Zinema. Gomendioak

Plataformez harago, ekosistema aberats baten bila

Ertzetatik bada ere, etxeko zinemak bestelako proposamenekin gozatzeko aukera ematen du. Dokumentalak eta historia oinarri duten filmak ikus daitezke, besteak beste

Miren Amuriza bertsolaria, Asier Altunaren Bertsolari dokumentalaren irudi batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Euskal sortzaileen greba amaituta, etxealdiko garai honek aukera paregabea eskaintzen du kulturarekin dugun harremanaz hausnartzeko. Horren barruan, interesgarria litzateke mozorro ugariko kultur kolonialismoari erreparatzea. Egia esatera, zinema ez da horretaz aritzeko adierazpiderik eredugarriena, sorreratik beretik oso lotuta egon baita kolonialismo ideologikoari eta ekonomikoari. Gainera, egoera hori are gehiago larriagotzen ari da joera berriekin, tartean plataforma digitalak. Hori jakinda ere, saia gaitezen arbola garaiek ezkutatzen dutena ikusten: ekosistema oso bat, askoz ere aberatsagoa eta osasungarriagoa dena, generikoki, kulturalki, ideologikoki eta linguistikoki.

'Bertsolari'
Non ikusi: liburutegi publikoetako eFilm plataforma, Filmin.
Hizkuntza: euskaraz ikusgai.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zen dokumental horren bitartez, bertsolaritzarako hurbilketa poetiko bat proposatu zuen Asier Altuna zuzendariak. Filmak hainbat ertzi erreparatzen die: Andoni Egañaren gogoetak txapelketa prestatzen ari den bitartean, inprobisazioak sortzen ahal duen bertigoa, bertso eskolen garapena eta funtzioa, bertsolaritzaren nazioarteko sona...

Kultur adierazpide horren garapena eta egungo hedapena ulertzen laguntzen du filmak, testigantza askoren eta irudi iradokitzaileen bitartez.

'The Ballad of Buster Scruggs'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: ez dago euskaraz ikusgai.

Coen anaiek orain arte egin duten azken filma izan da; eta zuzenean estreinatu zen plataforma batean, aretoetatik pasatu gabe. Ez da coendarrek egin duten lanik onena; dena den, txikian bada ere, merezi du, dohain handiak baititu western berezi honek.

Sei istorio laburretan dago egituratuta The Ballad of Buster Scruggs; horien bitartez, urre bilatzaileak, komunitate erlijiosoak eta bestelako pertsonaiak eta egoera xelebreak ezagutzeko aukera dago. Aparteko aipamena merezi du Tom Waits musikariak duen parte hartzeak.

'Berri ona'
Non ikusi: Eitb.eus (Zinema Euskaraz).
Hizkuntza: euskaraz ikusgai.

Marino Aierra apaizak 36ko gerran bizitako esperientziak bildu zituen liburu zirraragarri batean, eta horretan oinarritu zen haren iloba, Helena Taberna zinemagilea, filma egiteko. Hala ere, kokapena zertxobait mozorrotu zuen, liburuko Altsasu alegiazko Altzania bihurtu baitzen. Berez, filmeko pasarte nagusiak Leitzan filmatuta daude.

Unax Ugalde eta Barbara Goenaga ditu protagonista nagusi filmak. Miguel apaiz gaztea sozialistek agintzen duten herri txiki batera bidaliko dute, eta, gerra hasten denean, mota guztietako ankerkerien berri izanen du. Era berean, Margari herriko maistrarekin adiskidantza hasiko du apaizak.

'Phantom Boy'
Non ikusi: liburutegi publikoetako eFilm plataforma, Filmin.
Hizkuntza: euskaraz ikusgai.

Japonia edo AEBetatik ailegatu ohi diren animazio ohiko moldearen aldean, askotan bestelako tonua izan ohi du Europan egindakoak, eta hori eskertzeko modukoa izaten da. Horren adibideetako bat da orain dela bost urte estreinatu zen Phantom Boy film frantziarra.

Pop estilo berezi batean emana dago, eta Alex izeneko polizia bat du protagonista. Pertsonaia misteriotsu baten bila ari dela, Leo gaztea ezagutuko du ospitale batean. Laster jakinen du Leok ahalmen harrigarriak dituela, hala nola paretak zeharkatzekoa.

'Sugar Manen bila'
Non ikusi: Argia.eus (multimedia kanala).
Hizkuntza: euskaraz ikusgai.

2012. urteko ezustekorik handienetakoa izan zen Sugar Manen bila musika dokumentala; arrakasta komertzial itzela eskuratzeaz gain, sari garrantzitsuak lortu zituen, horien artean urte horretako dokumental onenaren Oscar saria. Malik Bendjelloul zuzendariari, ordea, arrakasta horrek ez omen zion lagundu, eta handik bi urtera bere buruaz beste egin zuen.

Filmak Sixto Rodriguez musikariaren istorio harrigarria kontatzen du: 60ko hamarkadan AEBetan hainbat disko grabatu, baina apenas izan zuten oihartzunik. Haren musika, ordea, ikur bihurtu zen Hegoafrikan, herrialdea apartheiden mende zegoen garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.