Irtenbide bakarra: mendebalderantz

Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek Asturiasko uretara jo dute antxoa handiagoen bila. Lan astea ontzian igarotzen dute, eta asteburuan itzultzen dira, errepidez. Kuota dutenez, ekain osoa egingo dute arrantzan.

Baxurako arrantzontzi bat Getariako portutik irteten, antxoa bila. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Lan aste osoa Asturiasen (Espainia) itsasontzian sartuta igaro, hura Gijon edo Avilesko portuetan lotuta utzi, eta asteburuan etxera errepidez itzuli. Hori da azken asteetako errutina Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleentzat. «Gure uretan badago antxoa, baina txikia da, eta komertzialki arazoak ematen ditu. Handiagoen bila jo dute hara, baina ez dabiltza oso ondo». Azalpena Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradiako idazkariarena da, baina Bizkaiko ontzietara ere estrapolatu daiteke, guztiek jo baitute hara.

Euskal arrantzaleek ez dute erraz ahaztuko aurtengo antxoaren kanpaina. Arrainarentamainak hasiera atzeratzera behartu zituen lehenbizi; gero, COVID-19aren olatua iritsi zen, eta hark eragindako krisiak eta segurtasun neurriek sektorea astindu zuten. Azken txanpa, berriz, etxetik ia 400 kilometrora egingo dute, hori baita Gijon eta Hondarribia (Gipuzkoa) arteko distantzia. Beste urte batzuetan ere egin izan dute hori, baina ez hain luzaroan.

Arrantzaleek urte txarra izango dutela badaki Garmendiak, bainaez da ausartu kuantifikatzen. «Oraindik aste batzuk falta dira kanpaina amaitzeko. Beste urte batzuetan, garai hauetarako dena salduta genuen, baina aurten ekain osoan eutsiko diogula dirudi. Hegaluzea lehenago sartzen ez bada, behintzat». Iragan neguan Frantziako arrantzaleekin sinaturiko akordioan, ekain amaieran ezarri zuten epe muga.

Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Behatokiaren arabera, antxoaren kanpaina arrantzontzien urteko diru sarreren %25 inguru da; horregatik ezin diote muzin egin, eta, portuko prezioak txikiak direnez, euskal ontziak kargaren zati handi bat gordetzen ari dira: «Tamainaren araberako gutxieneko prezio batzuk daude, eta, iristen ez badira, guk erosten dugu. Gatzetan mantendu edo izoztu egiten dugu, gero eraldatzeko. Prezioari eusteko modu bakarra da».

Arrantzaleentzat txarra izango da, eta kofradientzat are okerragoa ziurrenik. Antxoa delikatua da, eta gertuen dagoen portuan deskargatu behar da.«Salmenta gehienak ez dira gure lonjetan egin, eta sumatuko dute. Kanpainako lehen astean salmenta batzuk egin ziren hemen, baina hartaz geroztik kanpoan egin dira». Behatokiak maiatzaren 20an argitaratu zuen azken txostena, etahark berretsi egiten ditu Garmendiaren hitzak. Maiatzaren lehen astera arte iaz baino %80 gutxiago deskargatu zuten euskal portuetan. Datu horretan eragin zuzena du COVID-19aren etenak, baina hortik aurrerako arrantza ia guztia Asturiasen deskargatu dute.

Gaixoturik gabe

Sasoiak albiste on bakarra ekarri du: ez da arrantzaleen arteko kutsadurarik egon. Proba egin zieten guztiei, baita neurri zorrotzak ezarri ere. Bi kasu bakarrak lehorrean izan ziren, eta marinelak ez ziren ontzira igo. «Beldur handia zegoen», onartu du Garmendiak. «Marinel bat gaixotuz gero, ontzi osoak hamabost egunez lotuta egon behar zuen, eta agian tarte horretan iritsi zitekeen arrain kolperik onena. Hori dela eta, Kantauriko ontzi guztien artean babes diru-funts bat sortu genuen, kasuren bat balego ontzi hari laguntzeko, eta zorionez ez dugu erabili».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.