Patxi Lage. Katxetas ostatuaren jabe ohia eta ezker abertzaleko militantea

«Kolpeek min egiten zuten, baina botika bagenuen: jendearen elkartasuna»

Katxetas ostatua Lizarrako herri mugimenduaren erreferente izan dela kontatu du 40 urtez haren jabe izandakoak, Lagek. Bizitza «modu intentsoan» bizi duela azaldu du, borrokan aritu baita beti. Horrek bere kontrako erasoak ere ekarri dizkio.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Lizarra
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lizarrako erdigunean (Nafarroa) ireki zuten Katxetas ostatua duela 40 urte. Oasi txiki bat Lizarrerriko basamortuan. Ezker abertzalearen eta herri mugimenduen bilgune izan da orduz geroztik. Patxi Lage (Aiegi, Nafarroa, 1956) izan da 2019ra arteko jabea: militante sutsua, errepresioa eta mina ere bere larruan bizi izandakoa. Erretiroa hartu du ostatuan, baina ez politikan. Katxetaseko terrazan aritu da kontu kontari.

Zergatik utzi zenuen ostatua 2019ko urrian?

Erretiroa hartzeko garaia nuen, baina argi nuen Katxetasek ezin zuela galdu bere izaera; asko-asko kostatu zaigu eustea, ekonomiaren zein militantziaren ikuspegitik. Langileek hartu dute, kooperatiba bat sortuta. Pandemia etorri da, garai oso gogorrak ostalaritzarentzat, eta gutxien dutenek sufritu dute gehien. Hala ere, harro nago irekita baitago, eta ilusio berarekin, gainera.

Zergatik erabaki zenuten 1980an horrelako ostatu bat irekitzea Lizarrako erdigunean?

Aukera ikusi, eta gazte garaietako eroaldiari jarraikizhartu genuen ostatua. Ez genuen ostalari izan nahi: militantziaren ikuspuntutik eraman nahi genuen. Berehala bihurtu zen ezker abertzalearen eta herri mugimenduen erreferentzia Lizarra inguruan. Bilgune bat zen, ez soilik aisialdirako lekua; ez zegoen horrelako erreferentziarik merindade osoan.

Herriko taberna moduko bat zen?

Orduan ez zegoen herriko-rik eta Arrano elkarterik, nahiz eta Katxetasen logoan arrano beltza dagoen. Jendea etxean bezala zegoen hemen, elkartasun eta inplikazio giroa arnasten zen. Negozio partikularra izan arren, askoz ere gehiago zen jendearentzat.

Erreferentzia eta jomuga, biak izan da Katxetas?

Militantziarekin kontsekuente izateak etsaiaren jomugan jarri zuen ostatua. Errepresioa niri eta nire inguruari begira jarri zuten, batik bat bi guardia zibilen kontrako atentatuaren ondoren, Lizarrako HBko zinegotzi bainintzen. Autoa erre zidaten 1991n, eta, 1996an, Katxetas desagerrarazi nahi izan zuten modu basatian.

Nola gertatu zen Katxetasen kontrako erasoa?

Hemen goian bizi naiz [ostatuaren gainean], eta ikusi genuen nola xehatu zuten kristala, barruan sartu, koktelak bota eta su eman. Gero, kuartelerako bidea hartu zuten, lasterka. Itzalgailuekin jaitsi ginen. Suhiltzaileak agudo etorri zirelako ez zen erori etxea.

Nork egin zuen erasoa?

Cetme deitutako erakunde batek bere gain hartu zuen Punto y Hora-n. GAL berdearen azken astinduak izan ziren.

Buelta eman zenioten egoerari, hala ere?

Ostegun gauez izan zen erasoa, eta ostiralean ireki genuen manifestazio baten ondotik, ke usain eta guzti, garbitzera etorri zirenei esker. Errepresio ekintza guzietan bezala, jendearen elkartasuna sekulakoa izan zen. Arrakasta handia zuen Exkixu taldeak ere deitu zigun kontzertua emateko.

Babes handia zenuten, beraz?

Bai. Bestela ez genuke iraunen.

Nola bizi zenituen jomugan zeunden urte haiek?

Garai latzak ziren. Mugitzen den edonor dago errepresioaren jomugan. Ohartu nintzen errepresioa niri zelatan ari zela semea sortu zenean. Hala ere, argi genuen ez ginela belauniko paratuko. Kolpeek min egiten zuten, baina botika bagenuen: jendearen elkartasuna. Seguruenik mila aldiz sartu genuen hanka, baina gure militantziari eta sufrimenduari esker, gaur egun bestelako egoera bizi dugu Lizarran.

Garai hartan pentsatzen zenuten Lizarrako alkatetza lortuko zenutela inoiz?

Orain, indar korrelazioa askoz ere aldekoagoa dugula, ez dugu sinesten helburu politikoak luze gabe lortu ditzakegunik. Garai hartan, sinesten genuen. Hala ere, egoera errotik aldatu da. Orain Katxetas ez da erreferentzia bakarra; zorionez, askoz gehiago daude. Hiri biziagoa dugu, herri mugimendu handikoa. Zaila genuen hori irudikatzea 1980an.

Katxetasek ekarpenik egin dio aldaketa horri?

Katxetasek eta inguru osoak indar handia izan dute. Beraz, bai, ekarpena zabala izan da.

Ostatuan kontu onak ere izanen zenituzten, ezta?

Eta atzenezinak dira. Beti gogoan dut jaia bai, borroka ere bai leloa: gure jendea borrokan aritu da beti, baina zoriontsu izan da. Gazte belaunaldi pribilegiatua izan garela uste dut, bete-betean bizi izan garelako. Frankismoa jasan dugu, eta askatasun gogoa bizi. Lortzen genituen gauzatxoekin gozatu dugu; adibidez, nesken eta mutilen arteko harremanetan. Neskek hamarretan etxean egon behar zuten. Errepresio sozial eta familiar handi bat zegoen. Berdintasuna oraindik ez da lortu, baina ordukoa erabateko desberdinkeria zen. Gero, intsumisioa armadari, NATOri, Nafarroa katoliko eta apostolikoari... Udalbatza osoa prozesioan, eta zu han ez egotea, koherentziagatik. Ezinezkoa zen politika eta konpromisoa zoriontasunetik eta pertsonaren garapenetik banatzea.

1976an Montejurran zinen. Nola bizi izan zenuen hura?

Gerra zikinaren eta errepresio paramilitarraren gailurra izan zen Montejurra. Irache hotelean egiten nuen lan orduan. Jakin genuen Sixtoren aldekoen erreserba gobernadore zibilak egin zuela, zuzenean zuzendariari deituta. Ikusi genuen armak Guardia Zibilaren Land Rover batean igo zituztela. Montejurrara igo ginen; ez ginen karlistak, baina deialdia ezkerreko guzientzat zen. Gailurra konkistatzera joan ginen, horiek handik botatzera. Lehenik, tiro hotsa aditu genuen, gero metraila parrasta, eta lurrera bota genuen geure burua. Pellejero ikusi genuen bihotzean tiroa zuela. Gasteizen bezala, hor ere erregimena agertu zen esanez: «Hemen nago, eta begira ze indarra dudan».

Garai hartan zer giro zegoen Lizarran?

Batik bat langile mugimenduak zuen indarra, eta CCOO zen erreferentzia, sindikatu bihurtu zen arte. 1979 inguruan nork bere tokia bilatu zuen, eta ezker abertzalea agertu zen. Lizarran beti izan da abertzaletasuna; are, errepublika garaiko alkatea fusilatu zuten, beraz, ez zen zaila izan. Hondarra hor zegoen. Egia ere bada atentatu batean bi guardia zibil hil izanak eragin handia izan zuela: ezker ez abertzale bat sortzea ahalbidetu zuen, ETAren jarduerak sortutako kontraesanengatik.

1988ko atentatuaren ondoren «hunkituta» sentitzen zinela esan zenuen, baina ez zenuen arbuiatu. Nola bizi izan zenuen?

Oso gogorra izan zen. Borroka armatuaren inguruko kontraesanak nire egiten banituen ere, hildako bat zegoenean, noski, haren gertukoek sufritzen zuten gehien, baina ondoren gure kontra errepresio gogorra izaten zen. Bete-betean jo ninduten. Alkateak aukera ikusi zuen politikoki hazteko, eta astakeriak esan zituen niri buruz Interviu-n: arma eskuetan ibiltzen nintzela kalean.

Zein da kontraesan hori?

Nik ez dut inoiz armarik hartu, baina hori irteera bakartzat hartu, arriskatu, bizitza eman eta mina sortzen duenaren larruan jartzen naiz. Errepresioaren aurrean argi genuen eutsi behar geniola. Ez nuen atentatua arbuiatu, baina esan nuen negoziazio politikoa zela arazo politiko bat konpontzeko bide bakarra.

Nola hasi zinen Herri Batasunan militatzen?

1970ean oso zaila zen konpromiso handiago bat ez hartzea; oso gaztetatik hasten ginen militatzen. Ikasle mugimenduan aritu nintzen Sevillan, eta hemen CCOOn. Ama abertzalea nuen, frankismoaren errepresioa jasan zuen horregatik, eta eroso sentitu nintzen ezker abertzalean. Lehen hauteskundeetan, Aiegin aurkeztu nintzen talde independente batekin, eta alkatetza lortu genuen. Gero Lizarrako HB sortu zen, eta sartu nintzen.

Militantziaren ondorioz ia begia galdu zenuen?

Nafarroa NATOren aurka agertzeak begi bat galarazi zidan ia. Kanpainako azken egunean lau suziri bota behar genituen Lizarrako lau tokitan. Nik piztu nuena behean lehertu zen. Gogorra izan zen, baina jendearen elkartasuna jaso nuen berriz ere. Gauzak lortzea kostatzen da. Niri kostatu zait, sufritu dut, baina sekulako intentsitatez bizi izan naiz, eta oso zoriontsu kontsekuente izateaz. Ez nuke bizimodua aldatuko.

Kubarekin zer harreman duzu?

Nire bigarren aberria da, aita kubatarra baita. Amaren partetik abertzalea naiz, aitaren partetik gorria. Aitak familia osoarekin ihes egin behar izan zuen Batistaren errepresiotik. Beti izan zen Fidelen eta iraultzaren aldekoa. Niretzat nahiko nukeen gizartearen eredu da Kuba.

Noiz arte jarraituko duzu militatzen?

Udal politikan lanean jarraituko dut. Nahiago nuke lan pixka bat kenduko balidate, 1976an sortu genuen gau eskolan hasitakoa burutzeko: euskara erabat menperatzeko. Noiz arte? Bada, azken presoa kalera ateratzen denean hartuko dut erretiro politikoa.

Esan duzu 1980an helburu politiko batzuek egingarriagoak ziruditela. Nola lortu daiteke orduko ilusioa piztea?

Sinetsi behar dugu benetan posible dela, batez ere gazteek; kontsignak utzi, eta sinetsi behar dute posible dela helburu politiko horiek lortzea. Orain indar korrelazio askoz hobea dugu: Euskal Herri guzian, baina bereziki Nafarroan. Hemen ditugu baldintzarik onenak: ezkerretik jo dezakegu lurraldetasunera eta banaketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.