Olaizolaren lehen aldia

Olaizola II.ak 20 urte daramatza profesionaletan, baina gaur jokatuko du lehenbizikoz trinketean. Goizuetako aurrelaria jokatzeko «ilusio handiarekin» dago, baina ez du beste pilotarien mailan aritzerik espero.

Aimar Olaizola, erremate bat egiten, binakako partida batean. GORKA RUBIO / FOKU.
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Lehian dauden pilotari profesionalen artean urte gehien berak daramatza goi mailan. Adinez zaharrena ere bera da. Baina Aimar Olaizolak ez dirudi gaztetasunik galdu duenik. 38 urte ditu, eta 20 urte daramatza profesionaletan. Gaur, ordea, lehen aldiz probatuko du trinketa. Egutegia oso betea badu ere, prest dago esperientzia berriari heltzeko. Baionako Mastersean jokatuko du, Peio Larralderekin. Hazpandarra da egungo buruz buruko txapelduna trinketean. Olaizolak «egungo aurrelaririk onena» izango du bikote gisa. Hala ere, «zorte txarra» izan du aurkariekin. Aurrean izango dituztenakazken binakako txapeldunak dira: Waltary eta Gixandut. Baionako Moderne trinketean izango da norgehiagoka, 18:30ean.

Mikel Urrutikoetxearen gaixotasuna tarteko izan du Olaizolak trinketean estreinakoz aritzeko aukera. Xalak, Irujok, Bengoetxeak eta beste askok ere probatu dute trinketa. Emaitzak askotarikoak izan dira. Goizuetarra pilotari zaildua da, eta ez dio beldurrik lehen aldiari: «Presiorik ez, baina lan polita egiteko ilusio handia dut. Txapelketako partidak albo batera utzita, gaurkoa da ilusiorik handiena piztu didan partida».

Olaizolak ezohikoak dituen lanak egin beharko ditu, atzelari lanetan ariko baita. Bizkartzain lanak egin beharrak uxatu omen zizkion Asegarcek emaniko aukera onartzeko izandako zalantzak. Izan ere, trinketean aireko jokoak pisu handia du. Bolea asko erabili behar da, eta Olaizolari joera horretan pilota mugitzea kostatzen zaio gehien. Harentzat egokiena izan ez arren, prest daude erronka berriari aurre egiteko.

Egin beharreko lanaz gain, gainontzekoa ere berria izango da Olaizolarentzat: pilotalekuaren neurriak, eskuineko beirazko horma, pilotak, jokamoldea... Ezkerparetan aritzen diren pilotariek ez omen dute «batere abantailarik» trinketean. Hala ere, uste baino hobeto ikusi du bere burua sakeak errestatzen eta errebotetik pilotak eramaten. Ingurukoek beren sentsazioak berretsi dizkiote, eta alde horretatik lasai dago. Goizuetarra ahal izan duenero entrenatu da trinketean. Hiru lan saio egin ditu Baionako trinketean, eta lehen egunetik hirugarrenera nabaritu du hobekuntza. Oraindik ez da gai izango Larralderen eta aurkarien maila emateko: «Nabari da bizitza osoa trinketean daramatela».

Waltaryren sakeei die beldur gehien. Aurrelaria sakatzailerik «onena» da: «Edozein partidatan gai da hamar tanto saketik egiteko». Olaizolak, ordea, bere aurrelariarengan erabateko konfiantza du: «Ziur nago sake eta pilota txar asko kenduko dizkidala». Garaipenak ez du itsutzen, ordea. Larralderen laguntzarekin «lan polita» egiten badu, gustura geratuko da.

Masterseko bigarren finalerdia bihar jokatuko da. Ospital eta Ducassou ariko dira Etxegarai eta Bixintxo Bilbaoren aurka. Finala, berriz, igandean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.