Lekukotasuna. Leire
«Esan nion ez nuela horrelakorik toleratuko»
Izen bat asmatzeko eskatu du: Leire izango da. Erizaina da Osakidetzaren erietxe batean, zaintza intentsiboetan. Ahozko eraso bat jasandakoa da. Zurrumurruak bazebiltzan ordurako lankideen artean: paziente baten jokaera desegokien inguruko kontuak ahoz aho zebiltzan. Gizonezko bat zen. Hura artatzera joan zen aldietako batean, mutil-lagunari buruzko kontuez solastatzen hasi zitzaion Leireri; modu desegokian. Halakoak ez zituela onartuko esan zion erizainak, eta pazientearen erantzuna: «Ea feminista bat nintzen esan zidan». Handik tarte batera, berriz gizona artatzera joan zen. Maindireak aldatu behar zizkion, eta halaxe jakinarazi zion; «beste zerbait» egitera zihoala espero zuela erantzun zion gizonak: «Txortan egitera». Berriro ohartarazi zion erizainak halakoen egokitasun faltaz. Alferrik. «Barkamena eskatu beharrean, zera esan zidan: ezin zitzaidala txantxarik egin; feminista bat nintzela, eta ez nekiela txantxak hartzen». Jarrera haren aurrean, zuzendaritzan jakinaraziko zuela esan zion erizainak pazienteari. «Esan nion ez nuela horrelakorik toleratuko». Erietxeak babesa eman ziola sentitu du. Ez du salaketarik ipini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu