetako mamia alboratu gabe. Eta Culinary Zinema saileko hiru ekoizpenen artean gomendagarriena da Zer jan, hura izan.

Gaur Arzak jatetxean bazkalduko dute sail desberdinetako epaimahaietako kideek. Ea ez duten betekadarik janarekin edo edanarekin. Iluntzean sariak banatu behar dituzte eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.