Angel Erro.
JIRA

Une zehatza

2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Berrogeita hamabost segundoz sentitu naiz Plinio Gaztea. Irisi naiz Youtube-ko bideo batera, non Stromboli sumendiak eztanda egin duen unea jasotzen baita. Seguruenik, idazle erromatarrak baino babes tarte handiagoarekin (besteak beste, pantailaren bestaldean bainago) ikusi dut beheranzko ke ibai zuria, ezin ikusizko isuri baten emaitza dirudiena, eta, bat-batean, zazpigarren segundoan, goranzko ke zutarri lodiago eta izugarriagoa, belzkara, denbora gutxian irlaren tamainaren halako bi hartu duena.

Esperientzia bertatik bertara ez bizitzearen zaputzaldia bideoaren izenak arindu dit: Il momento esatto dell'eruzione dello Stromboli ripreso dallo yatch Gioisa Solaris one 44. Erupzioaren zirrara, yate batean egoteak eskaintzen dizun sortasunetik, deskribatuko duen olerki baten izenburua ematen du. Siziliako irlarik garestienaren sumendia sutan ikusi dut, Plinio Gazteak sentituko zuenarekin ameskerian ibili naiz, baina orain benetan irrikatzen dudana inork idatzi gabeko poema izenburudun hori irakurtzea da.

Bideoa amaitzean, automatikoki beste bat abiarazi da, kanal berekoa: Bambina russa impara a memoria la canzone Felicità di Albano emozionando tutti. Beste poema baten premia duen beste une zehatz galkor bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.