Ahomentan

Paisaiaren aldirietan

Euskal kultura ez dela zaintzen, ez dela ezagutarazten, ez zaiola ematen dagokion babesa eta espazioa. Argi dute hori Ximun Fuchsek eta Garbiñe Ubedak. Urteak daramate kulturan lanean, eta zorrotz mintzo dira egoeraz; etsipenez baino gehiago, garaiak exijitzen dituen aldaketen premiaz.

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko abuztuak 11
Inor ezin da ez egon paisaian, eta, halere, batzuk gehiago daude beste batzuk baino. Ikusgarriak eta ikusezinak alboz albo bizi dira. Eta inon egotekotan, aldirietan dago hor euskal kultura. Aratz ikusten dute hori Ximun Fuchsek eta Garbiñe Ubedak. Bazuten elkarren berri, baina ez zuten elkar ezagutzen. Txingudiko badian elkartu ditu BERRIAk, batzen dituen paisaiaz aritzeko.

Nola hasi zineten kulturgintzan?

XIMUN FUCHS. Ni kasualitatez eta plazerez, ze antzerkia jokoa da eta horretara jostatzen ginen. Nerabe ginela, bagenuen rock talde bat, eta gaztetxez gaztetxe ibiltzen ginen. Gero, Bordeleko fakultatean hasi nintzen antzerkia ikasten. Fakultatea bilakatu zen gure joko terrenoa; egiten genuen antzerkia toki denetan: jantokian, autobusetan, fakultateko korridoreetan... dena esperimentatu dugu. Hau zen benetako formakuntza: imajinazioak permititzen bazuen zerbait askatzea, dena zen posible. Baina antzerkia ez da fakultatean ikasten; ikasi, oholtzan ikasi dut, eginez.

Fakultateko lagunekin frantsesez egiten zenuten?

X.F.: Bai. Baina nire egiazko formakuntza euskal antzerki amateurra izan da. Gaztetxoa nintzenean, baziren hainbat talde euskaraz giro bat elikatzen zutenak. Toberak, maskaradak, pastoralak, libertimenduak... horiek hezi eta hazi naute.

Zure hasierak nolakoak izan ziren, Garbiñe?

G.U.: Neurri batean, Ximunen antzekoa da. Filologia, euskara ikertzeko baino gehiago, egiteko nahi genuen guk. Gaztea zara, eta presa daukazu. Hori [Euskaldunon] Egunkaria-ren sorrerako giroarekin uztartu zen. Baina kulturgintza, orokorrean, nik oso txikitatik izan dut nire paisaian: Herri Irratiko musika, ikastolako kantuak, idaztea, marraztea... Hori zen gure egunerokoa, eta nik horren parte izan nahi nuen. Euskalgintzan oso garrantzitsua izan den jendea aurkitu nuen bidean: Euskal Herrian Euskaraz-ekoak, Argia-ko jendea, Txillardegi bera... Hori izan da nire eskola, eta bizitzak handik eraman nau. Ez dut uste ezer berezirik egin dudanik, gogoa agertu besterik.

Zeintzuk izan dira bidean oharturik zein oharkabean hartu dituzuen erabaki aipagarrienak?

G.U.: Erabaki garrantzitsu bat Euskal Filologia utzi eta bestera buru-belarri jartzea izan zen. Egun, beharbada, ez nuen hori egingo, titulu batek ate asko irekitzen dituelako. Baina orduan ezinbestekotzat jo nuen. Bigarrena, berriz, Egunkaria sortu zenean Argia-n geratzea izan zen. Egunkaria fabrika handiegia zen niretzat, lanak zehatzagoak ziren, eta nik adar asko behar ditut batera: idatzi, diseinatu... Askatasuna behar dut, eta Egunkaria-n ez zegoen denborarik galtzeko. Garai hartan, bi gauza ziren oso garrantzitsuak guretzat. Bat zen militantzia: horretara jarri, eta hori zen dena; lagunak galtzen zenituen, dena. Eta bigarrena zen kuadrilla: kuadrilla batek eramaten ditu gauzak aurrera. Bizitzak gero erakutsi dit hori ez dela hain ona, kuadrillaren izenean gauza batzuk gaizki egin ditugula, kontzeptu zabalagoa behar dugula.

X.F.: Nire kasuan, bat anaiarekin lan egitea izan da. Ez dakit gure erabakia den, edo bizitzak erabaki duen guretzat. Azken erabakia ere anaiarekin hartu dut: euskaraz soilik, euskara betean sortzea, ekitea eta eragitea. Luzez egin dugu bi hizkuntzetan, bata bestea elikatzeko, ez hainbeste artistikoki baizik eta baliabidez eta energiaz, baina momentu batean ohartu ginen distantzia handitzen zela gure erranen eta gure ekintzen artean, eta hori txikitu nahi genuen. Antzerki talde handi bat eramaten genuen, 15 pertsonarekin: Le Petit Theatre du Pain. Hori utzi, eta Axut sortu dugu: oso xume, gugandik hurbilago eta artistikoki erradikalago.

Orain, zer duzue esku artean?

X.U.: Fronte asko; batzuk sorkuntzari lotuak, eta beste batzuk tresnak eraikitzeari. Bukatu berri dugu Zazpi senideko-ren itzulia; udazkenerako, Zaldi urdina ari gara prestatzen, Artedrama eta Dejaburekin; uztailean film labur bat grabatu dugu, eta orain ari naiz muntaketa egiten. Aldi berean, Axutekin hainbat proiektu ari gara prestatzen ikastetxeetarako, hezkuntza artistikoa garatzeko. Eta Gastibeltzarekin ere ari gara.

G.U.: Ni ere lauzpabost gauzarekin, eta askatasun osoan, nire kasa. Gazteentzako nobela bat bukatu nuen, eta bigarren partearekin ari naiz. Kolaborazioak ere egiten ditut hainbat hedabidetan, eta kazetaritza eta ilustrazio lanak ere eskatzen dizkidate. Toki batean geldi egon ordez, horrela sentitzen naiz pozik, lardaska horretan.

Eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari.

G.U.: Baina boluntario egiten den lan bat da: lehendakaritza ez da ordaindua; lan egiten duzu, norbaitek egin behar duelako.

Baduzue sortzeko nahikoa denbora eta beharrezko baldintzak?

G.U.: Normalki, ez. Askotan, nahi ez diren lanak hartu behar dira, soldata bat izateko. Halere, gehienak gustukoak dira, eta ordainduak. Gutxi, baina prekaritate horretan gaztetatik ohitu garenez...

X.F.: Ni ez naiz autonomoa: intermitentea naiz. Horrek ematen dit segurtasun bat finantzan, baina ez sortzeko behar ditudan baliabideak. Bizitzen ahal naiz sortzetik; ez naiz pobre sentitzen. Sentitzen dudana da diru zama bera izateko lan bikoitza egin behar dudala. Zinema euskaraz sortzean, gure idazkerak epaituak dira Bordelen. Txosten guztiak frantsesera itzuli eta frantses ikuspuntura moldatu behar dira; ez dute, bestela, ezer ulertzen. Behar da egin gero dirua lortzeko, inork ez baitu sostengatzen zinema hemen. Elkargoak erabaki du ez duela egingo.

G.U.: Zuek okerrago zaudete... Idazleen kasuan, gehienak ez dira idaztetik bizi. Hitzaldiekin, kazetaritza lanekin... osatu dezakete lana, baina, sortzeaz, idazteaz, ez.

Esan izan duzu, Ximun, hiru aldiz pobretu zaretela euskara hutsean lan egiteko apustua egitean.

X.F.: Le Petit eramaten nuelarik, aktore kopuru bertsuarentzat hiru aldiz diru gehiago lortzen nuen. Baina kontua ez da dirua, baizik ze balio ematen diogun gure arteari, gure hizkuntzari. Ze ni, artista gisa lan egiten nuenean frantsesez edo euskaraz, artista bera nintzen; baina, euskaraz sortzerakoan, hiru aldiz gutxiago balio du nire lanak. Hots, ez nintzen arras humanoa euskaraz egiten nuenean; hots, tximino bat naiz oraindik. Kito. Euskaraz hitz egiterakoan, ez naiz humanoa: erdi humanoa naiz. Lurralde honek bere hizkuntzari eskaintzen diona aski esanguratsua da. Ez bakarrik arteetan.

Kulturizidio plan bat





Kultur komunitate modura, diagnostiko bat egiten hastera, zertan eman dira aurrerapausoak, zertan dira herrenak?

G.U.: Hasteko, kultur komunitaterik nik ez dut ikusten; hizkuntz komunitatea da. Komunitaterik badugu, euskarak ematen dio. Jaurlaritzak esango digu bi kulturak direla gureak, bi hizkuntzak direlako koofizialak. Eta ni hor ez naiz identifikatzen.

Bada, hizkuntza komunitate modura, prekaritatea, ikusgarritasuna eta prestigioa izan daitezke gaur erronka handienak?

G.U.: Ximunek esan duenetik abiatu behar dugu: ze hizkuntzatan egiten duzun, tximinoa zara ala aktorea zara. Ezin da hitz egin ez prekaritateaz eta ez ezertaz, paisaia orokorraz hitz egin gabe. Gauza bat da kultura, eta beste bat kultur adierazpideak: antzerkia, musika... Eta kultura orokorrean ikaragarri beheraka goaz. Adibide bat: nire ama. Euskaldun zaharra, kalekumea. Bere kultura euskal kultura da. Beharbada, ez zuen antzerkia askorik ikusiko, baina Piarres Larzabal nor zen badaki; euskaraz ez zegoen alfabetatuta, baina idazleak zeintzuk ziren bazekien; bertsolariak, berdin: Mattin nor zen esango lizuke azkar asko. Kultur adierazpideetara ez zen askorik iritsiko, baina kulturaren panorama bat badauka. Orain, alderantziz gertatzen da. Nork ezagutzen du Ximun Fuchs? Oso barruan ez dabilenak ideiarik ere ez dauka; gure kultura ez dagoelako paisaian. Hori da galdu duguna, ikaragarri.

Hortik datoz beste gaitz guztiak.

G.U.: Noski. Kulturan ez baduzu inbertitzen, gero daukazuna daukazu kultur adierazpideetan: prekaritatea, ikusgarritasunik eza, bigarren mailako sentitzea... Gu zer gara paisaian? Ez gara ezer. Ez gaude. Ghetto txiki batean gaude, eta hor idazleak badira nor, badaukate prestigio bat, baina hortik kanpo inork ez ditu ezagutzen. Ez gaude komunikabideetan, erakusleihoetan... Kulturaz aritzean, kanpora begira landu nahi duten irudiaz ari dira: Euskadi Basque Country, Guggenheim... Eta hor ez dute euskara sartzen. Asumitua dutelako bai Hegoaldean, eta zer esanik ez Iparraldean, elebidun garela. Zerk konpontzen du? Ingelesezko hitz bat hartzeak. Donostiako Zinemaldia kendu eta Film Festival jartzeak. Hor inbertitzen da, eta, gero, apurrak kultur adierazpideei.

X.F.: Gauza da zertarako. Nik errango dut zertarako egiten dudan: bat da nire hizkuntza, eta bi da nire historia. Euskaraz egingo dute gure haurrek soilik eredu berriak, berritzaileak eta intimoak eraikitzen ahal baldin badituzte hizkuntza horretan. Lan hori nork egingo du, arteak egiten ez badu? Literaturak, zinemak, antzerkiak...? Eredu horiek egiten direino espainolez edo frantsesez, kexatzen direnean, animaliatasuna ateratzen denean, espainolez edo frantsesez egingo dute.

Eta bestea historia da.

X.F.: Bai, gure historia intimoa; sentsiblea baina politikoa. Badira serieak, Patria-eta: denak espainolez egin eta pentsatuak, eta euskal aktore guztiak sartzen dira horretan... Baina guk ez dugu kontatzen gurea. Ez badugu historiarik, ez hizkuntzarik, baskismoa da duguna. Abertzale izaera galdu da kulturan, beti izan den arren gotorleku bat. Eta hori herriko jendeak egin du, arriskatu du, zeren hau zen haien arima. Euskaraz egitea ez da bazterkeria: kontrakoa da. Nondik hitz egiten dugun jakiteak posibilitate bat ematen digu norbaiti hitz egiteko; bestela, ez dakigu nor garen ere.

Gure herriari diogun atxikimendua galdu da, ezker, eskuin, zentro, denean. Baskistak bilakatu dira, eta ez abertzaleak.

G.U.: Basko izate horretan, hizkuntzaren egoerak zeresan handi du. Lehenago, euskarak egunerokoan balio zuen; ez zuen balio hizkera jaso moduan. Orain, alderantziz da: hizkuntza jasoa badugu, baina egunerokoan kale egiten digu, ez dugulako lantzen. Eta nola landu daiteke hori, ez bada kulturatik? Gero, kulturara ekarri nahi dira industriaren paradigmak: mozkinak, errentagarritasuna... eta euskal kulturan ezin da. Euskararen egoerak ez du ematen. Bestela pentsatzen hasi behar dugu: hizkuntza eta kultura behar ditugu bestela ez dagoelako gizarterik. Sortzaileak lagundu behar dira gizartean aurrera egiten laguntzen dutelako. Haiek ematen diote mugimendua hizkuntzari, gizarteari. Sortzaileak I+G dira, ikerketa eta garapena. Hor inbertitu, eta ez da eskatzen mozkinik, epe luzera espero delako. Hori sortzaileek ematen dute, kultur adierazpideek. Lan horren bidez ulertu eta eraldatu dezakegu mundua.

X.F.: Kulturarik edo arterik gabe, herririk ez da. Eta paradigmak hor behar dira jarri. Antzerkia, adibidez, esparru libre bakarrenetako bat euskaraz bizitzeko. Jendea etortzen denean gu ikustera, ez du pentsatzen: «A, euskaraz da». Ikusten du, bizitzen du euskaraz, komunitatean. Burujabetza momentu txiki bat da. Berdin bertsolaritzan, irakurketan... Euskal Herri txikiak hor sortzen dira. Nahi den modura: kritiko, ez-kritiko, umoretsu... Ez da pentsatu behar zer nahi den kulturarentzat, baizik zer nahi den herriarentzat. Maite badut, orduan elikatzen dut. Ez badut pentsatzen zerbait doi bat duina, erran nahi du ez dudala maite nire herria. Eta posible da! Baina, orduan, ez jantzi.

Hori oso ondo dakite kultura handiek: beren irudia harro zabaltzeko baliatzen dute kultura.

X.F.: Noski, frantsesak, amerikarrak... AEBetako lehen zinema ekoizlea AEBetako armada da, eta mundu guztian bada jendea amerikarra izan nahi duena. Horretarako inbertitzen dute. Euren herria maite dute, gutxienez! Hemen Marshall plan bat behar da, zerbait erraldoia. Aurretik egindakoen ondarearekin bizi gara oraindik, baina agortzen ari da.

Urteko tituluetako bat izan da: euskaldun gehienek ez dute kontsumitzen euskal kultura.

G.U.: Sortzaile gisa, ezin duzu pentsatu kontsumituko ote den edo ez den. Erotu egin zaitezke. Zure lana sortzea da; gero gerokoak.

X.F.: Ni kontent naiz; jendea etortzen da gu ikustera. Baina datu hori biziki esanguratsua da errateko gure kulturak ze leku duen gure herrian, konkretuki, diruz, baliabidez. Erailtzen ari dira kultura bat merkatutik, mundu osoan bezala. Kontsumoa horren aztarna bat da. Kulturizidio plan bat dago, pasiboki uzten dena egiten. Jakin behar dugu hemen zenbat egiten den euskaraz eta zenbat gaztelaniaz edo frantsesez, eta horren araberako neurriak hartu.

Bada datu harrigarri bat: Baionako antzokian, 1968an eman zen azken antzezlana euskara hutsean: Piarres Larzabalen Matalaz, Rogert Idiartek eta Telesforo Monzonek zuzendua.

X.F.: Euskaraz eta azpidatzirik gabe bai. Aurreko zuzendariak erraten zuen ez zela arras egia hori, baina edonola. Orain negoziatu dugu gure lan berria erdia azpidatziekin ematea eta beste erdia gabe, bakoitzak bere komunitateari zuzentzeko. Baina nik badakit nireari hitz egiteko azpidatzirik gabe egin behar dudala. Bestenaz, beti izango da diglosian.

G.U.: Halako inkesten arriskua da gu egiten gaituela errudun: gure errua da ez dugulako irakurtzen, ez dugulako telebista euskaraz ikusten... Eta ez, hori ondorio bat da. Ez dagoenez benetako ahalegin bat gu modu horretan definitzeko, ez dago bestea.Nola kontsumituko da ez bada ezagutzen?

Aitortza profesionala





Sortzailerik gabe, ez dago kulturarik. Hura da, baina, katebegirik ahulena kultura horren bueltako ekonomian. Aspalditik datorrena okerrera doa, antza. Hor eragin nahi du Lanarteak, abiatu berri duzuen Euskararen Langile Autonomoen Intersindikalak?

G.U.: Bai, aurrena da aldarrikatzea euskaraz ere badagoela ofizio bat izaterik kulturan. Ez dago aitortzarik: idazle izatea ez da ofizio bat, antza denez. Baina bada, eta hala den neurrian behar du soldata. Gutxiengo batzuk zehaztu behar dira: zer den duin izatea idazten duenaren ofizioan. Hori izango da lehen pausoa: kantariaren, itzultzailearen, marrazkilariaren, artistaren ofizioak aldarrikatzea.

X.F.: Osotasunean pentsatu behar da. Lana eskaini, bere etapa guztiekin. Gurean bada kristoren kalitatea, eta behar da herritartu. Badira metodoak. Garai batean, jendea alfabetatzeko ziren, eta esateko: «Hau zuena da». Eta hori da egin behar dena, jendeari erran: «Hau zurea da, zure ondasuna. Jabetu; bertzenaz, ebatsiko dizute, eta Amazon kontsumitzaile huts bat bilakatuko zara». Kito. Nortasuna ez baduzu garatzen, makina bat bilakatzen zara, jan eta kaka egiten duena. Behar baduzu maitatu, kexatu, bizi, oldartu, asmatu, existitu munduan, beharrezkoa duzu zure kultura, zentzu zabalenean. Ez da oso garesti hori. Frantzian, autogintzak baino diru eta lan gehiago eragiten du kulturak. Euskal Herrian, ezar dezatela autogintzan ezartzen den dirua.

Falta da sortzailearen lana ofizio modura ulertzeko kultura bat?

G.U.: Betikoa: oso barneratuta daukagu oholtza baten gainean egiten den artean ordaindu behar zaiola argindarra jartzen duenari, oholtza jartzen duenari, baina saioa egiten duenari, hitzaldia eman, kantatu... hari errazago esango diozu: «Merkexeago egidazu, mesedez, kausaren alde». Eskatu diozu besteari ere? Beti eskatzen zaio azkenari, sortzaileari.

X.F.: Dirua ez da arazoa; behar dena da inbertitu serioski. Teknologia berrietan inbertitzen badut orain mila euro konkurrentzia egiteko Microsoftekin, ez dut deus egingo. Erridikulua da. Horretan gaude euskal kulturarekin.

Lanartearen eskakizun zehatz bat da Euskal Kulturaren Legea, itun propio bat euskal sortzaileentzat. Zer lortu beharko luke?

G.U.: Legea esaten dugunean, betiko arazoan gaude: non eskatu behar dugu? Espainolei eskatu behar diegu, eta, beraz, Hegoaldeaz ari gara? Zenbat lege eskatu behar genituzke? Bide luzea da hori. Aurretik, mila aldarrikapen egin eta karraka ikaragarria eman behar da. Legea izango da azkena iritsiko dena, baina ez digu konponduko dena. Iparraldean, ofizialtasunik ere ez daukagu.

X.F.: Funtsezkoa da diskriminazio positibo bat lortzea: euskal kulturak behar du babes berezi bat bere lurraldean. Egin izan den bezala diskriminazio positiboko politika bat emakumeen lekua bermatzeko gizartean. Hemen, berdin: ezin da erran berdin denik euskaraz sortzea edo espainolez sortzea edo frantsesez. Merkatua, ahalbideak ez dira berdinak... hots, behar ditu berme bereziak. Leku batzuetan behartuta, kuotak ezarriz. Eta euskaraz sortua denari ahalbide gehiago emanda, nahiz eta ona ez izan, berdin da; orduan, sortzaile anitz atera eta merkatua puztuko da, artifizialki, dudarik gabe, baina momentu batean beharrezkoa da.

G.U.: Lortu behar da aitortzea euskaraz sortzen duenak onura bat ekartzen duela gizartera. Oraindik konplexuekin gabiltza, ordea.

Diskriminazio positibo horren bidean, neurri ausartagoak hartzeko unea da orain?

X.F.: Uste dut baietz, badela eskaera bat. Sortzaileen artean, ohartzen gara behar dugula guk proposatu, zeren ez da etortzen bestela. Gero, martxan jartzeko botere eta kontrabotere politiko sendo bat beharko da. Beren kultura aitzinean ezartzen duten herrialdeetan, normalean, alderdi ezberdinek adostasun bat atzematen dute puntu horretan.

Idazleak, kantariak, bertsolariak, marrazkilariak eta abar elkartu zarete Lanartean. Sumatzen zen batzeko behar bat?

G.U.: Elkartzea polita izan da. Horrek emango digu bestela lortzen ez genuen indarra. Garai batean, denetako elkarteak sortu genituen: idazleen elkartea, itzultzaileena, antzerkilariena... Beharbada, eferbeszentzia hartan, behar genuen hori dena. Baina, orain, joerak kontrakoa izan behar du; elkartu behar dugu, ze jango gaituzte. Pauso garrantzitsua da. Halere, abiatu berria da, eta oso bide luzea ikusten dut nik. Baina horretan ari gara.

Duintasun horri oinarriak jartzen hasterakoan, Frantziako intermitentzia sistema izan daiteke abiapuntu bat?

G.U.: Beste arazo bat da ogasun bakoitzak bere legeak dauzkala. Ez dakit; uste dut txartel moduko bat beharko genukeela. Ametsetan ari naiz... «Txartela dut», esatea. «Euskal sortzailea naiz». Beraz, ogasun horrek beste tregoa bat eman behar dit. Ezin dit eskatu enpresa bati beste; onura bat ekartzen ari naizelako eta prekaritatera behartuta nagoelako. Idazleei, adibidez, faktura bat eskatzen diete irakurle klubera joateagatik. Faktura bat egitea, Hegoaldean, autonomoetan alta ematea da, eta hilean ogasunari 300 euro ordaintzea, gutxienez. 200 euro kobratzeko, 300 ordaindu? Horra ere iritsi behar luke Lanarteak. Ez da soilik autonomoentzat: euskal kulturan ari diren denentzat balio behar luke.

X.F.: Intermitentzia izan liteke abiapuntu bat. Beste industriekiko babes sozial indibidual eta berezitu bat da: berdin da idazleentzat, pintoreentzat, dantzarientzat... Langabeziatik ordaintzen da lan egiten omen ez duen egunetan. Ulertzen da lanean dagoela ordaindua ez denean ere, edo lana bilatzen, eta dena ezin dela ordaindua izan. Baditu iruzur batzuk, baina, gutxienez, jende asko horretaz bizi ahal izatea eskaintzen du, eta Frantziako ekonomia elikatzea. Baina babes indibiduala ez da aski. Hori badago, baina lanik ez? Egiazko lan bat sortu behar da esparru guztietan.

Datorren munduan





Ingurura begiratuta, egitura ugari sortu ziren duela hamarkada batzuk; era berean, gehiegi lasaituz gero azkar galdu daitezkeen beldurrak hor dirau. Ados zaudete? Zenbat du erresistentziatik gaurko kulturgintzak?

G.U.: Egia da baditugula egiturak, baina asko zaharrak dira. Egiturek garapen bat eta autokritika handia behar dute. Eta hori ez dut hainbeste ikusten. Baditugu uste oker batzuk: esaterako, ikastolek euskaldundu egiten dutela. Egun ez da egia, eta kritika hori ez diogu aitortzen geure buruari. Iparraldean, zer esanik ez. Esango dugu murgiltzea dela, ez dakit zer dela, baina ez dugu lortzen.

X.F.: Nik sortzaile batzuk ikusi ditut sortzaile izan nahi dutenak. Baina Euskal Herrian euskaraz sortzeko, behar da izan eragile. Itxaroten badut telefonoak jotzea... Mezu hau ere zabaldu behar da sortzaileengan: euskaraz sortzeko, espazioak ere sortu behar dira.

Nekeza ere izan daiteke euskaraz kantatu, idatzi, antzeztu beharra militantziagatik?

G.U.: Dudarik gabe.

X.F.: Sortzen dut ezin dudalako ez sortu. Eta euskaraz egiten dut hau delako premiazko; bestela, ez nindoake nirekin bat. Badira sortzaile batzuk behar dutenak izan munduari; oso garaiari lotua da hori. Behar dira izan izarrak. Militantziagatik egin behar dena da esparruak eta tresneria sortu. Iparraldean, esaterako, Seaskari utzi zaio asko euskararen ardura. Eta AEKri, osagarri gisa. Kulturan, euskaraz diren tresneria guztiak ahulak dira. Denak. Eta ez dira aski. Nahi badugu egunerokoan herri gisa sentitu, bada lana hamazazpi belaunaldirentzat.

Mundu globalizatu eta teknologizatu honek baditu bere erronkak: merkantilizazioa, kolektibotasunaren galera, behaketarako astirik eza... Horrek etxeko lan gehiago jartzen dizkigu kultura minorizatu modura?

X.F.: Gero eta jende indibidualizatuagoa gara, kulturarik gabea, kontsumitzaile hutsak. Ez da gehiago aita-amen gizartea, baizik eta anai-arreben gizartea. Ezagutzen naiz bestearekin bere janzkeraren arabera, musikaren arabera, kontsumitzen duenaren arabera, ez nondik natorren eta nora noan. Baina jendeak behar ditu lekuak biltzeko, eta hor sartzen da artea, komunitatea.

G.U.: Ni ikaragarri beldurtzen nau, adibidez, teknologia berri hauekin guztiekin etorriko denak. Datorren horrek guztiak hizkuntza nagusi bat izango du, eta euskara ez da egongo.

X.F.: Gure esku dago. Teknologiaren bitartez bidaiatua den sarraski kultural horren hasiera da hau, eta behar dugu baliatu gurea salbatzeko. Arrunt horretatik jokoz kanpo ezarri, eta hortik elikatu. Kontraesan handi bat da Euskal Herria ez dela herri pobre bat: joaten naiz Baionatik Bilbora, eta ikusten ditut industrialde erraldoiak, zubiak, autobideak... Bada kristoren dirutza hemen. Maitasun pixka bat falta da, ez dakit.

Pentsatu duzue inoiz kulturgile lana uztea, beste bide bat hartzea, apartatzea...? Ala hor ez da zalantzarik?

G.U.: Hori atera egiten da; ezin duzu barruan utzi. Ni naiz, eta puska hori ezin dut ezabatu. Horregatik da hain zaila batzuetan gaurko paisaian bizitzea. Ni beti nago jokoz kanpo, Hendaian, toki guztietan... Eta nik ere partida jokatu nahi dut. Euskaldun asko martirizatu batzuk gara hizkuntzarekin. Nik etengabe ematen diet matraka nire alabei. Azkenean, zure mina ere transmititzen duzu, eta batzuetan diot: «Eskubiderik badut?». Baina ikusten ditudanean euskararik gabe, ezin dut.

X.F.: Inoiz niri pasatzen zait burutik: «Aski. Sartuko naiz artzain, eta bakea». Menditarra naizelako izango da. Baina ez, ez zait benetan gertatu. Eta gertatzen bada, zertarako ez? Ez zait iruditzen hain problematikoa. Egiten dudana egingo nuke, beste leku batetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: