Santakrutzak Andoainen

Bete-beteko jai giroa, are gehiago betetzera

Santakrutzetan murgilduta daude andoaindarrak, ostiraletik. Kontzertuak dira festetako erakargarrietako bat. Asteartean, laurehundik gora lagun bilduko dira kuadrillen egunean; jaietako egun nagusia, berriz, asteazkenean izango da.

Kuadrillen eguna asteartean egingo dute Andoainen; argazkian, artxiboko irudi bat. SANTA KRUTZ JAI BATZORDEA.
Maite Alustiza.
Andoain
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ez dira Andoaingo jai nagusiak, baina bai giro gehien daukatenak». Hala uste du Xabier Fondonek, Andoaingo (Gipuzkoa) Santa Krutz jaietako batzordeko kideak. Sanjoanak iritsi bitartean, santakrutzetan dabiltza andoaindarrak, ostiralaz geroztik. Egitarau «bete-betea» prestatu dute, eta ekitaldiak jendearen parte hartzearekin osatu nahi dituzte. Asteazkenean bukatuko dira.

Txindoki tabernako aurreko eta egungo jabeek bota zuten txupinazoa, ostiralean, eta, iazko ohiturari jarraituz, desafioa ere izan zen: giza probetan aritu ziren andoaindarrak eta Donostiako Intxaurrondo eta Gros auzoetako hainbat lagun.

Pasatutakoak pasatuta, soka luzea geratzen zaie oraindik santakrutzei. Gaur bertan hasita. Arratsaldean, hamar sagardotegik baino gehiagok euren sagardoa eramango dute Zumea plazara. «Jende askok parte hartzen du sagardo lehiaketan, eta jende asko etortzen da kanpotik». Kontzertuak dira gaurko beste ekitaldi garrantzitsua, Fondonek azaldu duenez: «Berreskuratu egin ditugu; iaz, igandean ez ziren egon, eta jendeak eskatzen zituen. Aurten ahalegin txiki bat egin dugu, eta talde txukunak datoz». Willis Drummond eta Bad Sound System taldeek joko dute, gaur, 23:00etan, txosnetan. Bihar jaieguna izanda, jendea biltzea espero dute.

Asteartea da aintzat hartzeko beste egunetako bat; «herrikoentzat, batez ere». Iaz baino lagun gehiagok erosi dute kuadrillen egunerako txartela: 430etik gora txartel saldu dituzte, Aitor Ibarguren antolatzaileetako batek azaldu duenez. Jendea azken momentuan ibil ez dadin, txartelen salmentan aldaketa bat egin dute: «Beti pasatzen zen epetik kanpo etortzen zela jendea, eta, nahiz etaberez ezin saldu, azkenean saldu egiten genuen». Hori saihesteko, ohiko epean ohiko prezioan saldu dituzte txartelak —sei euroan—, eta, epetik kanpo, prezio bikoitzean.

Kuadrillen egunari lotuta, beste moldaketa bat egin dute. 11:00 aldera hasten da poteoa, eta jokoak egoten dira. «Lehen, txarangarekin egiten genuen, eta aurten erromeria jotzen duen herriko talde bat ariko da». Aparteko laguntzaile bat izango dute, gainera: DJ Bull, dultzaina jotzen.

Azken urteetan bezala, norberak bere bazkaria eraman beharko du —ordaindutako prezioan sagardoa, ura, patxarana eta jateko tokia sartzen dira—. Bazkalosterako «sorpresa bat» daukatela iragarri du Ibargurenek: «Lehen aldiz, zozketa bat egingo dugu txartelaren zenbakiarekin; sorpresa ona izango da». Iluntzean, «arrakasta» izan ohi duen karaokea egingo dute.

Asteazkena izango da festetako azken eguna, eta jaiei izena ematen diena: Santa Krutz eguna. «Azkeneko eguna izan arren, gure nahia da jendeak parte hartzea; zaila izaten da, baina auzo inguruko jendea beti ateratzen da», esan du Fondonek. Ohi bezala, goiz partean eskopetariak aterako dira; ezpata dantza egingo dute, txakolin dastatzea... Eta, arratsaldean, pintxo-pote lehiaketa, tabernetan, 19:00etan. «Tabernariek laguntzen dute, eta haientzat ere ona da». Ia hogei tabernak parte hartuko dute.

Jai batzordeak gogoratu duenez, txosna Beheko plazan egongo da; hau da, kontzertu gunean. Baina gauean ez ezik festa giroa egun osoan egon dadila nahi dute: «Azken urteetan, egunari garrantzi handia eman diogu, ez bakarrik gauari. Festa hauetan nabaritzen da hori».

Udalarekin bat eginez, eraso sexisten aurkako mezua zabaldu dute: «Salatu egingo dira ikusten diren jarrera sexista, xenofobo, transfobiko eta homofobo guztiak. Guk nahi duguna da jendeak ondo pasatzea, eta arazorik ez egotea». Jai batzordeko kideak boluntario gisa aritzen dira antolaketan, eta auzoko komertzioak eskertu dituzte, «haiek gabe zaila izango litzatekeelako horrelako festak antolatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.