Iraia Garcia
Zientzia. ARGI ALDIAN

Immunitatea eta X kromosoma

2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
COVID-19ak ez ditu ondorio berak emakumeetan eta gizonetan. Infekzio-tasak antzekoak izan arren, gizonen ospitalizazio arriskua emakumeona baino %20 inguru altuagoa da, eta, behin ospitalean, gizonezkoek ZIUan sartzeko eta hiltzeko arrisku handiagoa dute. Hala ere, gertaera horrek ez ditu ikertzaileak harritu. Izan ere, jakina da emakumeek birusen eta bestelako patogenoen aurrean erantzun immune indartsuagoak garatzen dituztela: hasierako momentuan aktibatzen den sistema immune innatoa azkarragoa edukitzeaz gain, aurrerago martxan jartzen den erantzun immune adaptatiboa efizienteagoa ere erakusten dute. Immunitate sistema indartsu horren eraginez, emakumeek gizonek baino babes handiagoa garatzen dute gripearen kontrako txertoa hartu ondoren, eta GIB birusa duten gizonek kutsatutako emakumeek baino birus karga handiagoa izan ohi dute.

Desberdintasun nabari horien azalpen bat eman zuen pasa den urtean Herbehereetan egindako ikerketa batek. COVID-19 larriarekin infektatutako anaia gazte batzuen genomak aztertzean, TLR7 genearen sekuentzian akatsak aurkitu zituzten. TLR7 genea birusa gorputzean sartu dela detektatzeko beharrezkoa da, eta X kromosoman kokatuta dago. Jakina denez, emakumeok X kromosomaren bi kopia dauzkagu (bata amarengandik eta besta aitarengandik jasoak), baina gizonek amarengandik jasotako X kromosoma bakarra daukate (aitarengandik datorren Y kromosoma txiki batekin batera). Emakumeek, dosi genikoa egokia dela bermatzeko, X kromosomaren kopia bat ausaz inaktibatzen dute, zelula batzuetan amatiarra eta besteetan aitatiarra. Beraz, X kromosomako geneetako batean akatsen bat egotekotan, TLR7an adibidez, nolabait zuzendu liteke, emakumeen zelula guztiek ez baitute kaltetutako kopia erabiliko birusen sarrera atzemateko orduan. Herbehereetako anaia horiek, ordea, beren X kromosoma bakarrean kokatutako TLR7 genea zeukaten kaltetuta, eta horrek COVID-19 infekzio larriagoa eragin zuen. Martxoan eLife aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, TLR7 genearen akatsak COVID-19 larria pairatzen duten gizonen %2tan ageri dira.

Tamalez, emakumeen immunitate sistema indartsuagoak badauka bere alde txarra ere. Gaixotasun autoimmuneen kasuan, adibidez, gaixoen %80 inguru emakumeak dira. Gaitz horiek organismoak bere buruarekiko tolerantzia apurtzen duenean garatzen dira, eta ziurrenik lupusa da gaitz autoimmunerik ospetsuena, House telesailean sarri aipatzen zena. Azal, artikulazio, giltzurrun, bihotz, birika eta nerbio-sistemari kalte egiten dion gaixotasun hori pairatzen duten hamar lagunetatik bederatziemakumeak dira. Eta badirudi kasu horretan ere X kromosomaren inaktibazioak, edo hobeto esanda, inaktibaziorik ezak, rol garrantzitsua jokatzen duela. Izan ere, jakina da X kromosoman kokatutako gene mordo batek inaktibaziotik ihes egiten duela, eta horietako asko immunitatearekin erlazionatuta daude. Horren harira, Pennsylvaniako ikerketa talde batek egindako ikerketa baten arabera, lupusa pairatzen zuten emakumeen T linfozitoetan sistema immuneko zelula garrantzitsu batzuetan X kromosomaren inaktibaziorik ezarekin erlazionatutako geneetan adierazpen aldaketak atzeman zituzten. Ikusi beharra dago orain ea gertaera hori lupusean soilik ala beste gaixotasun autoimmuneetan ere gertatzen den. Galdera horri erantzuteak lupusaren eta beste gaixotasun autoimmuneen aurkako terapiak garatzen lagundu dezake.

Azterlan horietatik zera ikasdezakegu: sexu biologikoak berebiziko garrantzia daukala gaixotasun batzuen kasuan, eta hobe dugula kontuan hartzea tratamendu egokiak ezarri nahi baldin baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.