Angel Erro.
JIRA

Hilurrenen fribolitatea

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ostiralean ehun urte bete dira Marcel Proust Parisen hil zenetik. Bere obra ezagunaren Albertine disparue liburukian irrigarritzat jotzen du gure heriotza gertatu eta ehun urtera publikoak gutaz zer iritzi izanen duen jakin nahi izatea (gu ezagutu baino sei urte lehenago gure maitaleak zer egiten zuen jakin nahi izatearekin konparatzen du). Beraz, Denbora galduaren bila-ren lehen liburukia (i prou) EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman euskaratua dagoela, eta obra osoa zubererara, jakin ala ez bost axola Prousten ehun urteko mamuari. Bizirik gaudenoi, bizirik gauden bitartean, axola izan behar digu; eta, kasu zehatz honetan, euskaraz irakurtzen dugunoi. Horrek du, bakarrik, ardura.

Proustek bizirik eman zuen azken gauean diktatu zituen esaldien artean (apika azkena?) ospe berezia hartu dute honako lau hitz hauek: «l'incroyable frivolité des mourants». Hilzorian daudenen fribolitate sinesgaitza. Hurrengo egunean ez zuen hitzik egin ahal. Ordu gutxi falta ziren hil zedin eta Man Rayk bere hilotzaren argazkia egin zezan. Tartean ohar bat idazteko denbora izan zuen, «ekarri te kikara huts bat eta azukrea, mesedez». Azken kezkak friboloak baino ezin baitira izan. Haragokoak irrigarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.