Inbertsio funtsak

FUNTSEN MUNDUAN

Ez dira hain ezagunak, baina mundua haien esku dago. Inbertsio funtsek tresna finantzario moduan historia luzea badute ere, azken hamarkadetan goraldi ikusgarria izan dute, baita aurrezle txikien artean ere. Funts batzuk izugarri handitu dira, eta botere oso handia dute.

BERRIA.
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Oihan tropikalean matxetearekin bidea zabaltzen ariko balitz bezala sentitzen da hasiberria, inbertsio funtsen gaian barneratzean. Erraza da galtzea elkarrekin nahaspilatzen diren sustrai, adar, hosto, liana —funts, kapital, akzio, indize, interes— eta abarretan. Arriskuz jositako oihanean, batzuk besteak baino hobeto mugitzen dira, eta ez beti. Eta, jakitun egon gabe, mundu guztia —finantzak, ekonomia eta politika bera ere— atzituta dago baso horretan.

Funts industrialak, indexatuak, pasiboak, socimiak, hedge-fund-ak, funts putreak, funts subiranoak... Belarrira ezagunak izanagatik ere, herritar arruntak ez ditu egiaz ezagutzen eta ulertzen. Eta, hala ere, oso posible da herritar horietako askoren dirua funts handi horietako batean egotea. Gure dirua funts putre batean? Edo Euskaltelen buruzagitza hartu duen Zegona horretan? Ana Blanco Mendialdua Ekonomiako doktore eta EHUko Finantza Ekonomiako irakaslea da, eta Enseñando Finanzas blogaren egilea. Haren arabera, bai, posible da. «Gaur egun, zaila da jakiten gure aurrezkia benetan non dagoen. Hainbestekoa da aukera, hain elkarri lotuta daude finantza tresna guztiak. Funtsen funtsak ere existitzen dira».

Nahiko berdin zaio bankuko aholkulariak inbertsio funtsa jasangarri edo etiko gisa saltzea ere. Blancok argi dauka: «Zuzeneko inbertsio bat izan ezean, niri oso konplikatua iruditzen zait %100eko segurtasuna izatea zure diruak egiaz betetzen dituen, adibidez, funts jasangarri eta etiko direlakoen inbertsio baldintzak». Eta, finean, funtsentzat eta haietan ondarea jartzen dutenentzat, helburu nagusia —praktikoki helburu bakarra— errentagarritasuna da. Inbertitutako diruari etekina ateratzea, ahalik eta gehiena, ahalik eta azkarrena.

Dirutzak funtsetara

Oro har, gero eta ondare gehiago doa funtsetara. 2017an, funtsek 46 bilioi euroren aktiboak zituzten munduan, Nazioarteko Inbertsio Funtsen Elkartearen arabera. Iaz, kopurua 2,3 bilioi euro jaitsi zen, 44 bilioi euroraino.

Herrialde anglosaxoietan, lehenago garatu ziren inbertsio funtsak, baina ekonomia krisitik ateratzen ari den heinean, gainerako herrialdeetan, eta Euskal Herrian ere bai, jende gehiagok lortu edo berreskuratu du aurrezteko ahalmena —batzuek ez zuteninoiz galdu—. Eta, interes tasa txikien ondorioz, banku gordailuek eta kontu korronteek ezer gutxi ematen dutela ikusita, aurrezle askok jo dute inbertsio funtsetara. Euskal Herriko aurrezleak nahiko kontserbadoreak dira, eta, oro har, nahiago izaten dituzte funts bermatuak. Baina muga gutxiagoko beste mota bateko funtsak ere hedatzen ari dira.

Inbertsio kolektiborako tresna bat dira funtsak. Hainbat jenderen ondarea biltzen da haietan, kudeatzaile batek diru hori hartu eta, errentagarritasuna ateratzeko, aktiboetan inbertitu dezan. Aktibo horiek oso desberdinak izan daitezke. Merkatuetan publikoki saleros daitezke (burtsetan), eta izan daitezke enpresetako partaidetzak (akzioak), estatuek edo enpresek jaulkitako zorrak (errenta finkoa), bonuak, lehengaiak. Eta izan daitezke funtsak ere... Bestetik, merkatuetatik kanpo eskualdatzen diren aktiboak daude —arrisku kapitalean, inbertsio alternatiboetan, higiezinetan ere askotan...—, eta orduan kapital pribatuaz ari gara. Funts kudeatzaileak batean zein bestean ibil daitezke.

Arriskuak ikusmiran

Finantzen oihaneko landaredian azken urteetan gehien ugaldu diren espezieen artean daude ETF funtsak (Exchange Trade Funds), zeinak merkatuetan saleros daitezkeen. Eta halakoetan, gehien-gehienak funts indexatuak dira. Funts horiek indize bat erreplikatzen dute, hots, kudeatzaileak aktibo kartera indizearekiko proportzioan osatzen du, eta kito: hortik espero du errentagarritasuna lortzea. Kudeaketa pasiboa horri deitzen zaio. Aldiz, kudeaketa aktiboan, merkatuak azpibalioztatuta dauzkan aktiboetan inbertitzen da, etorkizunean balio hori handituko dela pentsatuz.

Kudeaketa pasiboak, jakina, lan gutxiago eskatzen du, eta, ondorioz, kudeatzailearen komisioak ere dezente merkeagoak izan daitezke. Horrek jende asko erakarri du, eta negozioaren hazkundea ikusgarria izan da azken hamar urteetan. Onuradun handienak AEBetako funts erraldoiak izan dira. BlackRock eta Vanguard dira handienak: 5,8 bilioi euroko eta 4,7 bilioi euroko ondarea kudeatzen dute, hurrenez hurren. Sekulako boterea dute. «Haien esku dago dena, eta herrialde bat hondoratu dezakete lasai asko, kalifikazio agentziekin krisian gertatu zen bezala».

Kudeaketa pasiboari beste arrisku batzuk ere ikusten dizkio Ana Blancok. Esaterako, burbuila bat sortzearena. «Pentsa funts guztiak indize bera erreplikatzen ari direla. Ibex 35 indizea, adibidez; guztiak doaz Iberdrola, Telefonica eta horiek erostera, eta, horrekin, merkatuen euren portaera nahasten dute». Lehia bera ere baldintzatua geldi daiteke, indizea erreplikatzerakoan sektore bereko konpainia ustez lehiakideetan partaidetza esanguratsuak izan ditzaketelako.

Gero, «non gelditzen da hor enpresa baten edo aktibo baten egiazko balioa?». Blancoren ustez, lehen, konpainia baten kotizazioak hobeto adierazten zuen konpaniaren berezko balioa. «Baina orain, analisi horrek ez du balio».

Finantza merkatuen aldakortasuna ere arriskutsua da. «Gorabeherak oso handiak dira, eta merkatuak oso sentikorrak dira informazioekiko. Batzuetan, bat-batean burtsa jaitsi egin da, eta ez dakizu zergatik, ez delako horretarako ezer gertatu». Hor tartean makinak egon daitezkeen seinale? «Kudeaketa pasiboko funts asko eta asko daude robotek kudeatuta, bai».

Kudeaketa pasibokoak zein aktibokoak, inoiz baino gehiago, funtsak dira munduaren jabeak. Eta jabe horietako gehienak ez dira oso bihozberak izaten negozioetan: errentagarritasuna dute jainko. Familia enpresa zenak buka dezake berregiturekin negozioa egiten duen AEBetako funts baten esku, eta hari gutxi inporta zaio enpresaren merkatu balioa ahalik eta gehien igoarazteko lantegi bat ixtea —nahiz eta errentagarria izan—, eta ehundik gora langile kaleratzea.

Ez da beldurgarria hori guztia? «Bai», dio Blancok, itzulingururik gabe: «Dirua galtzerdi batean gordetzeko gogoa pizten zaizu. Baina hori da egoera». Finantzen oihana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.