Albistea entzun

Zinema gomendioak

Autoa hartzea da aukera

Ohiko aretoek itxita segitzen duten bitartean, Euskal Herriko bigarren auto zinema ireki dute, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian. Asteko egun guztietan izango dira filmak ikusgai
Aste honetan jarri dute martxan Iruñeko Nafarroa Arena pabiloiko auto zinema.
Aste honetan jarri dute martxan Iruñeko Nafarroa Arena pabiloiko auto zinema. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gontzal Agote -

2020ko maiatzak 30

Hurrengo fasean sartuta dago Hego Euskal Herria, eta, zinemari dagokionez behintzat, nobedade handirik ez du ekarri egoera berriak. Aretoek edukiera mugatuarekin irekitzeko aukera izan arren, itxita segitzen dute, eta oraingoz ez dago aurreikusita horiek zabaltzeko datarik. Ipar Euskal Herrian ere, antzekoa da egoera; zinema aretoak itxita, eta nobedadeen zain.

Bien bitartean, AEBetako ohiturek segitzen dute gurean errotzen. Oraingoan, auto zinemen moldean. Getxon (Bizkaia) jada existitzen zen gisa horretako zinema eremu bat, aire zabalean, eta orain berria zabaldu dute gurean, behin-behinean, antza. Iruñeko Nafarroa Arenan ireki dute auto zinema hori; itxia da, eta programazio komertzial samarrarekin hornitu dute, gainera. Datorren astean, esaterako, egunero bi emanaldi programatu dituzte.

Hori da, oraingoz, normaltasun berriak zinemaren eremuan etxetik kanpo ekarri digun berritasunik handiena.

'Asfaltoa'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema Euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Iragan mendeko 90eko hamarkadan, Euskal Herrian egiten zen erdarazko zinemak zuzendari interesgarri baten berri izan zuen: Daniel Calparsoro. Salto al vacio bere lehen filma kolpe moduko bat izan zen, aire berria ekarri baitzuen istorioaren, paisaiaren zein estetikaren aldetik. Maila berera ailegatu ez bazen ere, ondorengo Pasajes filmak ere elementu interesgarri ugari biltzen zituen.

Zoritxarrez, gerora oso bestelako bidea segitu du Calparsorok, eta bere filmografia gainbeheran joan dela esan daiteke, ia amiltzeraino. Asfaltoa bere laugarren film luzea izan zen, eta oraindik hastapeneko zinemagilearen arrasto batzuk topatzen ahal dira drama sozial honetan.

'Vivarium'
Non ikusi: Rakuten, Movistar.
Hizkuntza: Ez da euskaraz.

Itxura guztien arabera, aretoetan bide komertzial polita egiteko hautagai ona zen distopia irlandar hau. Baina tartean koronabirusa agertu da, eta, horren ondorioz, etxeetako itxialdi luzea. Hori dela eta, zuzenean plataformetarako bidea egin behar izan du Vivarium filmak. Dena den, horretan ere dezenteko oihartzuna lortzen ari dela esan daiteke, etxealdiaren nolabaiteko metafora bihurtu baita Black Mirror telesailaren alabatzat hartu izan den lan hau.

Gazte askoren moduan, Gemma eta Tomek etxe bat erostea dute amets. Horren bila ari direnean, etxe agentzia bitxi batean sartuko da bikotea. Bertan, amestutako etxea aginduko diete, eta hori ikustera abiatuko dira.

'Loreak'
Non ikusi: Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Euskal zinemaren historia laburrean zenbait mugarri nabarmentzen ahal dira, eta dudarik gabe hau horietako bat da. 2014an Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta, bertatik esku hutsik joan bazen ere, hortik aurrera ibilbide oparoa egin zuen Euskal Herrian eta atzerrian.

Istorio gurutzatuen film bat da Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena, horien atzean hiru emakumeren bizipenak daude: Lore sortak jasotzen hasiko den Anerena, Lourdesena eta Tererena. Sentimenduen eta gauza txikien gaineko film ahaztezina.

'Arian komandantea'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Testua.

Zerocalcareren Kobane Calling ezinbestekoa euskaraz irakurtzeko aukera zabaldu zaigu berriki, eta irakurgai hori dokumental honekin konbinatzeak oso koktel zirraragarria ekarriko du. Izan ere, Alba Sotorraren filma ere Siriako gerran dago girotuta, eta Kobane askatzeko borrokaren berri ematen du.

Hain zuzen, Arian komandanteak gidatzen duen emakumezkoen batailoia segituko du zuzendariak. Estatu Islamikoaren esku zegoen Kobane hiria askatzea zuten xede. Testuinguru horretan, komandantearen kemenak beste borroka batzuk bilduko ditu.

'Katu bat Parisen'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Annecyko zinemaldiaren altzoan, animazio industria txiki bezain interesgarria garatu da Frantzian. Film hau horren adibide da; haurrekin ikusteko modukoa da, baina helduek ere gozatuko dute katuaren gorabeherekin. Orain dela hamar urte estreinatu zenean, filmak hainbat sari jaso zituen, eta animazio film onenaren Oscarrerako hautagaia ere izan zen.

Dino katuak bi bizimodu oso desberdin ditu; egunez senar onaren planta egiten du, eta gauez Nico lagunarekin teilatuz teilatu abiatzen da, lapurretara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...