Lehman Brothers erori zela hamar urte. Etorkizunera begira

GERTA DAITEKE BERRIRO?

Hamar urte dira Lehman Brothers erori eta krisi ekonomiko handia lehertu zela. Min handia eragin du milioika herritarren bizitzetan. Leziorik ikasi al du gizarteak? BERRIA-k hiru ekonomista eta soziologo bat kontsultatu ditu, gaurko eta biharko errealitatea aztertzeko.

Jon Fernandez -

2018ko irailak 16
Jakiteko zenbaterainokoa den uholdeak eragindako triskantza, itxaron egin behar da urak jaitsi arte. Hamar urte bete ziren atzo Lehman Brothersen erorketak krisi finantzarioaren tsunami globala eragin zuela. Urak hartu zuen milioika herritarren bizimodua. Zorpetze neurrigabeak, bankuen erreskateak, etxe desjabetzeak, langabezia handia, zerbitzu publikoen murrizketak, soldata galerak, desberdintasun sozialak handitzeak... Itolarri gorriak eragin dizkiete milioika herritarri finantzetako marrazoen jardunak eta austeritatearen errezeta gogorrak. Igaro da hamarkada, eta igaro da olatu kolpearen itsasgora: bistan dago hondoa. Une egokia da kalte-galerak eta ikasitako eta ikasi gabeko lezioak baloratzeko, hamar urte eta gero.

BERRIA-k lau aditu kontsultatu ditu, bidean emandako pausoez gogoeta egiteko, egungo egoeraren erradiografia osatzeko, eta aurrera begirako gakoak antzemateko. Hiru ekonomista eta soziologo bat dira: Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa; Patricia Campelo, EHUko soziologoa; Mari Carmen Gallastegi, Ekonomia Analisian katedraduna EHUn; eta Joseba Madariaga, Deustuko Unibertsitateko ekonomia irakaslea.

Funtsean, bi galderaren bueltan aritu dira: Gerta al daiteke berriro? Leziorik ikasi al dugu?


Ezkerrtik eskumara: Joseba Madariaga Deustuko Unibertsitateko ekonomia irakaslea; Mari Carmen Gallastegi, Ekonomia Analisian katedraduna EHUn; Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako dekanoa; eta Patricia Campelo, EHUko soziologoa.

USAIMEN ZORROTZAGOA?



2008aren aurreko urteetan ekonomistak, politikariak eta legegileak ez ziren gai izan gainera zetorrena ikusteko. Gai ote dira oraingoak hurrengo krisiaren zantzuak garaiz antzemateko?

Baikorra da Joseba Madariaga: «Benetan diot, uste dut oso zaila izango dela nik berriro bizitzea era honetako beste krisi bat; hala ere, ez daukat zalantzarik etorkizunean sor daitezkeela antzerako krisiak. Azken batean, beti osagarri berberek sortzen dute krisia: diru goseak eta testuinguruak (finantzarioak, ekonomikoak, sozialak eta unean uneko teknologiarenak)». Uste du jarri direla oinarri batzuk antzeko zerbait berriz gerta ez dadin, baina ez du iragarle lanaren arriskurik hartu nahi: «Bistan denez, inor ere ez da gai etorkizuna iragartzeko».

Are baikorragoa da Mari Carmen Gallastegi. Hamar urteko bidean «lezio asko» ikasi direlakoan dago, eta legegileak, politikariak eta ekonomistak etorkizuneko krisiak aurreikusteko gai ikusten ditu. Eta gehiago: «Batez ere, gai izan daitezke hurrengo krisiak saihesteko edo konpontzeko». Zergatik horrenbesteko baikortasuna? Bi arrazoi eman ditu: batetik, oso denbora gutxi igaro dela; eta, bestetik, emandako pausoak norabide onean eman direla. «Hamar urte gutxiegi dira ahazteko Lehman Brothersen erorketarekin zer gertatu zen. Ondorioak ikaragarri mingarriak izan ziren, herrialde askotako herritarrei eragin zien, eta ondoren etorri den susperraldi ekonomikoa oso geldoa da. EBZ Europako Banku Zentralak eta AEBetako Erreserba Federalak (Fed) indarrean jarritako araudiek lortu dute finantza sektorearen opakotasuna txikitzea, eta hori lagungarria da segurtasuna lortzeko».

Edonola ere, prebentzio lanaren zailtasunak nabarmendu ditu Lander Belokik. Dekanoaren esanetan, ez da erraza burbuilen bilakaera zein izango den aurreikustea. «Eta, bereziki, oso zaila gertatzen da egoera ekonomikoa ona denean, burbuila husteko helburuarekin, politika ekonomiko murriztailea aplikatzea. Baina azken krisi honek erakutsi digu hori horrela ez bada egiten ondorioak latzak eta askoz ere okerragoak izan daitezkeela».
 

HURRENGO KRISIA:

NON ETA NOIZ?



Gizakia kaskagogorra dela uste du Madariagak, eta ezin zuzenduzkoa dela aldiro-aldiro harritzar berarekin topo egiteko baldartasuna. «Hartu dira neurriak desorekak aurrez antzemateko, baina diru goseak eta imajinazioak ez daukate mugarik, eta bestelako testuinguru batean, seguruenez, berriro harrituko ginateke».

Munduan 147 banku krisi egon dira 1970etik 2011ra, NDFren arabera. Noiz eta nondik etorriko da hurrengo krisi handia? Ekonomista batzuk Txinara begira daude, Asiako erraldoiaren zorpetzea handia delako: NDFren arabera, BPGaren %300dik gorakoa izango da 2022rako.

Belokik eta Madariagak ez dute arrisku iturri nagusitzat jotzen. Nahiz eta Txinaren zorpetze maila oso handia izan, BPGaren hazkunde tasa handiari eusten dio oraindik —%6,9koa izan zen iaz—. Belokiri arriskutsuago iruditzen zaio beste kontu bat: gerra komertziala. «Azken hilabeteetan arrisku geopolitikoak handitu egin dira, bereziki Trumpek nazioarteko merkataritza politikan barne merkatua babesteko neurriak hartzeko mehatxua egin eta pausoak eman dituenetik».

Beldur bera agertu du asteon Christine Lagardek ere, NDFko presidenteak. Ohartarazi du AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra gogortzeak astindu egin ditzakeela garabideko merkatuak, Argentinako eta Turkiako krisiak garabideko herrialdeetara hedatuta. Dena den, nahiz eta Txinaren zorra eta gerra komertziala kontuan hartu, Belokik ez du alarmarako beharrik sumatzen: «Ez dut uste une honetan esan dezakegunik tsunami ekonomiko berri baten bezperan egon gaitezkeenik».
 

KONTROLA ETA ARAUDIA



Krisiaren aurreko hamarkadetako desarautze orokortuak burbuilak puzteko eskuak libre utzi zizkien finantzen munduko marrazoei. Kasino ekonomia gailendu zen. Kontsultatutako hiru ekonomisten iritziz, gakoa da estatuek eta finantza erakundeek bankuak eta burtsak ondo kontrolatzea, marrazoak zaintzapean izatea. Madariagaren aburuz, gutxienez lau bloke handi kontrolatu behar dira balizko desorekak antzeman ahal izateko: sektore erreala, finantzarioa, fiskala eta kanpo sektorea. «Makrozuhurtziarako azterketa deitzen diogu».

Krisi ekonomikoek jatorri askotarikoak izan ditzakete. «Politika ekonomikoa oso konplexua da», azaldu du Belokik. «Krisian erori ez gaitezen, aldagai ekonomiko asko kontrolpean egon behar dira eta beren bilakaera aurreikustea erraza izan behar da: BPGa, inflazioa, zor publikoa, merkataritza balantzea, langabezia tasa, diruaren truke tasa…». Eta hala ere, era berean, saihestezina ei da: «Aldizka gertatzen diren krisiak merkatu ekonomiaren izaeraren ezaugarri dira».

Baina 2008ko krisia ez da errepikatuko, Gallastegiren iritziz. «Ez dago zertan berriro gertatu jasan dugunaren antzeko krisirik, baldin eta ziurtatzen badugu bankuek badaukatela behar adinako ondare garbia. Ez dago zalantzarik orain bankuak hobeto hornituta daudela duela hamar urte baino; orain, kontua da horrela mantendu behar direla ahalik eta denbora gehienez».

Kontrako ikuspegia dauka Patricia Campelo EHUko soziologoak. Nabarmendu du badaudela krisiaren eragiletzat jo izan diren faktore batzuk (kapitalen gaineko kontrol falta, etxebizitzen gaineko espekulazioa...) berdin jarraitzen dutenak. «Ez ditugu aldatu, eta ez dirudi finantzen munduak zaintza handiagoa izango duenik eta operazioek kontrol zorrotzagoak izango dituztenik. Bestalde, etxebizitzari dagokionean, badirudi beste burbuila bat ari dela sortzen, oraingoan alokairuaren inguruan».
 

ZORRA, ARRISKUTSUAGOA



Soilik datu makroekonomikoei erreparatuz gero, susperraldiaren aroak atzean laga du atzeraldi ekonomikoa, baina estatuek sekulako zor publikoa pilatu dute, krisi aurretik baino dezente handiagoa. Diru publikoz erreskatatu dira finantza erakunde asko, eta 2007tik 2017ra munduko zorra BPGaren %179tik %217ra igo da. Beste krisi handi bat baletor, 2008an baino kalteberago izango lirateke herrialde asko.

«Bankuen krisiek zor pribatua zor publiko bihurtu ohi dute, eta hori argi ikusi dugu azken urteetan», aitortu du EHUko katedradunak. Eta esplikatu du zorraren igoera kontuan hartu beharreko funtsezko alderdia dela: «Esan nahi duelako zauriak oraindik ere irekita daudela, eta ez dela ikusten azkar osatzeko aukerarik. Zauriak sendatu egin behar dira; bestela, izan garena baino kalteberagoak izango gara aurrerantzean».
 

FAKTURA NORK ORDAINDU



Krisiaren faktura zergapekoek pagatu dute nagusiki: kontsolidazio fiskala batez ere gastu publikoa txikituta pagatu da, eta ez aberatsenei zergak igota. Irabazien pribatizazioa eta galeren nazionalizazioa nagusitu da. Zergatik ez dira sartzen ekuazioan gizatasuna eta ekitatea?

Giza faktoreak zailtzen du ekuazioa, Madariagaren ustez. «Gizakiaren izaeraren ondorioz, norbere azalean naturaltasunez bizi ditugu inorengan kontraesan bezala ikusten ditugun jarrerak. Hala, humanismoa eta ekitatea ez dira gure gizarteko herritar arruntaren isla». Haatik, gaineratu du krisi honen aspekturik positiboenetako bat dela gizartea hasi dela «beharrezko neurria ematen» portaera etikoari.

Bateraezin iruditzen zaizkio Gallastegiri ekitatea eta gaur egungo sistema ekonomikoa: «Ameskeria bat da bateragarri egitea merkatu librea (sistema kapitalista) eta emaitza ekonomikoen ekitatezko banaketa, baldin eta ekitatea eta ongizate kolektiboa maximizatzeko nahia ez bada helburu desiragarri bihurtzen herritar gehienentzat, eta sektore publiko osoak ere ez badu hori bera praktikatzen». Ñabardura bat egin du gainera, esanez krisia pagatu dutela banku erakundeek ere, «txarto jokatu ez arren, sinesgarritasuna galdu zuten bankuek».
 

KAPITALISMOA: KRISIAN

ALA OSASUNTSU?



Krisi ekonomikoak paradoxa bat laga du agerian: alde batetik, orain arteko kapitalismo eredua krisian dago; bestetik, kapitalismoa inoiz baino osasuntsuago dago, eta ez zaio ageri alternatiba sendorik.

Paradoxarik ez dago, ordea, ez Belokirentzat, ez Gallastegirentzat. Krisiak ez du zalantzan jarri kapitalismoa eta merkatu ekonomia, haien ustez; hori bai, iritzi diote, kontrol eta esku hartze handiagoen beharra erakutsi duela. «Kapitalismoak erakutsi du, eta ez da lehenengo aldia, oso kaltebera dela eta ondorio txarrak sortzen dituela pertsonentzat, baldin eta erabaki ekonomikoak hartzen dituzten eragileen jarduna ez badago ondo kontrolatuta eta araututa», argudiatu du Gallastegik. «Eta hori horrela da kapitalismoa eta arriskuak hartzea oso lotuta daudelako».

Antzeko pitzadurak ikusten ditu Madariagak ere. «Euren kasa utzitako merkatuek erakutsi dute gabezia nabarmenak dauzkatela. Ez dira euren kabuz erregulatzen, eta horregatik, pentsatzen dut beharrezkoa dela ikuskaritza bat. Arlo horretan aurrera egin dugu, eta uste dut hori beharrezko galga bat dela honaino ekarri gaituen kontzeptu liberalarentzat. Beharbada ez da nahikoa, baina beti geratzen da beste tresna bat: aberastasunaren banaketa, zeinak lagundu baitezake gizarte justuago bat sortzen».
 

KONFIANTZA, HAUTSITA



Krisiak, azken batean, konfiantza galera handi bat dira —inbertitzaileen, gobernuen, erakundeen eta herritarren artekoa—. Ez kasualitatez, kreditu berbaren erroetan latinezko credere dago: sinestea. Konfiantza hautsi egin da hamarkada honetan.

«Nazioarteko erakunde nagusiak (NDF, OCDE...) ez ziren gai izan krisia antzemateko eta saihesteko, herrialdeetako gobernuek burbuilak elikatu zituzten... Zaila da esatea zenbatekoa den une honetan konfiantza maila; agerikoa dena da denbora beharko dela», adierazi du Deustuko irakasle Madariagak.

Bestalde, Belokik, Mondragon Unibertsitateko dekanoak, ohartarazi du konfiantza indizeek okerrera egin dutela azken hilabetetan, «eta hori ez da berri ona». Izan ere, unean uneko erabaki ekonomikoak hartzeko, etorkizunera begirako aurreikuspenek sortzen duten konfiantza maila hartzen da kontuan.

Epe ertainera begira, faktore gakoa da konfiantza Madariagarentzat, ekonomikoki zein politikoki. «Hain zuzen ere, krisiaren ondorioz sortu diren aukera politiko berrien oinarrian dagoena, hein handi batean, konfiantza galera da, herritarrek alderdi politiko tradizionalekiko galdutako konfiantza».
 

POPULISMOA KRISIAREN

HERENTZIA AL DA?



Lau adituen arabera, estuki lotuta daude alderdi populisten gorakada eta krisi ekonomiko handiak milioika herritarren bizitzetan eragindako mina.

Elite politiko eta ekonomikoak erabilitako austeritate errezetak «nahigabe soziala» eragin du, Madariagaren iritziz, eta nahigabea gorpuztu egin da. «Krisiari emandako erantzunekin iruzur egin diotela sentitzen duten herritarrek babesten dituzte alderdi horiek».

Mari Carmen Gallastegik bi fenomeno politiko lotu ditu krisiaren kudeaketarekin: «Batetik, AEBetan piztutako populismoa, Donald Trump herrialdeko presidentetzara eraman duena; eta, bestetik, Erresuma Batuak Europatik irteteko hartutako erabakia, brexit-a ere krisiaren ondorio bezala har baitaiteke».

Antzeko irakurketa egin du Patricia Campelo EHUko soziologoak ere. «Populismoa erantzun bat izan da, krisi ekonomiko luzeari eta hari aurre egiteko hartutako politika publikoen porrotari eskuinekoek eta ezkerrekoek emandako erantzun bat».
 

ERANTZUN SOZIALA



Krisiaren logika izan da herritarren gerrikoa estutzea bankuak diru publikoz erreskatatzeko eta instituzioen kontuak doitzeko. Hainbat herrialdetan sortu dira austeritatearen kontrako mugimendu eta alderdiak, baina ez da mamitu eraldaketa sozial eta politiko sakonik. Beldurraren doktrinak eragin handia izan du.

«Hala ere, gizartea ez da zirkinik egin gabe geratu. Alderantziz, ikusi dugu nola aktibatu diren talde sozial asko, eta nola erakutsi duten euren desadostasuna eta haserrea arlo politikoan eta sozialean», azaldu du Campelok.

«Uste dut ez dela justua esatea gizarteak ez duela erreakzionatu. M15, Stop Desjabetzeak, medikuen marea zuriak... asko izan dira protesta taldeak, eta horren lekuko dira jendetzak bildu dituzten manifestazioak. Ez da leherketa sozial biolentorik gertatu, eta horrek erakusten digu gure gizarteak heldutasun demokratiko maila handia daukala». Azken urtean, hain zuzen, indar berezia hartu dute bi mugimenduk: pentsiodunenak eta feminismoarenak.
 

DESBERDINTASUN SOZIAL

GERO ETA HANDIAGOAK



Hamarkada bat eta gero, nabarmen handitu dira desberdintasun sozialak. Inguruko datu bati erreparatzearren, Espainian %150 hazi da oso aberatsen kopurua krisia hasi zenetik. Eta Oxfamen kalkuluen arabera, iaz munduan sortutako aberastasunaren %82 gizarteko %1 aberatsenaren patriketara joan zen.

«Albiste oso txarra da desberdintasun sozialena, eta, logikoki, arrisku faktore oso inportantea da», Madariagaren hitzetan. Ezinbestekotzat jo du gizarte ahalik eta inklusiboena izatea: «Baita oraingoa bezalako egoera batean ere, non baliabide ekonomikoak ez dauden soberan. Ezin da desagertu gaizkien pasatzen ari direnekiko sentsibilitatea».

Colin Crouch soziologo eta politologo ingelesak klase ertainaren pobretzea eta eskuin muturraren igoera lotzen ditu. Ondorioztatu du klase ertainak boterea galdu duela globalizazioaren eta krisi ekonomikoaren eraginez, eta botere galeraren harira nortasun bila dabilela, eta erantzuna eta babesa nazionalismoan aurkitzen ari dela.

Bat dator Campelo. «Klase ertaina da kaltetuena, besteak beste, ikusten duelako bere seme-alaben belaunaldiak lan prekarioak dauzkala, nekez lor dezaketela etxebizitza bat eta, funtsean, bizi baldintza txarragoak dauzkatela». Azaldu duenez, korrelazio estua dago boto populistaren eta Europako eta herrialdeetako instituzioekiko konfiantza mailaren artean: «Erakundeekiko konfiantza txikiagoa den tokietan indartsuagoa da populismoa».
 

POSDEMOKRAZIA



Crouchekin jarraituz, politologo ingelesak dio posdemokraziaren garaia dela gaur egungoa. Kalabaza batekin konparatu ditu Mendebaldeko demokrazia liberalak: itxura ona daukate kanpotik, baina barrua harrek janda daukate. Kalabazaren azala laranja eta distiratsua da: hauteskundeak daude, diktadorerik ez dago, gobernuak aldatzen dira... Baina, Crouchek ohartarazi duenez, desagertu egin da «demokrazia biziarazten duen energia zibikoa».

Crouchek aurreikusi zuen alderdi eta sindikatu tradizionalen oinarrietako energia itzali ahala, piztuko zirela berriak: pentsatu zuen feminismoa, ekologismoa eta integrismo erlijiosoa izan zitezkeela. Espero ez zuen batek hartu du indarrik handiena: muturreko nazionalismoak eta xenofobiak. Harrak, haren ustez.

Politikaren ezintasuna agerian utzi du krisiak, kapitalismoaren eta demokraziaren arteko talka. Europan, adibide paradigmatikoa izan da Greziarena: nahiz eta Alexis Tsiprasek hauteskundeak eta erreferendum bat irabazi austeritatearen kontrako diskurtsoarekin, troikaren esanak betetzera behartu zuten.

Europako Batasunak leziorik ez du ikasi, Campelo soziologoaren aburuz, politikak ekonomiaren mende jarraitzen duelako, eta ez alderantziz: «Europa ahalegindu behar da politikak agindu diezaion ekonomiari, ekonomia finantzarioaren gaineko kontrol faltak eragin baitzuen krisia. Europak erabili egin beharko lituzke bere instituzio politikoak, baina Greziaren kasuan ikusi dugu ez dela horrela gertatu, eta herritarrek jasan behar izan dituzte ondorioak».

Wall Street hil zenekoa

Tsunamia bazetorrela ohartu ezinik

«Ez zen arazo bat merkatu batean; kataklismoa orokorra zen»

Mundua astindu zuen krisiaren kronologia

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna