Datorren asteko estreinaldiak

Itzalpetik atera, eta protagonismoa bereganatu du

Batmanen arerio nagusia izan den Joker pertsonaiarekin, film bat egin dute Todd Philips zuzendariak eta Joaquin Phoenix aktoreak

Joaquin Phoenix aktoreak jokatzen du Jokerren rola. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Batman lehen aldiz agertu zenetik 80 urte bete berri dira; 1939ko maiatzean izan zen, Detective Comics aldizkarian. Bob Kanek sortutakoak hainbat urte lehenago jaiotako beste pertsonaia batekin lehiatu nahi zuen, Supermanekin. Alabaina, laster ikusiko zen pop kulturaren unibertsoan denentzako tokirik bazela, eta bide emankorra egin zuten biek ala biek.

Halere, saguzar itxurakoa ez da besteak bezalako superheroi bat; berez, ez du naturaz gaindiko gaitasunik. Bruce Wayneri bere aurrean hil zizkioten gurasoak, eta haiek mendekatzea du motibazio; baita, bide batez, Gotham Cityko gaizkile guztiak suntsitzea ere.

Zeregin horretan, Batman ez da bakarrik izan. Alboan, nortasun handiko laguntzaile prestuak izan ditu. Hasteko eta behin, Alfred Pennyworth maiordomoa, etengabean Wayneren oreka fisikoaz eta mentalaz arduratzen saiatzen dena. Halaber, Robin gaztea, Batgirl, Catwoman eta, nola ez, Gordon komisarioa izan ditu bidelagun 80 urteotan.

Lagunez gain, etsai ugari ere izan ditu Batmanek: Mister Freeze, Pinguinoa, Txorimaloa, Clayface eta, jakina, Joker. Azken hori superheroiarekin batera agertu zen, Batmanen estreinako istorioan, eta, orduz geroztik, harreman anker baina anbiguoa izan dute, gorrototik elkarrenganako errespeturaino mugitu dena.

Aktore paregabeak

Urteak joan urteak etorri, Joker Batmanen etsairik ikonikoena bihurtu da, eta zinemak zerikusi handia izan du horretan. Izan ere, lehen egokitzapen zinematografikoa egin zenetik, 1966ko Leslie H. Martinsonena, superheroiarenarerio nagusia izan da.

1989an, Batmanen pizkunde zinematografikoa egin zuenean, Tim Burtonek ere Joker aukeratu zuen etsai gisa. Jack Nicholsonek jokatu zuen haren rola, beste behin ere gehiegikeriaren nozio zinematografikoa muturreraino eramanez. Aitzitik, lau urte geroago, Burtonek bigarrena egin zuenean, Pinguinoa izan zen bilaua, orduko horretan Danny DeVitoren eskutik. Nicholsonek langa goi-goian jarri zuen, eta zaila zen haren moduko Joker bat irudikatzea.

Christopher Nolan zuzendariak 2005ean hasi zuen Batmanen gaineko sail berri bat, Batman Begins filmarekin. 2008an, berriz, haren jarraipena egin zuen, The Dark Knight, eta bertan Joker agertu zen berriro. Heath Ledger aktorea aukeratu zuten, eta hark ere interpretazio ahaztezina egin zuen. Filmak lortu zuen arrakasta itzelaren parte handi bat Ledgerren rolari zor zaiola esatea ez da handikeria. Zoritxarrez, filma estreinatu zen urte berean hil zen aktorea.

Azkenean, Joker pertsonaiak bere film propioa lortu du. Nicholson eta Ledgeren lekukoa hartzea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, nortasun handiko aktorea behar baitzen zeregin horretarako. Aukera askorik ez, eta Joaquin Phoenix izan zen aukeratua. 25 kilo argaldu zen, eta bere egin zuen pertsonaia; kritikek diotenez, beste interpretazio zirraragarri bat eginez.

The Hangover sail arrakastatsuarekin ezaguna egin zen Todd Philips da Joker-en zuzendaria, eta gauzak ongi baino hobeto joan zaizkio orain arte, filmak Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi berri baitu.

'JOKER'

Zuzendaria. Todd Philips.

Aktoreak. Joaquin Phoenix, Robert De Niro, Frances Conroy, Zazie Beetz, Brett Cullen.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 118 minutu.

Generoa. Thrillerra. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.