Bidenek adierazi dio Putini zigorrak ezarriko dizkiola Ukrainari eraso eginez gero

AEBetako presidenteak eskatu dio Errusiakoari «bide diplomatikoak» ibil ditzala. Washington «koordinatuta» dago Europako potentziekin

Joe Biden, pantailan, eta Vladimir Putin, atzo, bien arteko bilera hasi aurretik. MIKHAEL METZEL / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Mendebaldearen arabera, Errusiak jarraitzen du Ukrainako mugan baliabide militarrak hedatzen. Horri buruz hitz egiteko bilera telematikoa egin zuten, atzo, Joe Biden AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak. Etxe Zuriak batzarraren ondoren kaleratutako oharraren arabera, Bidenek ohartarazi zion Putini «zigor ekonomiko gogorrak eta bestelakoak» ezarriko dizkiola Errusiari, Ukrainari eraso egiten badio. Gauzak horrela, «tentsioa baretzeko» eta «diplomaziaren bideak» ibiltzeko eskatu zion. Putinek, berriz, NATOri egotzi zion Ukraina «kolonizatzeko» ahaleginetan aritzea, eta «bermeak» galdegin zituen aliantza militarraren ekialderanzko hedatzea geldiarazteko.

Pare bat ordu iraun zuen batzarrak, eta Bidenek jakinarazi zion Putini AEBak eta Europako potentziak «koordinatuta» jokatzen ari direla auzian. Putinekin bildu aurretik, bezperan, auziaz hitz egiteko bilera telematiko bat egin zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin; Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrarekin; eta Mario Draghi Italiako lehen ministroarekin zein Boris Johnson Erresuma Batukoarekin. AEBetako Estatu Idazkaritzako funtzionario batek hainbat hedabideri herenegun adierazi zienez, Mendebaldeko potentziek adostu dute «fronte bateratu bat» osatzea auzian. Iturri horren beraren esanetan, gainera, AEBek adierazia diote Moskuri NATOk Europa ekialdean dituen baliabide militarrak indartuko dituztela, Errusiak Ukraina inbaditzen badu.

Bileraren ostean, Etxe Zuriak ohartarazi zuen 2014an Eurrisak Krimea bereganatu zuenean baino neurri gogorragoak hartzeko prest dagoela. Zehaztu zuenez, Ukrainaren kontrako eraso batek atakan jarriko luke Errusiatik Alemaniara gasa bidaltzeko Nord Stream 2 hodi eraiki berriaren etorkizuna.

Putinek lehengo astean aipatu zituen zeintzuk diren Errusiaren «marra gorriak» : aliantza militarraren tropak ez daitezela Errusiarantz gehiago hedatu Ukrainatik eta Georgiatik. Ukrainak NATOko kide bilakatzeko asmoa du, eta aliantza militarrak prozesu hori bideratzeko konpromisoa agertu du. Onartezina litzateke Putinentzat. Haren esanetan, arriskutsua litzateke Errusiaren segurtasunarentzat, aliatuek misilak hedatu ahal izango lituzketelako Ukrainan.

AEBen eta Ukrainaren arabera, Errusiak 70.000 bat soldadueta baliabide militarrak ditu hedatuta Donbassko mugan—Ukraina ekialdean—, eta datorren urtearen hasieran 175.000 soldadu inguru izango dira, Ukrainari eraso egin ahal izateko urtarrilaren amaieran. Hori kaleratu zuten AP Associated Press berri agentziak eta The Washington Post egunkariak joan den larunbatean, AEBetako Gobernuko funtzionarioen iturriak aipatuz.

Frankotiratzaileak hedatuz

Ukrainako Defentsa Ministerioak ohar batean atzo salatu zuenez, Errusiako «okupazio indarrek» segitzen dute Donbassko mugan dituzten baliabideak areagotzen. «Frankotiratzaile bikoteak areagotu ditu, Ukrainako armadako kideei eraso egiteko, bideozaintza sistemak txikitzeko eta errepresaliaz tiroak probokatzeko». 2014an hasi zen Donbassko gatazka. Donetskeko eta Luhanskeko agintariek bi eremuen independentzia aldarrikatu zuten, Errusiaren babesarekin. Ordutik, 14.000 lagun hil dira eremuan, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. 2015ean su-eten bat adostu zuten alde guztiek, Minsken, baina egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.