Plastiko hondakinak. Arazo orokor bat

PLASTIKOAK ITO BEHARREAN

1950eko hamarkadaren erdialdean plastikoaren ekoizpena industriala hasi zenetik, erabilera areagotu baino ez da egin urtero. Hondakinen kudeaketa mundu mailako arazo larria da egun, eta herrialde aberastuetara ere iritsi da haren eragina, Txinak mugatu egin baitu plastiko hondakinen inportazioa.

PLASTIKOAK ITO BEHARREAN.
inaki petxarroman
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak, Europako Batasunak eta sona handiko beste hainbat nazioarteko erakundek ohartarazi dute, martxa honi eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egongo dela itsasoan. Hori arazoaren parte bat baino ez da. Plastikoa egungo gizartearen ekoizpen eta kontsumo sistemaren ezinbesteko osagaia bihurtu da, eta plastikozko hondakinen kudeaketa buruhauste handia ingurumenarentzat. 1950eko hamarkadan industrialki erabiltzen hasi zenetik, 8.300 milioi tona baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako ekoizpena 34.000 milioi tonaraino iritsiko da.

Munduko herrialde aberastuen kontsumo masiboaren ezinbesteko tresna da, oso malgua baita, eta askotariko erabilerak ditu. Alabaina, herrialde horiek orain arte Txina behar izan dute plastiko hondakin horiek gainetik kentzeko. Aurten, baina, Txinak eten egin du hainbat plastikozko hondakin inportazioa, eta horrek ataka estuan jarri ditu Europako Batasuna, Ameriketako Estatu Batuak, Japonia, Kanada eta beste zenbait herrialde. Jona den urtera arte, Txinak 7,3 milioi tona hondakin plastiko inportatu zituen. Europako Batzordeak gogoeta bati ekin dio plastikoa ekonomia zirkularrean nola kudeatu erabakitzeko, eta oinarri duen txostenean aitortu egin du Txinarako esportazioekin izan duen menpekotasuna, hondakin plastikoaren erdiak herrialde horretara bidali baititu orain arte.

Zer egingo du hemendik aurrera? Hiru aukera ikusten ditu Antton Lete industria ingeniariak: «Ate hori itxita, eta merkatuak ez duenez onartuko edo ez duenez ahalmenik izango diru baten truke hondakin horiek hartzeko, beste bide batzuk bilatuko ditu: zabortegiak, errauste plantak edo zementerak. Edo beste estolda batzuk aurkitu munduan».

Bat dator ikuspegi horrekin Julio Barea, Espainiako Greenpeaceko hondakinen saileko arduraduna: «Segur aski, Txina bezalako beste bat bilatuko dute, kudeaketa sisteman aldaketa garrantzitsu bat egin beharko bailitzateke gauzak ondo egiteko». Izatez, ari dira jadanik, Txinara egiten zuten moduan, beste herrialde batzuetara plastikoak bidaltzen; besteak beste, Turkiara, Indiara, Malaysiara, Vietnamera eta Thailandiara.

Birziklatze tasa txikia

Europako Batzordeak agindu dubidea prest utzi nahi duela 2030erako ekoitziko diren plastiko guztiak birziklagarriak izateko. Orain arte, plastikoen heren bat baino ez da gaika biltzen Europako 28 estatuetan. Beste bi herenak zabortegira edo erraustera eramaten dituzte.

Izatez, hainbat plastiko mota daude, eta horrek zaildu egiten du birziklatzeko prozesua. Itsaso Barbarias EHUko Ingeniaritza Kimikoko irakasleak honela azaldu du kontua: «Plastiko mota asko daude, eta, bakoitzaren osaera eta izaera desberdina denez, ezin daitezke produktu bera lortzeko erabili, edo planta berean modu berean tratatu. Adibidez: PVCak kloroa dauka; beraz, zaila da horrekin lan egitea, toxikoak eta korrosiboak diren HCl edota Cl2 sortu daitezkeelako». Hori dela eta, plastikoak birziklatzen direnean sailkatu egiten dira haien nolakoaren arabera, eta sailkatze horrek handitu egiten du birziklatzearen kostua.

Azken finean arazoa ekonomikoa dela gaineratu du: «Edukiontzi horira botatzen diren plastikoak egoki eta era iraunkorrean birziklatzeko, sailkatu egin behar dira plastiko motaren arabera, eta kudeaketa horrek kostua asko handitzen du».

Plastikoaren jatorria petrolioan dago; plastikoak ekoizteko prozesua petrolioa fintzetik sortzen den osagaietako batekin hasten da, naftarekin. Nafta osagai kimiko ezberdinekin (pigmentu eta gehigarriak) nahastu eta hainbat plastiko mota sortzen dira; nagusiki, zazpi: 1- PET (polietileno tereftalato); 2- HDPE (dentsitate handiko polietilenoa); 3- LDPE (dentsitate txikiko polietilenoa); 4- PVC (polibinil kloruroa); 5- PP (polipropilenoa); 6- PS (poliestirenoa); 7- Besteak.

Hainbeste plastiko daudenez, plastikoak produktu konplexua dira, eta haietako asko birziklatzeko saretik kanpo geratzen dira. Izatez, PETa da birziklatzen errazena, eta gehien birziklatzen dena (ur eta edari botilak, ontziak...); hau da, ontzi arinen edukiontzi horian dauden plastiko gehienak.

Letek nabarmendu du birziklatze prozesua konplexua dela, baina gaineratu du arazoa ez dela hor bukatzen. Funtsean, «merkatu arazo bat» ere ikusten du horren oinarrian: «Ez gara gai birziklatutako plastikoak plastiko berriak baino merkeago ekoizteko. Gainera, badago tartea petroliotik datozen gaiak merkatzeko, eta plastikoa birziklatzeko industrian inbertitzeak arrisku dezente sortzen ditu inbertitzaileentzat».

Datuekin azaltzearren: petrolio litroak 0,32 euro balio du. Polimeroen prezioa, berriz, kiloko 1,5 euro da. Inbertitzaileak alde handia ikusten du bi prezio horien artean, eta segurura jotzen du: «Baliteke noizbait norbait inbertsioak egitera ausartzea, baina, petrolioaren prezioa jaisten bada, eta, horrekin batera, plastikoa egiteko erabiltzen den lehengaia merkatu, bada, ezin ditu bere produktu birziklatuak merkatuan sartu».

Europako Batasunak aitortu du hor esku hartu behar duela, egun Europako Batasunean kontsumitzen den plastiko guztien %6 bakarrik baitira birziklatutakoak.

Adituek uste dute hainbat estrategia behar direla plastiko birziklatuen merkatua indartzeko. Batetik, ikerketan sakondu behar da. Barbarias: «Ekonomikoki bideragarriak diren teknologiak garatu behar dira, eta horretarako ezinbestekoa da laborategietan egiten den ikerkuntza bultzatzea. Hiru erronka ikusten ditut hor: lehenengoa, plastiko mota desberdinak modu berean tratatzeko prozesuak garatzea da nagusia, eskala handian lan egiteko; bigarrena, prozesu horiek ekonomikoki bideragarriak izatea; eta, hirugarrena, ingurumena errespetatzea».

Ikerketan sakontzeko beharra ez ezik, Letek neurri tekniko eta fiskalen beharra ere nabarmendu du. Esaterako, mikroplastikoen erabilera «arautu» edo «debekatu» beharra ikusten du. Mikroplastikoak oso zailak dira kudeatzen, kremetan eta beste produktu askotan nahasitako mikropartikulak direlako, eta, urarekin nahastuta, sarritan itsasora iristen direlako. Bestetik, hondakinen bilketa hobetzeko beharra dagoela uste du: «Edukiontzien diseinua egokitu behar da, eta hori oso inportantea da plastikoa modu errazean sailkatzeko, gero birziklatu ahal izateko». Horrez gain, kalitatearen gaineko araudia findu behar dela iruditzen zaio, produktu birziklatuen inguruko zalantzak uxatzeko. Europako Batzordeak asmoa du gai hori lantzeko: «Plastiko birziklatuen eta klasifikatuen kalitate arauak egiteko, industriarekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu».

Letek ezinbestekotzat jotzen du hori: «Arautu egin behar da zer parametro fisiko-kimikotan egon behar duen plastiko birziklatuak, merkatuan sartu ahal izateko. Izan ere, hor ere beldur bat dago kalitatearen inguruan; hau da, ea elikagai industriarako balio duten, esate baterako».

Azkenik, «oso neurri inportante bat» eskatu du : «Plastikoaren ekoizpena zergaz zamatu behar da. Botere publikoek merkatu librean eragin behar dute; bestela, arau bakarra eskaera eta eskaintza izango da, eta, hala den artean, birziklatutako plastikoa ez da merkatuan sartuko».

Ekoizpena trabatu

Gutxitu, murriztu eta berrerabili. Ekologistek pentsatzen dute plastiko hondakinetan ere praktikara ekarri behar dela hondakinen kudeaketako hiru r-en —ingelesezko hitzengatik— teoria. Greenpeacek Hego Euskal Herrian eta Espainian indarrean dagoen sistema kritikatu du, «oso eskasa» delakoan. Hiri hondakinei dagokienez, ekoizten denaren heren bat soilik jasotzen da gaika Hego Euskal Herrian. Beste bi herenak erraustu eta zabortegietara botatzen dira. Datu bat eman du Bareak, arazoaren tamaina erakusteko: «Espainian, 50 milioi ontzi ekoizten dira egunero edaritarako, eta 30 milioi ez dira ez berrerabiltzen ez birziklatzen; zabortegira edo erraustegietara joaten dira».

Zergatik? Ekoizleek legearen salbuespen bati heldu diotelako. Izan ere, legeak dio edari eta jateko produktuak merkaturatzen dituztenek produktu horien kudeaketa euren gain hartu behar dutela. Zer egin dute? Ecoembes enpresa sortu; hark ontzi arin bakoitzeko diru kopuru txiki bat ordaintzen dio sistemari, gero erakundeek beren gain har dezaten hura jasotzeko erantzukizuna. Udalek, mankomunitateek edo kontsortzioek ontzi arinak jaso ostean, Ecoembesi saltzen diote material hori, prezioa adostuta. Horren ondoren, tratamendu instalazioetara eramaten dute. Kontua da sistemak hutsune asko dituela, besteak beste ontzi arin gehienak birziklatzetik kanpo uzten dituelako, gainerako zaborrarekin nahasita biltzen baita. Greenpeacek ontziak itzultzeko sistema bat eskatu du egoera hori zuzentzeko: «Halako sistema bat ezarriko balitz, egun batetik bestera lata, botila, brik eta gainerakoen %95 gainetik kenduko genituzke, bat-batean 15-20 zentimo balioko luketelako». Halako sistemak martxan daude, adibidez, Alemanian eta Norvegian, eta ontzien %98 birziklatzea lortu dute bietan.

Eta zergatik ez da halakorik jarri martxan, esate baterako, Hego Euskal Herrian? Barea: «Sektorearen presio itzela dagoelako. Guk 2011ko hondakinen [Espainiako] legean hori eskatu genuen, eta ekoizleek, supermerkatuek eta hedadura handiko saltzaileek presio itzela egin zuten, ez dutelako nahi euren gain hartu euren hondakinen kudeaketa».

Erraustea, «merkeagoa»

Gehienbat petrolioa denez, botere kalorifiko handiko erregaia izan daiteke plastikoa. Besteak beste horregatik, munduko plastikoen heren batek erraustuta amaitzen du. Horrek, jakina, ingurumen arazo handiak eragin ditu. Letek hala azaldu du kontua: «Plastikoa erretzeak ordezkatzen ditu petroliotik datozen erregai batzuk. Oso gutxik ordaintzen dute plastikoa birziklatzeko; orduan zer gertatzen da? Etekin ekonomiko bat atera nahi baduzu, norbaitek agian ordaindu ere egingo dizu, errausteko». Hori egin du Txinak oraintsu arte. Baina horrek ingurumen arazo latzak eragin ditu han. «Jakina, ingurumenari dagokionez, plastiko ezberdinak daude, osagai ezberdinekin, pigmentu eta gehigarriekin, kutsatzaileak direnak eta oso kutsatzaileak direnak».

Barbariasek aitortu du merkeago ateratzen dela plastikoak erraustea birziklatzea baino, baina arazoak ere ikusten ditu: «Merkeenak ez du zertan hoberena izan behar. Munduan gero eta gutxiago errausten da; izan ere, gaur egun iraganean baino kontzientzia sozial handiagoa daukagu, eta produktuak ekoiztean, diruari begiratzeaz gain, ingurumenean sortzen diren kalteei ere garrantzi handiagoa ematen diegu. Erraustegiak egungo arazoarentzat irtenbideetako bat izan daitezke, baina etorkizunera begira beste bide batzuk landu behar dira».

Ildo horretan, hondakin plastikoak erabiliz hidrogenoa sortzeko modu bat ikertu zuen tesian. «Birziklatzeko erabili ohi diren metodoen artean, guk laborategian birziklapen kimikoa erabili dugu; hau da, plastikoa osatzen duten osagai guztiak aprobetxatu nahi izan ditugu, hidrogenoa sortuz. Era honetako teknologiek plastiko hondakinen kudeaketa iraunkorragoa izaten lagundu dezakete».

Oraingoz, teknologia horiek ez dira erabiltzen, haren ustez «urrats handiak» behar direlako «errentagarri» izateko. Baina etorkizunean hor ikusten du bidea: «Ikerkuntzan inbertitzea ezinbestekoa da. Hondakinak ondo sailkatuz gero, eta behar bezalako teknologia erabiliz, produktu interesgarri asko lor daitezke; ez bakarrik hidrogenoa, plastiko berriak egiteko edota petrokimikaren alorrean erabiltzeko lehengai interesgarri asko ere bai; olefinak adibidez». Oraingoz, plastikoak birziklatzeko modurik ohikoena, ordea, ez da kimikoa, mekanikoa baizik. Plastikoa txikitu, garbitu eta galautsa sortzen da. Ondoren, urtu, eta itxura berria ematen zaio plastikoari.

Birziklatutako plastikoekin dozenaka produktu egin daitezke: boltsak, sokak, hariak, jantziak, botilak, tutuak, altzairuak, hesiak, eraikuntzako materialak... Azken finean, zabortegira edo erraustera bidaltzeak balio handiko materialak alferrik galtzea dakar, ingurumenean sortzen duten kalteaz gainera. «Plastikoak, izatez, birziklagarriak dira», dio Bareak: «Kontua da sistemak ez dituela jasotzen. Ekoizpena murriztu behar da, eta ekoitzitakoak berrerabili. Ezin dugu baliabideak xahutzen jarraitu. Erraustea, gainera, ezin da aukeratzat jo; sistemarik ez eraginkorrena, kutsatzaileena eta xahutzaileena da. Gainera, ekonomikoki hamarkada askotarako lotura handia dakar herrialdeentzat».

Letek uste du ezin dela orain arte bezala jarraitu: «Arazoa agenda politikoan sartu behar da; herritarrek pausoak eman dituzte kontzientziazioan, baina sistema hankamotz geratu da, ez baitago irtenbide argirik birziklatze zirkuituan plastiko horiek berriz sartzeko». Europaren proposamenetan «asmo onak» ikusten baditu ere, haren iritziz asmoak ez dira nahikoak tamaina honetako arazo bati aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.