Beste bidesari bat: Beasain-Bergara artekoa

Beasain eta Bergara batzen dituen A-636 autobidetik igarotzerakoan ordaindu egin beharko da gaurtik. Inguruko herrietan bizi diren lagun asko bidesaria ezartzearen aurka mobilizatu dira azken hilabeteotan.

A-636 errepideko ordainketa arkua. GOIERRIKO HITZA.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gaur indarrean sartu da A-636 autobideko bidesaria, Beasain eta Bergara artekoa (Gipuzkoa). Autobia osoa izango da ordainpekoa, eta hiru arkuren bidez egingo dira ordainketak,free flow sistemaren bidez. Erabiltzaileek ez dute geratu beharko, eta sistema elektroniko horrek identifikatuko du ibilgailua: Abiatu eta T Bidea txartelen bidez edo matrikularen bidez.

«Erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du; logika hori aplikatu dugu». Hala azaldu zuen 2020an Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak. Zerga orokorren bidez bakarrik aldundia «ez da iristen» errepideek eskatzen dituzten artapen eta hobekuntzak egitera, eta «baliabide gehiagoren beharra» zegoela nabarmendu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak argi utzi du autobia erabiltzea erabakitzen duten herritar guztiek «TAG gailu bat» izan beharko dutela. Goierriko, Urola Garaiko eta Debagoieneko herrietan kokatutako puntuak urtarrilean zabalik egongo dira, Abiatu TAGa eskuratzeko «tramiteak erraztu asmoz».

2,53 euro ordaindu beharko dute ibilgailu arinen erabiltzaileek, baina deskontuak izateko aukera izango dute. Abiatu gailuarekin, beherapen progresiboak egin daitezke: %25etik %75era, hilean egiten den joan-etorri kopuruaren arabera. Are, hilean 33,37 euroko gastu topea izango du Gipuzkoako autobideetan; 49,30 eurokoa Bizkaiko AP-8an eta Arabako AP-1ean. Jarduera profesionalean dabiltzan gidariek eta garraiolariek ez dute deskonturik izango: 4,11 euro kostatuko da kamioi arinentzat, eta 5,15 euro hamabi tonatik gorako trailerrentzat.

«Gastu bat gehiago»

Herritar guztiak ez daude konforme bidesaria ezartzeko erabakiarekin. Goierriko eta Deba Bailarako Kontseilu Sozialistek hilabete luzeetako kanpaina abiatu zuten protesta egiteko. Mattin Intxausti Goierriko Kontseilu Sozialistako kidearekin hitz egin du BERRIAk. Uste du inguru horretako bizilagunentzat kontuan izateko «gastu bat gehiago» izango dela. Bizitzaren garestitzearen «adibide nabarmena» dela azaldu du, «krisi kapitalistaren» ondorio.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bidegiren interesak esaten dituztenen oso bestelakoak direla uste du: «Bidegirena, negozioa egitea, eta Foru Aldundiarena, finantzaketa iturri berri bat lortzea». Gaineratu du krisiak markatutako koiuntura ekonomikoak jada ez duela uzten «lehengo ongizate estatua mantentzen»,eta estatuak finantzaketa iturri berriak behar dituela. Horrek, ondorioz, «pobretze orokorra dakar», haren ustez.

Intxaustik ez zuen espero bidesariaren aurkako borrokara hainbeste jende batuko zenik. Kanpaina abiatu dutenean «hainbat izan dira hurbildu eta galdetu» dutenak edo animatu direnak, azaldu duenez.

Azkenean ezin izan dute bidesariaren proiektua gelditu, baina Intxaustik ziurtatu du jarraituko dutela gaur egungo «ofentsiba ekonomiko eta politikoa» salatzen eta «antolakuntza komunista» hedatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.