Noiz sortua: 2020-02-15 00:30:00

Hondakin galdu bat lehengai epel bihurtu

Ternuak jaka bat egin du ardi latxaren artilea erabiliz, beste hainbat enpresarekin elkarlanean. Hala, artilearen ingurumen arazoari irtenbide bat topatu diote, eta isolatzaile termiko gisa erabiliko dute. Artilea lantzen dutenen ustez, «albiste ona» da.
<b>Artilea moztu. </b>Urtero ardien ongizaterako egin beharrekoa eta prozesuaren lehen urratsa, ardi moztea.
Artilea moztu. Urtero ardien ongizaterako egin beharrekoa eta prozesuaren lehen urratsa, ardi moztea. ILETEGIA Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin -

2020ko otsailak 15
Ardia hartu eta ilea moztu; artilea jaso eta pilatu. Ardia hartu eta ilea moztu; artilea jaso eta pilatu. Behin eta berriz; urtean bi aldiz. Horrela ibili dira orain gutxi arte ardi latxei ilea mozteaz arduratzen diren artzainak, artile horri erabilera eman ezin eta non gorde jakin gabe. Orain, baina, arazo horri irtenbide bat topatu diote: Latxa Artile proiektuaren bidez, artile horrek merkatuan sartzeko duen ahalmena erakutsi dute. Artile Jacket izeneko jaka sortu, eta isolatzaile termiko gisa erabili dute. Duela gutxi aurkeztu dute proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren eta Ternua enpresaren artean garatu dute. Elkarlan horretan parte hartu dute, bestalde, (Lapurdi) Iletegia enpresak, Karrantzako (Bizkaia) Muturbeltz elkarteak eta Antzuolako (Gipuzkoa) Ama-Txo gaztandegiak ere; bakoitzak bere esparrutik hazia jarriz.

Proiektuaren parte izan da Txomin Alberdi Antzuolako Ama-Txo gaztandegiko langilea, eta, haren arabera, arazo bati irtenbidea topatu diote: «Ardiaren artile hori desagertu ahal izateko ordaintzen genuen, eta artile hori lortzeko ordaintzen digute orain». Duela gutxi arte, ahal zuten bezala pilatzen zuten artile guztia, eta, hemendik aurrera, ile hori moztu ahala erabiliko dute: «Urtean bi aldiz mozten diegu ilea ardiei. Orain arte pilatu egiten genuen, eta urtean behin kendu egiten ziguten. Hemendik aurrera, moztu eta gero eraman egingo dute. Orain arte arazo bat izan da artilearena, eta arazo bat da oraindik; soluzio bat topatu izana pozik egoteko albiste bat da».

Kirol jantzietarako erabiliko dute orain, arazoari irtenbide egonkor bat eman eta ekonomia zirkularrean oinarritutako merkatu bat sortuz. Ternua enpresako Berrikuntza zuzendaria da Edu Uribesalgo; esplikatu duenez, «sektore ezberdinen arteko lankidetza» bat da proiektua: «Hondakin horrek buruhauste asko ematen ditu; ulertzen dugu industrializazio prozesu egoki batekin posible dela lehen mailako lehengai bihurtzea».

Gaineratu duenez, berrikuntza jasangarri bat dela ikusten dute: «Artile horrek propietate tekniko onak ditu, eta gaur egun hondakin konplikatu bezala duen izaerari konponbide bat eman diezaiokegu».

Arazo bati aurre

Artileshell deituriko teknologia erabili dute isolatzaile hori egin ahal izateko: «Barruko betegarria [isolamendua] Artileshell gisa izendatu dugu, eta gorputzaren beroa mantentzeaz arduratzen da; ardi latxaren artilearekin eginda dago. Guztiz naturala da, iraunkorra eta biodegradagarria. Produktu sinplea eta garbia da, sofistikatua eta teknologikoa».

Artileari balioa emateko prozesu horretan parte hartu du Sarako Iletegia lantegiko Aitor Zubillaga kudeatzaileak: «Gure jakintza jarri dugu proiektuan. Isolatzaile bat egin nahi zuten Ternuako kideek, eta isolatzailea kirol jantzietara egokitu behar zen. Hori lortzeko entseguak egin ditugu: dentsitatea, gramoak... Guztia puntuan ezarri dugu».

Ternuak urteak daramatza proba ugari garatzen lehengai hori aprobetxatzeko asmoarekin, ezaugarri tekniko interesgarriak dituela uste izan baitu. Orain, urte luzez garatu nahi izan duten hori plazaratuko dute. Ternuako kidearen aburuz, «enpresa sortu zenetik ingurumenean dugun eragina gutxitzen saiatu izan gara», eta saiakera horien adibide da Artile Jacket. Proiektu berezia dela adierazi du, eta aitortu du egin izan dituztela antzeko proiektu gehiago ere, esate baterako arrantza sareekin, intxaur oskolekin eta plastiko zatitxoekin eginiko kirol jantziak. 2020ko udazkenean merkaturako dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna