Ruandako genozidioak 25 urte. Paul Kagame

Ruanda, bere irudira

Genozidioa bukatu zuen erasoaldia zuzendu zuen Paul Kagame lider tutsiak. 2000. urtetik presidentea da. Garapen ikusgarria izan du herrialdeak haren agintepean, baina kritika anitz jaso ditu.

mikel rodriguez
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Mende honetan Arikan eraldaketa handiena eduki duen herrialdea izan da Ruanda. Eraldaketa horrek arkitekto bat izan du, estratega bat: Paul Kagame. Lider matxino ohiak 2000. urtean hartu zuen presidentetza, asmo bisionarioekin. Epe luzerako Ruanda bat diseinatu zuen, hiru oinarri nagusirekin: identitate batasuna, garapen ekonomikoa, eta helburuak manu militari betearaziko zituen arrakalarik gabeko aginte bat. Genozidioaren 25. urteurrena oroituko dute aurtengo apirilaren 7an, Kigalin, eta hitzaldi nagusia emanen duen presidentea 2000tik dagoen berbera izanen da. 2015eko konstituzio erreformaren ondoren, 2034ra arte agintzeko aukera du, Ruanda bere irudira diseinatzen jarraitzeko.

RPF Ruandako Fronte Abertzalearen matxinada urteetan, estratega militar eraginkor gisa nabarmendu zen Kagame lider tutsia. Hark zuzendu zuen genozidioa bukatu zuen erasoaldia. «Ohikoa ez den adimen diziplinatua dauka», adierazi zion Romeo Dallaire NBEren kasko urdinek Ruandan zuten buruzagiak The New York Times-i 1994an, Kagameri buruz galdetuta.

1990eko hamarkadaren bukaerako urteetan, presidenteorde eta Defentsa ministro gisa, armada berrantolatzeaz eta segurtasun publikoa berrezartzeaz arduratu zen. Kongoko Errepublika Demokratikoko gerretan birritan esku hartu zuen —1996an eta 1998an—, han errefuxiatu ziren hutuen miliziak Ruandako segurtasun nazionalarentzat mehatxu bat zirela argudiatuta. Kanpaina haietan ez zituzten milizianoak soilik hil, ordea, eta Ruandaren lehengai esportazioak nabarmen igo ziren urte horietan, diamanteena barne, nahiz eta harribitxi horren meatzerik ez eduki herrialdean.

Estratega politikoa 2000. urtean ezagutarazi zen. Parlamentuak babesa kendu zion Pasteur Bizimungu presidenteari, eta Kagame paratu zuen haren ordez. Vision 2020 programa abiarazteko tenorea ailegatu zen. Kagamek programa horretan bildu zituen Ruandak hogei urteren buruan erdietsi beharreko helburuak. Presidentetzara ailegatu zenerako, haren aditu talde bat Asia ekialdeko garapen ereduak ikertzen ibilia zen, bereziki Singapurren Lee Kuan Yew buruzagiak ezarri zuena. «Lee Kwan Yewk Singapur eta hango herria eraldatu ditu. Hori da Ruandan egiten ari garena», adierazi zion Kagamek Jeune Afrique aldizkariari 2015ean, Lee zendu berri zela.

Datuak alde ditu presidenteak. NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Kagamek boterea hartu zuenetik Ruandako ekonomia %7 handitu da urtero batez bertze: Afrikan parekorik ez duen hazkundea —1985etik genozidiora arte, urteko %2koa zen—. Munduko Bankuaren arabera, berriz, 1990eko hamarkadatik bi heren apaldu da haurren jaiotzetiko heriotza tasa, eta lehen hezkuntzako eskolaratzea ia unibertsala da. Erakunde horrek 2014an zioen pobrezian bizi ziren herritarren ehunekoa %39 zela; 1990ean, gerra zibilaren hasieran, %78 zen. Ruandako Gobernuaren datuen arabera, 2017an sektore ekonomiko nagusia zerbitzuena zen (%46); nekazaritzak heren bat baino gutxiago hartzen zuen (%31), eta industriak, %16.

Kagamek Vision 2020 planean garapena lortzeko ezinbertzekotzat ezarri zuen bertze bi arlotan hobetzea: ustelkeriaren aurkako borrokan eta genero berdintasunean. Ustelkeria pertzepzioaren indizea kalkulatzen duen Transparency International erakundeak, iazko txostenean, munduko 180 estaturen artean 48. garbiena izendatu zuen Ruanda, Seychelleen eta Botswanaren ondoren Afrikako garbiena. Genero berdintasunari dagokionez, lagin indartsu bat du alde: emakume parlamentari gehien duen herrialdea da mundu osoan (%61). Ministroen erdiak dira emakumeak. «Gure herrialdea askatzeko borroka armatuan emakumeak izan genituen; beraz, ezin genituen kanpoan utzi ondoren», adierazi zuen 2012an Etiopian egin zen goi bilera batean.

«Kausa on batengatik»

Baina lorpen horiek guztiek Ruandan, Afrikan eta munduko bertze bazter anitzetan miresmena sortu duten arren, Kagame ez da kritikez libratu. Izan ere, Leeren Singapurko garapen ereduak B alde bat du: autoritarismoa. Mende hasieran oro har ospe ona zuen herrialde anglofonoetan, baina gehienbat azken hamarkadan haren irudia aldatu egin da. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde handiek begi tartean hartua dute, bertzeak bertze, opositoreak hiltzea agindu duela leporatuta, eta oposizioko alderdiek leporatu diote boterea guztiz monopolizatzea. AEBek laguntza militarra kendu zioten 2012an, Kongon berriz ere esku hartzen ari zela egotzita.

Hala ere, salaketek eta kritikek oraingoz ez dute eraginik izan Kagamerengan. Genozidioaren ondorengo Ruanda, desintegrazioaren infernutik altxatu eta garapenaren trenera igo den herrialdea, bere obratzat dauka, eta, hortaz, obraren egileak berak bukatu behar du lana, Jeune Afrique aldizkariari 2016ko bertze elkarrizketa batean erran zionez: «Badakit 2017an nire ondorengotzarako berriz ere ni hautagai izatea gauza txar gisa hartu duela Ruandatik kanpoko iritzi publikoaren zati batek, baina ez zait inporta, badakidalako kausa on batengatik dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.