Albistea entzun

Lainobera dago ACBn

Ez zuzendaritzak ezta sindikatuek ere ez dakite noiz jarriko den berriz martxan Arcelor Mittalek Sestaon duen altzairutegia. Aurten ekoizpena handitzea da jabeen asmoa, baina lan erregulazio batekin hasi dute urtea.
Arcelor Mittalek Sestaon duen ACBko altzairutegiaren kanpoaldea, itsasadarraren beste aldetik ikusia.
Arcelor Mittalek Sestaon duen ACBko altzairutegiaren kanpoaldea, itsasadarraren beste aldetik ikusia. M. RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendio -

2022ko urtarrilak 15 - Sestao

Arcelorri dagokion guztia «lainoberaren» azpian dago. Grafikoki mintzo da Sestaoko ACB Aceria Compacta Bilbao altzairutegiko lan erregulazioaren aurrenegoziazioan parte hartzen ari diren sindikatuetako ordezkarietako bat. Ziurgabetasun sentsazioaz ari da; izan ere, gaur-gaurkoz, ez zuzendaritzak ezta sindikatuek ere ez dakite noiz amaituko den urtero neguan egiten duten mantentzerako etenaldia. Kontratu mugagabedun 268 langileak trebakuntza jasotzen ari dira aste hauetan, eta, bien bitartean, alboko bulegoan, sindikatuak eta zuzendaritza 36 langileri eragingo lieken lan erregulazioa aztertzen ari dira. Hori guztia, Arcelor Mittal altzairutegiko jabeak ekoizpenean jauzia egin asmo duen urtean: ACBko bigarren galda martxan jarri nahi du, orain halako bi ekoizteko.

Afera ulertzeko, ACBren egungo egoeraren diagnosia egin behar da. Lantegia geldirik dago, mantentze lanak egiteko. Argindarraren prezioarengatik lehenago hasiko zela esan zuen iaz zuzendaritzak, baina, azkenean, abendu erdialdean itzali zuen labea, ohikoa den bezala. Hori bai, aurten ohi baino gehiago luzatzen ari da etenaldia —2020. urtekoa salbuespena izan zen, bost hilabetez egon zen geldirik COVID-19ak merkatuan izandako eraginarengatik—. Ondo bidean, otsailean hasi beharko litzateke lanean, baina argindarra garesti dago oraindik. BERRIA harremanetan jarri da zuzendaritzarekin, eta, diotenez, otsaileko datari eustea da asmoa, baina, hil bukaeran egoera berriz aztertu, eta orduan erabakiko dute.

Data finkorik ez izateak urduritasuna zabaldu du, logikoa denez. Sindikatuek diotenez, behin-behineko ehun langile lanik gabe daude, eta martxan hasi arte ez dakite zenbat deituko dituzten. Horrekin batera, iragan azaroan enpresak lan erregulazio bat egiteko asmoa plazaratu zuen. 36 langileri eragingo lieke, 62 eta 63 urtekoak denak. ELAk eta LABek jada esan dute ez dutela onartuko espedientea, eta langilerik zaharrenek enpresa uztea nahi badute beste irteera mota batzuk badaudela. Langile batzordea horrela osatuta dago: UGTk lau ordezkari ditu, eta hiruna dituzte ELAk, LABek eta CCOOk.

Asturiasera begira?

Ziurgabetasun horrek, baina, talka egiten du enpresaren ustezko asmoekin. Izan ere, asmoa du aurten ACBko bigarren galda martxan jartzeko. Urteak daramatza itzalita, eta, enpresaren arabera, hura martxan jarriz gero 60 langile gehiago kontratatu beharko lituzke. Sindikatuek argi dute 60 horiek behin-behinekoen poltsakoak izan beharko luketela. 2023an Sestaon 1,6 milioi altzairu tona ekoiztea da asmoa. Iaz 70.000 tona inguru ekoitzi zituzten hilean, eta 800.000 urte osoan. Era berean, Arcelorren nahia da ACB izatea CO2-rik isurtzen ez duen munduko lehen altzairutegia. 2025erako lortzea espero du.

Deskarbonizazioaren eskutik, Arcelorrek lantaldea murriztu nahi du Espainian. Mila langile inguru kaleratuko ditu, asko Asturiasen. Hango El Comercio kazetak lekualdatzeak aipatu ditu, eta Sestaora joatea da aukeretako bat. Zuzendaritzak, baina, hori «espekulazio» bat dela esan dio BERRIAri, eta lekualdatze horiek «epe oso luzera» izango direla. «Lehenago» iritsiko da ACBren eraldaketa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Turistak Donostiako Parte Zaharrean, udan. ©JUAN HERRERO / EFE

Turismoa oso urruti dago oraindik pandemia aurreko datuetatik

Xabier Martin

2021. urteak datu hobeak utzi ditu pandemiaren gordina pilatu zuen urteak baino, 2020ak baino, baina, turista kopuruei dagokienez, heren bat baino gehiago galdu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak 2019arekin alderatuta.

Lanbideren bulego bat, Donostian ©Juan Carlos Ruiz (Foku)

Langabezia pandemia aurreko mailatik gertu dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Jokin Sagarzazu

Ekonomiaren supertzeak eragin du pertsona gehiagok lan bilaketan hastea. Iazko azken hiruhilekoan pixka bat okertu ziren datuak, COVID-19aren aldaerek eragindako murrizketengatik.

<b>EAJko presidente Andoni Ortuzar eta CEOEko presidente Antonio Garamendi.</b> ©LUIS TEJIDO / EFE

CEOE ala ohiko bazkideak, Madrilek horietako bat aukeratu beharko du

Xabier Martin

EAJk berretsi du erreformari ezezkoa emango diola ez bada lan itunen lehentasuna aldatzen. Ortuzarrek patronalari egotzi dio blokeo egoera

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Ez dugu zerua ukitu, baina enpresariak ere ez dira kontent»

Joxerra Senar

Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak nabarmendu du 2012ko lan erreformako puntu nagusiak eraldatu dituztela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.