Angel Erro.
JIRA

Behin-behinean

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Behin-behinekoa behin betikoaren haurtzaroa izaten da. Fase bat, beste deus ez. Horregatik normala da lehen hitza entzun eta jendeari burura bigarrena etortzea.

Iruindar askok maitagarritzat daukaten San Jose plazatxo kuttun isilean tabernei (ez dakit zeintzuei, gertu ez baitaude hainbeste ere) mahai eta aulkiak jartzeko baimena emanen zaiela entzutean beldurtu dira asko. Ni barne, noski. Ez da ulertzen ez ditudalako hiriko ostalaritza murrizketekin-eta pasatzen ari den estualdia eta egoerak eska litzakeen salbuespenezko neurriak, behin-behineko terraza batzuk jartzea ongi justifika lezaketenak. Maia alkatearen aurrekariak dira izuaren errudunak, espazio publikoa pribatizatzeko izaten duen bulkada erreprimiezina aintzat hartuta (ez bakarrik espaloi eta plazak terrazaz beteta, baita autoak oinezkoen eta bizikleten aurretik lehenetsita edo kultur ekitaldi popularrei trabak jarrita ere), ez berea soilik berez, kontu ideologikoa ere baita, noski.

Paradoxikoa ere bada, gizakiok behin-behinekotasunari baino ezin gatzaizkiolako lotu, behin-betikotasuna izaten badugu ere xede. Halere, mundualdi honetan ezagutuko dugun behin-betikotasun bakarra izanen da apika alkate batek hiritarrei behin-behineko neurritzat saldutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.