Albistea entzun

Mikel Orbañanos. Hondarribia taldeko entrenatzailea

«Etekin handia atera diogu taldeari, eta oso lehiakorrak izan gara»

Hondarribia talde irabazlea izan da, zortzi garaipen eta zazpi bandera baititu Eusko Label ligan, Gipuzkoako Txapelketaz gain. Baina estropada handienetan, kamuts. Lorturikoa «handia» dela dio entrenatzaileak.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko irailak 20

Igandean denboraldi amaiera ospatu zuen Hondarribiak. Baita garaipenak ere. Gustura dago egindakoarekin Mikel Orbañanos entrenatzailea (Orio, Gipuzkoa, 1973), damuren bat edo beste ezkutatu ez badu ere. Telefonoz aritu da BERRIArekin.

Zein da emaitzen balorazioa?

Etekin handia atera diogu taldeari, eta oso lehiakorrak izan gara. Mailaz kanpo egun bakarrean egon gara: Kontxako bigarren jardunaldian.

Zer gertatu zen hor?

Guk geuk ere ez dakigu. Mareak biziak ziren, eta kaleak uste baino kalte handiagoa egingo zigun. Gero, gorputzez ere ez ginen aurkitu. Ez da ligako estropada bat, non puntuak dauden jokoan. Kontxan banderaren lehian egonda atzean geratuta, buruak lan egiten du.

Ligan, bosgarren jardunaldian irabazi zenuten, Orion. Lehenagotik ez irabazteak zalantzak sortu zizkizuen?

Ez. Gustura geunden egiten ari ginenarekin. Arlo fisikoan onenean ez geunden, eta nahiko lasai hartu genuen. Uda oso eramangarria egin dugu, eta penaz gaude bukatu delako. Oso giro ona izan dugu taldean, eta lehian ez ezik, entrenamenduetan ere trainerua asko ibili da. Horrek ere asko lagundu digu.

Garaipenak zortzi dituzue, eta zazpi bandera, Urdaibaik baino gehiago. Baina liga Bermeora joan da, Getarian egin zenuten hutsa dela medio. Mingarria?

Liga batek badu arriskua, eta kontu txikienak ere ondo egin behar dituzu. Getariakoa istripu handia izan zen, eta ligako lehiatik kanpo uzten zaitu. Hala ere, sekulakoa egin dugu goian jarraituta, erori gabe eta maila emanez. Ziabogaz gain, Urko ere [Urko Redondo arraunlaria] lesionatu zitzaigun egun hartan. Talde guztiek izango dituzte horrelako gauzak, lesioak, materiala haustea eta abar, baina guri ez zaizkigu batere ondo etorri bi egoerak.

Garaipenak bai, baina Euskadiko Txapelketa, Kontxako Bandera, liga eta Zarauzko estropada ez dituzue irabazi. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Oso pozik gaude zortzi garaipen ditugulako. Handia da. Gero, ez ditugu estropada handiak irabazi, liga ere ez, baina bukaera arte lehian ibili gara. Horrekin gustura gaude.

Irabazi ez, Urdaibai zuek baino hobea izan delako.

Bai. Bermeori ez diogu meriturik kentzen, eta zorionak hemendik. Bagenekien hasieratik zer talde zeukan, eta oso pozik gaude itzala egin diogulako eta, beste behin ere, behartu egin ditugulako talde handi bat egitera guri irabazteko.

TKEk erabakia hartu zuen larunbatean: produktu eta material teknologikoak ezin dira erabili. Zer daukazu esateko?

Guk jakin genuen Santurtzik iaz erabili egin zuela ehun bereziko pegatina hori Kontxan eta ligako azken estropadetan. Orduan, galdezka hasi ginen ea legearen barruan zegoen edo ez erabiltzea, Santurtziri errespetu guztia izanik. Kontsulta egin genien euskal epaileari eta TKEko epaileei, eta erantzun ziguten ez zegoela inolako argudiorik legezkoa ez zela esateko. Hilabete luzeetan ez digu inork besterik esan. Gero, aurten, jakin dugu Urdaibaik erabili nahi zuela pegatina hori. Jakinda, onurarik bazen edo ez, haien baldintza berberetan joan nahi genuen.

Debekatzearen inguruan zer iritzi duzu?

Nazioarteko Federazioaren legearekin nahasi egin da jendea. Esaten du debekatuta dagoela halakoak erabiltzea aulki mugikorrean. Espainiakoak ere hala dio. Bi araudi horietan debekatuta dagoenez, ez dut gaizki ikusten TKEk ere debekatzea. Hala ere, aurrera ere begiratu egin behar da, eta bere garaian zuntzezko arraunak baleko jo ziren bezala, honetan ere aurrera egin beharko da egunen batean.

Bukatu al da talde honen zikloa?

Ez. Hondarribia bezalako talde batean garrantzi handia ematen diogu harrobiari eta harrobiko lanari, eta badira urte batzuk beteranoen lekuan gazteak sartzen ari garena. Dudarik gabe, arraunlari batzuen amaiera gero eta gertuago dago, baina berezko aldaketa izango da.

Gazteak bai, baina aurten taldean egondako gazte gehienek ia ez dute estropadarik jokatu.

Getariako akatsa egin ez bagenu, aukera izango genuen taldea kudeatzeko. Ikusten genuen bagenuela tartea segundo batzuk galtzeko aldaketak eginda ere, baina Getariakoaz geroztik, ezin genuen arriskatu, eta horregatik izan da.

Gazteak badatoz, baina.

Bai. Oso jarrera ona izan dute udan, eta eskertuta nago haiei ere.

Estropadaz estropada oso aldaketa gutxi egin dituzue. Berria da hori, orain arte uste baitzen liga borrokatzeko ezinbestekoa zela txandakatzeak egitea. Gogoetarik?

Espero ez genuen arraunlari batzuek utzi zuten taldea aurtengo denboraldirako, eta taldea egiteko orduan ez genuen zabala egin. Murriztuta geunden. Aldaketekin ez genuen arriskatu nahi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txomin Perurena 2014an ©Jon Urbe / FOKU

Txomin Perurena txirrindulari ohia hil da

Beñat Mujika Telleria

79 urterekin hil da, gaixotasun baten ondorioz. Espainiako Vueltan hamabi etapa garaipen lortu zituen, eta Euskal Herriko itzulian 11.

 ©JCD FOTOGRAFIA / FETRI

«Ez dut sekula galdu borrokatzen segitzeko gogoa»

Ainara Arratibel Gascon

Mateok hainbat egoera zaili aurre egin behar izan die bizitzan. Baina, denak gainditu, eta hirugarren Paralinpiar Jokoetan egoteko lanean ari da jada. «Amets bat litzateke Parisen egotea».
Osasunako jokalariak, Konferentzia ligarako sailkapena ospatzen. ©Jagoba Manterola / Foku

UEFAk espedientea ireki dio Osasunari

Julen Etxeberria

Europako Federazioak Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa hartu du kontuan. Auzitegi Gorenak urtarrilean frogatutzat eman zuen Iruñeko taldeak 2013-2014 denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituela. UEFAk Osasuna errudun jotzen badu, Iruñeko taldeak ez du jokatuko Konferentzia liga

Osasunako jokalariak, Jagoba Arrasate airean dutela. ©JESUS DIGES / EFE

Markoa jarri, eskegi eta miretsi

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak inoiz ez bezalako sasoia osatu du, Kopako finala jokatu eta Europan sartuta. Talentuaz eta zaleen grinaz baliaturik, Arrasatek beste dimentsio batera gidatu du taldea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.