OZTOPO BAT (LAN)BIDEAN

Gazteen taldea da koronabirusaren krisiak gogorren jo dituenetako bat. Asko ikasketen eta lan munduaren arteko jauzian harrapatu ditu pandemiak, edo gurasoen etxetik emantzipatzeko prozesuan. Enpleguarekin arazoak izan dituzten lau gazteren testigantzak bildu ditu BERRIAk.
Hainbat gazte, prekaritatearen aurka protestan, Sestaon (Bizkaia), ekainaren 20an.
Hainbat gazte, prekaritatearen aurka protestan, Sestaon (Bizkaia), ekainaren 20an. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2020ko uztailak 5

Gazteek lan munduari errespetuz begiratzen diote. Zer esanik ez, 1990eko hamarkada amaieran jaiotakoek. 2007ko krisi ekonomikoaren itzalpean hazitakoak dira, eta haurrak zirenetik entzun dituzte lanari, ekonomiari eta, ezinbestean, euren etorkizunari lotutako mezu ezkorrak. Azken boladan, ordea, gauzak beste modu batera ikusten hasiak ziren batzuk, koronabirusak lehengo mamuak berpiztu dituen arte.

Munduan, sei gaztetik batek galdu du lana COVID-19aren ondorioz, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera; haren txostenak dio pandemiak gazteengan «eragin hirukoitza» izan duela: «Ez du enplegua soilik galarazi, baita gazteen hezkuntza eta formakuntza ere. Lan munduan sartu nahi duten edo lanez aldatu nahi dutenentzat oztopo handiak eragin ditu».

Hego Euskal Herrian 25 urtetik beherako 17.959 langabe daude, enplegu zerbitzuek aste honetan emandako datuen arabera; joan den otsailean baino 6.147 gehiago. Langabeziaren hazkundea %52 izan da azken lau hilabeteetan. Urte osoko datua are eta kezkagarriagoa da: 2019ko ekainean baino %58 gehiago dira langabezian dauden gazteak. Lurraldeka, Bizkaian daude gazte langabe gehien (7.136), baina hazkunderik handiena Gipuzkoakoa izan da: 2.473 gazte langabe zeuden otsailean; orain, 4.078.

Miren Osa Komunikazio sektoreko langabea

«Orain ez dago lanik, ez dago aukera askorik, eta horrek larritu nau»

Zerrenda horretara gehitu den gazteetako bat da Miren Osa (Azpeitia, Gipuzkoa, 1995). Komunikazio enpresa batean zebilen beharrean, eta, apirilaren 8an kontratua amaitzen zitzaion arren, gutxienez ekaina amaitu arte lanean jarraituko zuela hitzeman zioten. Ustez, «onak» ziren enpresaren datu ekonomikoak.

Konfinamenduan etxetik jardun zen lanean, apirilaren erdialdean enpresak iritzia aldatu zuen arte: esan zioten berriz egin zituztela kontuak, eta maiatzaren 18an kaleratuko zutela. Langabezian dago ordutik: «Hasieran, shock bat izan zen, eta galdera asko sortu zitzaizkidan: orain zer egingo dut? Zer dator?».

COVID-19a zuzenean lotu du gertatutakoarekin: «Ez dakit pandemia etorri ez balitz nola egongo nintzatekeen, baina behar baino lehen kaleratu naute egoeraren ondorioz». Hein batean, uste du enpresak egoera baliatu duela kaleratzea egiteko «aitzakiatzat»; izan ere, lan edo zerbitzu jakineko kontratua zuen.

Osa gehien kezkatzen duena egoera da: «Urte normal batean, maiatzean kaleratuta, aurkituko nuen udarako lanen bat; udalekuetan, edo taberna batean. Ez dut horretarako arazorik. Orain, ordea, ez dago lanik, ez dago aukera askorik, eta horrek larritu nau momenturen batean».

Ez da gurasoekin bizi, eta, oraingoz, langabezia sariak «lasaitasun apur bat» ematen diola aitortu du. «Egoera txarrean beste aukera batzuei heltzeko garai egokia» dela dio, eta horregatik berrekingo die ikasketei; lanen batekin uztartu beharko ditu, alokairua ordaintzeko.

Ane Uria Hezkuntza sektoreko langabea

«Helduagoak bagina, agian, ezberdina izango zen kontua»

Emantzipatzeko pausoa eman berri du Ane Uriak ere (Bilbo, 1996). Haur Hezkuntzako graduduna da, eta urtarrilean irten zen gurasoen etxetik. Urritik zebilen aterpetxe bateko monitore lanetan, GKE batek kudeatzen zuen hezkuntza proiektu batean, baina jasotzen zituzten ikastetxeek joateari utzi zioten martxoan pandemiaren ondorioz.

Epe labur batez bulegoko lanetan jardun zuen, baina, GKEak, Uriaren eta beste hiru lankideren soldatak ordaintzeko erabiltzen zituen laguntzak iristen ez zirela-eta, laurak kaleratu zituen. Berez, ekainera arte lan egitekoak ziren.

Uda bitartean eskuratuko zuen diruarekin kontatzen zuen alokairua ordaintzeko: «Abendura arte dut etxeko kontratua, eta hilero ordaindu behar ditut alokairua eta gastuak. Etxejabeak eman zidan geroago ordaintzeko aukera, baina ez dut zorrekin hasi nahi... Oraingoz, ditudan aurrezkiak erabiltzen ari naiz».

«Zorionez», Espainiako Gobernua ari zaio diru laguntza bat ematen, eta hori «babes handia» izaten ari da etxea ordaintzeko: «Ez nituen kotizatuak langabezia saria jasotzeko behar diren adina egun, eta langabezia saririk jaso ezin dugunontzako laguntza ari naiz jasotzen».

Udan lan egiteko aukera bila dabil orain; curriculumak «leku guztietara» bidali ditu, baina egoera «latza» dela dio. Etorkizunera begiratuta ziurgabetasuna sentitzen duela dio.

Euren kaleratzean aldagai batek zuzenean eragin duela uste du Uriak: «Gazteenak ginen. Helduagoak bagina, agian, ezberdina izango zen kontua». Ondo bidean, datorren urtean master bat eta lana uztartuko ditu, egoerak behartuta.

Unai Elustondo EHUko ingeniaritza ikaslea

«Ulertzen dut ikasleok praktiketara ez itzultzea, baina ezin naiz zain egon»

Milaka gazte, berriz, Osak eta Uriak egingo dutenaren alderantzizko bidean harrapatu ditu COVID-19ak: ikasketetatik lan mundurako jauzian. Unai Elustondok (Zarautz, Gipuzkoa, 1997), adibidez, uda honetan unibertsitateko titulua esku artean izatea espero zuen: «Urtarrilean egin nituen azken azterketak, dena gainditu nuen, eta Gradu Amaierako Lana egitea soilik falta zitzaidan». Industria Elektronikoaren eta Automatikaren Ingeniaritza ikasten du EHUn, Donostian.

GrALa enpresa batean egin nahi zuen, praktikekin uztartuz, proiektu bat «errealitatean aplikatzeko eta enpresa bateko nondik norakoak ikusteko». Otsailaren 10ean hasi zen lanean. Proiektua makina berri bat enpresan instalatzea zen, eta horretan jardun zuen martxoaren 16ra arte, EHUk praktikak bertan behera utzi zituen arte. Ordutik ez da lanera itzuli: «Etxean jarraitu nuen ahal nuena egiten».

Elustondok ere «zalantza asko» izan zituen. Jada prest zuen hogei orri inguruko txosten bat, baina, azaldu duenez, «oso ahula zen nire GrALa, makina instalatzeke baitzegoen oraindik». EHUk maiatzaren 26an baimendu zuen praktikekin jarraitzea, baina enpresa aldi baterako erregulazioekin zebilen, eta egoera ez zen onena: «Esan zidaten irailetik aurrera saiatuko zirela praktikei berrekiten, baina une hartan lehentasuna langileak itzultzea zela —itzuli dira jada—. Ulertzen dut, baina ni ezin naiz ordura arte ezer egin gabe egon».

Egoera ikusita, Elustondok unibertsitateko tutorearekin hitz egin zuen, lantzeko gai berri bat proposatu zion, eta joan den astean hasi zen horrekin: «Putakeria bat da niretzat; hutsetik hasi naiz, eta izugarrizko lana egin beharko dut; baina, behintzat, ez dut itxaroten egon behar, eta etxetik egin dezaket». Beraz, ez nahi bezalakoa, baina ikasleak berak jarri dio konponbidea egoerari.

Ane Galardi Basque Culinary Centerreko ikaslea

«Logikoa da praktikak atzerrian ez egitea, baina kristoren pena eman dit»

Irtenbide bat bilatu behar izan du Ane Galardik ere (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1997). Egin behar zituen praktikak bertan behera geratu ziren, eta berak aurkitu du lan egiteko beste leku bat: «Unibertsitateak esan zigun praktikak nahi eta nahi ez egin behar genituela, eta, lagundu diguten arren, zerbait bilatzea buruhauste bat izan da ikasleontzat».

Izan ere, Galardi apirilaren 10ean joatekoa zen Galapago uharteetara, Ekuadorrera, hango fundazio batek sortu nahi duen zentro batean laguntzera. Han egingo zituen Basque Culinary Centerreko hirugarren maila bukatzeko behar dituen praktikak: «Ilusio handia nuen Galapagoetara joateko. Lehen mailatik nuen buruan, oraintxe nuen aukera... logikoa da hartutako erabakia, baina kristoren pena eman dit».

Orain, Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkartean dabil lanean, txokoetako jangela zerbitzua modu seguruan eman ahal izateko protokolo bat sortzen. Ekainaren erdialdean hasi zen, eta abuztuaren 28an amaituko du, datorren ikasturtea hasi baino lehentxeago. Aurreikusia zuen oporraldirik gabe geratuko da: «Aurtengoa anekdota bat balitz bezala hartuko dut. Gutxienez, lortu dut galera handirik ez izatea».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Athleticeko sei jokalarik positibo eman dute

Berria

PCR probak egin dizkiete futbol jokalariei eta klubetako langileei. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio konponbide bat emateko lehen arretako zentroen egoerari

Olatz Esteban Ezkati

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Paulo Ostolaza

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna