Euskal presoak. Parisko mobilizazioa

Frantziari deia, Paristik

Euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespenezko neurriak» ken ditzala eskatzeko, 11.000 herritar elkartu dira hiriburuan. Gobernuaren engaiamendua «ezinbesteko» pausotzat dute bakea eratzeko. Bideoa albiste bukaeran. 

Manifestazioaren amaiera, atzo, Parisko Vauban plazan. MARISO RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Euskal presoen gaian urratsak egiteko eskaera Frantziako hiriburura eraman dute milaka lagunek. 11.000 herritar bildu ziren atzo Parisen, Bakea Euskal Herrian: orain presoak lelopean. Euskal Herrian bake «justu eta iraunkor» bat eratzeko gatazkaren ondorioak konpontzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten, Frantziako eta Espainiako gobernuek urratsak egin ditzatela irmo eskatuz.

Lerro luzea osatu zuen mobilizazioak. Pankarta nagusiaren gibelean eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariak joan ziren. Han ziren, besteak beste, Vincent Bru (Martxan), Florence Lasserre (Martxan), eta Jean Lassalle Ipar Euskal Herriko diputatuak, eta Max Brisson (LR) eta Frederique Espagnac (PS) senatariak, Luzien Betbeder auzapezen biltzarreko presidentea, Txiki Muñoz eta Garbiñe Aranburu ELA eta LABeko idazkari nagusiak, eta EH Bai eta EH Bilduko ordezkaritza zabalak. Frantziako eragileetako ordezkariak ere batu ziren mobilizaziora: Emmanuel Cosse Berdeetako idazkari nagusia eta Ugo Bernalicis Frantzia Intsumisoko diputatua, eta Benoit Hamon Frantziako PSko presidentegai izandakoa, besteak beste. Horien gibeletik euskal presoen senideak joan ziren «Etxean nahi ditugu!» pankarta zeramatela, eta, ondoren, azken egunetan Frantziako espetxeen biran parte hartu dutenak. Azkenik, herritar andana, giroa berotzeko ardura zuen kontzertu kamioiaren atzetik. Fermin Muguruza, eta Zebda taldeko Mouss eta Hakim entzun ahal izan ziren, besteak beste.

Vauban plazan bukatu zen manifestazioa, eta han hartu zuen hitza Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. Gaur arte gertatutakoaren errepaso bat egin zuen, Aieteko adierazpenetik hasita. «Egun horretatik Espainiako eta Frantziako gobernuek atxiki duten isiltasuna irain bat izan da guretzat». Armagabetze egunetik zortzi hilabetera, «presoen estatusaren gaia» konpontzea jarri zuen lehentasun gisa, eta «onartezintzat» jo zituen gaur egun ezartzen zaizkien «salbuespenezko» neurriak. «Euskal Herriko bake prozesuak ezin du segitu Frantziako Gobernuaren engaiamendu formalik gabe», adierazi zuen, eta baieztatu zuen Euskal Elkargoko indar politiko guziek «aho batez» babesten dituztela Parisen plazaratutako eskaerak.

Fabienne Servan Schreiber zinegileak hartu zuen ondoren hitza. Azken urteetan «isilpean» lagundu duten gizarte zibileko kide gisa aurkeztu zuen Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak. «Parisek kaosa ezagutu du berriki, askatasunaren etsaien ekintza barbaroek kausatua. Baina horren aurrean, kontzientzia kolektibo bat eratu da, askatasun, anaitasun eta bake balioei atxikia». Atzoko mobilizazioa balio «unibertsal» horietan oinarritu zuen. «Gehiegi iraun duen eta hainbeste sufrimendu eragin duen gatazka baten konponbidearen alde, Euskal Herrian egindako indarrei gure babesa erakusteko». Adierazi zuen garaia dela bake «justu eta iraunkor» bat ezartzeko: «Ukaezina da urrats handiak egin direla: bada sei urte armak isildu direla; arma horiek ez dira gehiago erabilgarri, eta gudariak Ipar Euskal Herriko gizarte zibil osoak babesten duen bake prozesuan engaiatuak dira». Frantziako eta Espainiako autoritateei dei egin zien, erantzun bat eman diezaieten Euskal Herriko gizarte zibil eta politikoak euskal preso politikoen arloan egiten dituen «eskaera zilegiei».

Euskal presoen senideek ere izan zuten beren lekua. Joana Haranburuk salatu zuen konponbidearen eta bakearen alde «urrats anitz» egin badira ere presoentzat eta haien familientzat ez dela «ezer» aldatu. Txistor Haranbururen alaba da; 1990ean atxilotu zuten, eta 27 urte daramatza preso. Euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespenezko» neurriak deitoratu zituen: «Gure larruazalean jasaten dugu oraindik, duela hiru hamarkada bezala, eta horrek ondorio suntsitzaileak ditu».

Iraganetik geroa eraiki

Gainerako hizlariak bezala, Frantziako Gobernuari urratsak eskatzeko mintzatu zen Michel Tubiana LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidente eta bakegilea. Gauzak aitzinatu direla erran zuen, baina «gutxiegi eta polikiegi», haren iduriko. «Elkarrizketa eremu bat sortu da. Baina hitzek zentzua dute baldin eta ekintzak eragiten badituzte». Salatu zuen gaur egun euskal presoei ezartzen zaizkien neurriak «bestelako bortizkeria bat» direla. «Justiziari mendeku usaina dario», erran zuen. «Preso direnei beren ekintzak onartzeaz gain besterik eskatzea iritzien kontrako epaiketa da, sorgin ehiza. Etorkizuna iraganean iltzatzea ukatzen dugu, baina ezer ez da posible izanen iragan hori konpontzen ez badugu. Ezer gorde gabe, bizitako sufrimenduak errespetatuz, eta gertatu dena kontatuz: nahiz eta horrek traba dezakeen, nahiz eta iraganarekiko bakoitzak dituen ikuspegiak eta analisiak kontraerrankorrak izan». Lanean segitzeko engaiamendua erakutsi zuen: «Zuen presentzia lekuko da, ez dugu nehor abandonatuko».

Mixel Berhokoirigoin bakegileak eman zion amaiera ekitaldiari. «Bakearen eraikitzea gatazkaren ondorioen tratatzea da», adierazi zuen, eta hark ere urratsak eskatu zizkien Frantziako eta Espainiako gobernuei. «Egiazko bakea guziak irabazle diren bakea da». Urtarrilaren 12an Bilbon eginen den manifestazioan parte hartzera dei egin zuen: «Bakearen haizea haize bera baita ipar eta hegoan». Bideoa: Parisko manifestazioa (Argazki Press). 

[youtube]https://youtu.be/IdYLCRpl_IU[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.