Zinema gomendioak

Euskal zinema eta zinema euskaraz, sarean sakabanatuta

Plataforma bateratu baten faltan, gaurko eta atzoko filmak bilatzeak pazientzia eskatzen du. Hala ere, badaude filmak euskaraz ikusteko aukera batzuk

Alberto Gorritiberearen Arriya filmeko eszena bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Etxealdiak azken urteotan euskal zinemak egin duen ibilbide oparo eta mirarigarria errepasatzeko balio ahal digu. Topikoak apurtuz, genero eta gaien aldetik ugaritasuna eta hizkuntzaren erabilera naturala aurkituko ditu gutxieneko jakingura duen ikusleak. Labur nahiz luze, komedia edo drama, corpus txiki bat bada, eta igarotako urteek ikusmira zabalago bat izaten laguntzen dute.

Horren ifrentzua ezaguna da: erdaretan ez bezala, egun ez da taxuzko streaming plataformarik euskal zinemaren begirada osotu eta txukun bat eskainiko duenik; are gutxiago munduko zinemak euskarara ekarriko duenik.

Egitasmo txalogarriak badira ere, beste behin ere gaizki eta berandu ari dira horren ardura izan beharko luketen erakunde publikoak. Internet mundurako leihoa omen da, baina modu horretan nekez lehiatzerik dago Netflix, Disney eta enparauen kolonizazioarekin.

'Arriya'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema Euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Bi film luze zuzendu ditu Alberto Gorritibereak: Eutsi komedia izan zen estreinakoa, eta sei urte geroago etorri zen Arriya, koska bat gorago zegoen lana. Izan ere, euskal zinemaren bolada berriaren barruan oharkabe samar pasatu zen filma, baina berrikustea merezi du, bertute ugari baititu.

Istorio itxuraz klasikoa da; familien arteko liskarrak eta horien barruan gazteenen bestelako sentimenduak. Testuinguru horretan, inguruko giro bortitz eta itogarria nagusituko da, sesio zaharretan nor baino nor gehiago katramilatuta segituko dute nagusiek, eta apustu baten bitartez konpondu nahiko dituzte ezinikusiak.

'Ni naiz Ali'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Pop kulturaren ikono moduko bat bilakaturik, Mohamed Ali iragan mendeko zenbait borrokaren katalizatzailea izan zen: inperialismoaren eta gerraren kontrakoa zein afro-amerikarren askatasunen eta eskubideen aldekoa, besteak beste.

Horiek horrela, zinema ere askotan gerturatu da boxeolari horren ibilbidera: batzuetan, fikzioaren bitartez —Michael Mannen Ali da adibiderik ezagunena—; beste askotan, berriz, dokumentalaren generoa baliaturik.

Azken horien artean dago 2014. urtean Clare Lewinsek zuzendu zuen I am Ali hau. Kirolarien artxibo pertsonaletik erabilitako material ikusi gabeak eta bere ingurukoen testigantzek osatzen dute egitura klasikoko dokumental interesgarri hau.

'80 egunean'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok elkarrekin egin zuten lehen fikziozko lan luze hau mugarri bat izan da euskal zinema garaikidean, eta gerora etorri den ibilbide oparoaren zimendu.

Ezohikoa zen gai bati heltzeaz gain, filma formalki ere bide-urratzailea izan zen. Arrakasta handia izan zuen, eta euskal zinema eta komertzialtasuna kontzeptu kontrajarriak ez direla egiaztatzeko balio izan zuen.

Axun adineko pertsona bat da, eta senarra gaixorik du ospitalean. Hara egiten dituen bisitaldietan Maite nerabezaroko lagun minarekin eginen du topo, eta galdutako adiskidantza berreskuratuko dute. Laster, bestelako sentimenduak loratuko dira.

'Okja'
Non ikusi: Netflixen.
Hizkuntza: Ez da euskaraz.

Gisaengchung arrakastatsua eta saritua bilakatu baino lehen, Bong Joon-hok fantasiazko film harrigarri hau egin zuen. Alfonso Cuaron Roma-rekin gertatu zen moduan, filma zuzenean plataforma batean estreinatu zen, eta ez zinema aretoetan; horrek polemika handia eragin zuen, besteak beste Canneseko zinemaldian. Koreako herrixka batean gaztetxo batek txerri erraldoi baten zaintza du bere ardurapean; bere lagun kuttuna da Okja izeneko txerria. Baina multinazional handi batek interes handia du txerriarengan, erosi eta New Yorkera eramatea erabakiko du. Zuzendariak ohi duenez, umore absurdoa eta egungo gizartearen kritika zorrotza biltzen ditu film gomendagarri honek.

'The Gruffalo'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Garai batean bezala, berez bi film labur biltzen dira eskaintza honetan: 2009ko The Gruffalo eta bi urte geroagoko The Gruffalo's Child. Biak ala biak animazio filmak dira, eta lehena animazio film labur onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen. Julia Donaldson idazlearen ipuin arrakastatsuetan oinarrituta daude filmok. Protagonista animalia bitxia da, grufalo arraza ezezagunetakoa. Sagu goseti bat basoan barneratuko da zer janen bila, eta han hainbat animaliarekin eginen du topo, tartean grufalo bitxiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.