Angel Erro.
JIRA

Eguzki betaurrekoak

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Saiatu naiz, baten bat erosi ere egin dut, baita graduarazi ere, baina ez dut lortu, gustatu arren, eguzkitakoak ohikotasunez janztea. Bi pare garraiatu beharko nituen, normalak eta ilunak, haietako batzuk nonbait ahaztu eta galduta. Interesgarriago egingo ninduten antioju ilunek, lasaiago ibiliko nintzen zernahi edo nornahiri luze begira egotea banu helmuga dudan kontenplaziozko bizitzara egokituta.

Horregatik ez dit inporta (antza, batzuei bai) nire aurrean eguzkitakoak jantzita egoteak edonor. Ni ez naiz hitz egin bitartean begietara begiratzea exijitzen dutenetakoa. Nago begietan baino errazago identifikatzen dela gezurra hitzetan beretan. Eta, gainera, zilegizkotzat dut solaskideak niri gezurra sakatu nahi izatea. Ez naiz horregatik zapuzten. Batzuetan eskertu ere egiten dut, adeitasuna ere izan daiteke-eta.

Salbuespen bat daukat, halere. Ez ditut jasaten (eta asteon bitan suertatu naiz halakoen aurrean) ispiluzko kristalak dituzten eguzkitakoak. Ez bakarrik antiestetiko iritzita. Erasotzat ditut. Ezin dut eraman norbaitekin hizketan nagoenean neure burua ikustea, bestearen begiradan, harrigarriki aspertu itxuraz edo irrigarriki liluratuta, neure buruari ere aitortu nahi ez dizkiodanak agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.