Angel Erro.
JIRA

Non jaten da ongi?

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gasteiz, gure Gasteiz, orain urte batzuk izan zen hiriburu gastronomikoa. Ez zitzaidan oso argi gelditu nongo hiriburua, ustez eta hiriburuek beti behar dutela nongo bat. Hiriburutza gastronomikoa zertan zetzan ere ez nuen argiegi izan, ez bainintzen, zoritxarrez, urte oso horretan Gasteizen egon. Aurten entzun dut Murtzia dela hiriburu gastronomiko delakoa. Ez dakit bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dudan. Telebistako saio batean izan dut horren berri. Kazetariak behin eta berriz, modu entusiastikoan, qué bien se come en Murcia, errepikatzen zuen, bertako jatetxe ospetsu bateko sukaldari baten ondoan bertako jaki itxuraz gozoak prestatu bitartean. Ez zen hori nire oroitzapena, ongi jatearena, baina hogei urte eginen ditu Murtzian ez naizela egon. Hemofilikoen udalekuak egiten ziren Totanan. Berehala aurkezlearen «Murtzian zeinen ongi jaten den» delakoari baina bat gehitu nion: «Dirua izanez gero». Ez du meritu handirik. Edonon jaten da ongi dirua izanez gero. Euskal Herrian ongi jaten delako topikoa bera ez da hain aspaldikoa. Jon Alonsoren Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk irakur dezala kontrakoa uste duenak. Zeinen ongi jaten duen hemen ordaindu ahal duenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.