Noiz sortua: 2020-05-23 00:30:00

Zinema gomendioak

Koronabirusak eraman zuena

Astelehenetik aurrera, bigarren fasera igaroko da Hego Euskal Herria, eta, horren arabera, zinema aretoak irekitzen ahal dituzte. Baina ez dute izango programazioa zerekin bete
Telmo Esnalen <em>Dantza</em> filmeko eszena bat.
Telmo Esnalen Dantza filmeko eszena bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gontzal Agote -

2020ko maiatzak 23

Aretoak noiz irekiko dituzten, eta normaltasun berriak zer-nolako eragina izanen duen. Horra hor zinemazale askok azkenaldi honetan buruan dituzten galdera nagusiak. Denbora luzez ez dute erantzun errazik izan; orain ere, gauzak zertxobait argiago badira ere, inkognita gehiegi daude dantzan.

Izan ere, teorian Hego Euskal Herrian deskonfinamenduko bigarren fasera pasatzearekin batera, zinema aretoak zabaltzen ahalko dira; segurtasun neurrien eraginez, edukiera mugatuarekin, jakina.

Afera da zerekin, eta norentzat. Kontua da Bartzelona eta Madril aurreko fase batean egonda banatzaileek ez dutela muntako estreinaldirik programatuko, bi hiri horiek baitira merkatu nagusiak eurentzat, ikus-entzuleen zein oihartzunaren aldetik. Eta horietan zinemak itxita badaude, gainerakoek jai izango dute.

Horiek horrela, teoriak bestelakoa badio ere, litekeena da aretoek itxita segitzea, eta oraindik aste batzuk itxaron behar izatea normaltasun berria bertatik bertara ezagutu ahal izan arte.

'Dantza'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Euskal zinema garaikideak utzi digun azken(-aurreko) harribitxia da Telmo Esnalen film sailkaezina. 2018an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, eta, han izan zuen harrera beroaren ostean, zinema aretoetan ibilbide arrakastatsua egin zuen. Berez, pantaila handian gozatzeko esperientzia da Dantza filma, baina gaur egungo egoerak horretarako aukerarik ez du ematen, eta sikiera etxean berreskuratzen ahal dugu.

Izenburuak argi uzten du zein den filmaren gai nagusia, baina, kasu, euskal dantzen gaineko dokumental antropologikoa espero duenak ez du halakorik aurkituko Esnalen zintan. Zentzumenekin gozatzeko bidaia iradokitzaile bat proposatzen baitu filmak.

'El Hoyo'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz.

Azken urteotako euskal filmik arrakastatsuena bihurtzeko bidean da Galder Gaztelu-Urrutiaren distopia. Sitgeseko zinemaldi entzutetsuan filmik onenaren saria lortu izanak ate ugari ireki zizkion, eta, aretoetan dezente ongi funtzionatu ostean, online plataforman, etxealdiko gertakarietako bat izan da, mundu osoko ikusleen arreta bereganatu duena.

Alegiazko etorkizun bat proposatzen du filmak, plataforma bat da agertokia, eta hainbat mailatan banatuta dago. Bina pertsona bakoitzean, eta jana banatzeko modu berezia. Istorio horren atzean, egungo gizartearen portaera batzuen gaineko hausnarketa garratza dago El hoyo-n.

'Munduaren bira, doan'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema Euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Estreinatu zenetik hamaika urte pasatu diren honetan, interesgarria da euskal animazio film hau berriro ere ikustea (edo, bestela, lehen aldiz deskubritzea). Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak zuzendu zuten filma, Unai Iturriaga eta Edorta Barruetabueñaren gidoi baten gainean.

Finean, Jules Vernek idatzi zuen liburu ezagunaren berrirakurketa berria da filma. Phileas Foggek egin zuen moduan, lagun talde batek ere munduari buelta eman nahiko dio, baina, hark ez bezala, batere dirurik gastatu gabe egiten ahaleginduko dira protagonistak.

'Armstrongen gezurra'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Lance Armstrong txirrindulariaen ibilbide tranpatiak zinemaren arreta ere piztu du, eta, azken urteotan, kirolari horren inguruan hainbat film egin dira. Batetik, Stephen Frearsek 2015ean egin zuen The Program film fikziozkoa dago, eta, bestetik, zenbait dokumental. Horietako bat da Alex Gibney eskarmentudunak 2013an zuzendu zuen hau.

Berez, hasierako asmoa zen Lance Armstrongen zortzigarren tourraren garaipena filmatzea. 2009. urtean gertatu behar zuen horrek, baina istorioa okertu, eta beste bide bat hartu zuen. 2013an, Armstrongen iruzurra ezagutarazi zenean, hasten da dokumental argigarri hau.

'Gure oroitzapenak'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman, EITB.eus (Zinema Euskaraz), Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Apustu arriskutsua da film kolektibo bat egitea, ia gehienetan emaitza gorabeheratsua izaten delako. Halaxe gertatzen da film honetan ere, baina proiektuak dituen bestelako alderdi interesgarriek balio dute hasierako bekatua orekatzeko.

Batetik, egungo euskal zinemaren lagin bat ematen duelako filmak. Proiektuan hamabi zinemagilek parte hartu zuten, eta horien artean izan ziren Oskar Alegria, Maider Oleaga, Asier Altuna eta Ane Muñoz, bakar batzuk aipatzearren.

Joseba Sarrionandiaren unibertso iheskorraren inguruko hurbilpen bat da, eta Iurretako (Bizkaia) idazlearen lan askotarikoari dimentsio berria eransten dio.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Rafael Bengoa, sendagilea eta Osasun eta Kontsumoko sailburu ohia. OMEn egiten du lan gaur. ©Gorka Rubio / Foku

Rafael Bengoa: «Hildakorik ez dela egon esatera ateratzeak nahasmen handia sor dezake»

Berria

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi Rafael Bengoak «inprobisazioa» salatu du Financial Times aldizkariari eginiko adierazpenetan. Osasunaren Mundu Erakundean ari da lanean Bengoa.

Elkarrizketa: Ana Galarraga eta Miren Basaras

«Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den»

Jakes Goikoetxea

Asko dakite SARS-CoV-2 birusari eta COVID-19aren izurriteari buruz, baina, asko jakinda ere, zuhurtziaz jokatzen dute, ez baitakite zer gertatuko den epe laburrean eta luzera begira.

Behobiako zubia, Irun eta Hendaia artean, itxita. ©Andoni Canellada / Foku

Ekainaren 22an zabalduko dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga

Jon O. Urain

Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak eman du dataren berri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna