Angel Erro.
JIRA

Zer musika

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Twitterren ikusi dut okindegi organiko (sic) batean saltzen dituzten arrautzak, «ekologikoak» izateaz gain, jakina, «musika entzuten duten mendiko oiloek» erruten dituztela, kartoizko kutxa sinestera. «Ados, baina zer musika?», galdetu du batek. Publizistak ez du arriskatu nahi izan, bakoitzak irudika dezala nahi duena. Neure buruari galdetu diot moda pasatua izanen den, argiago jaio daitezen, umekiei Mozart entzunaraztea. Ala bakarrik Mozart?

Azken egunotan maiz ikusi dut (neure begiak sinestera) aski irudi surrealista bat. Erresuma Batuko lehen ministroa bertan agertzen da laser ezpata bat astintzen duen emakume beltz batekin baldarki dantzan. Ez dira kargua kostatu ahal dion partygate delakoan hartutakoak, susmatzen dut, lehenagokoak baizik. Dena den, irudiak ikusi eta, mugikorra beti isilduta dudanez, ez dut behin ere aditu ahal izan zer musikak kulunkarazten dituen. Hobe horrela, pentsatu dut. Modu horretan, aldi bakoitzean melodia ezberdin bat irudika dezaket. Ezjakintzak baditu bere alde onak.

Zer musika entzuten dute belarrietan sartuta toki guztietara haririk gabeko entzungailuak daramatzatenek? Zer soinu banda du ni estra tristetzat naukan beren filmak? Isiltasunak ere baditu bere alde onak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.