Denbora kontua izan da

Itxaroten jakin duelako arnasberritu da Alaves, Javi Cabello teknikari laguntzaile ohiaren aburuz. Arabarrek Celta hartuko dute gaur (14:00).

Victor Laguardia Alaveseko kapitaina, Sevillaren aurka sartutako gola ospatzen, Sanchez Pizjuanen. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Zilipurdiak egiten maisua da Alaves. Badoa pirika aldapan behera, eta halako batean, zilipurdia egin, eta zutik jartzen da. Azken uneko akrobaziek galbidetik libratu dute azken bi denboraldietan; eta orain ere, bira egin du bere baitan, liga hasiera negargarria osatu ondotik. Izan ere, lehen zortzi partidetan hiru puntu eskas batu zituzten arabarrek. Lokatzetan ondo katigatuta zeuden, baina onik dira orain, azken bost lehietan hiru garaipen eta bi berdinketa erdietsita.

Egoera erabat irauli dute, alegia. Eta Javier Cabelloren aburuz (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1974), «denbora» izan da susperraldiaren giltza. Gasteizko taldeak aldaketa handiak egin zituen udaran, hala nola irteerako atea zabaldu zion Cabellori, azken lau urteetan teknikari laguntzaile lanetan aritu ondoren. Eta horrekin batera, berritu egin zuen futbolari multzoa, eskarmentu urriko jokalariak fitxatuta. Taldeari kosta egin zaio martxa hartzea, baina Cabellok uste du halakoetan «pazientzia» eduki behar dela. «Edozein lanetan gertatzen da: ez duzu berdin jarduten iritsi berritan edo jadanik hiru hilabete daramazunean. Berriak egokitzen ari dira pixkanaka, eta hala, taldeak kohesio handiagoa du».

Halaber, Alavesek ezohiko egonarria izan du Javi Calleja entrenatzailearekin, eta egonkortasunaren aldeko apustuak on egin dio taldeari. «Zentzuzkoena itxarotea eta talde teknikoari denbora ematea zen. Profesionalei lasaitasun apur batekin lan egiten uzten zaienean, aukera gehiago dago noizbait emaitza onak lortzeko. Ez dago bermerik, baina oso lagungarria da», azaldu du Cabellok. Callejaren beraren ildo aldaketari ere aitortu dio garrantzia. «Denboraldi honetan, bere estiloa ezarri nahi zuen hasieratik, baina hori ez da gauetik goizera gertatzen. Dituen jokalarietara eta taldearen estilora egokitzeari ekin dio, eta emaitzek nabarmen egin dute hobera».

Defentsako zutabeen gainean dago eraikia Alavesen piztualdia. Atzean sendotasunetik abiatuta, «denean» egin du hobera. «Baloirik gabeko fasea doitu egin du taldeak, eta konfiantza hartu duenez, askatu egin da erasoan». Ate aurrean fin dabiltza arabarrak, eta horrek zerikusia du Joseluren aurrerapausoarekin. «Normala da talde handiek gertutik jarraitzea, maila itzela baitauka. Erabakigarria da Alaves bezalako talde apal batentzat».

Estrategiaren garrantzia

Geldikako jokoari ere zukua ari zaio ateratzen Callejaren taldea: gisa horretan sartu ditu orain arteko hamar goletatik hiru. «Taldeari asko ematen dio, eta ez da oraingo kontua soilik: Abelardorekin ligako onenak izan ginen alor horretan». Cabello bera arduratu da estrategiaren lanketaz azken urteetan. Zeintzuk dira sekretuak? «Garrantzitsuena, jokalarien gaitasuna eta jarrera da. Nahiko astunak ginen, baina jokalariek ideiak oso ongi barneratu izan dituzte, eta, gainera, sekulako ahalmena dute».

Alavesek «aldeko egutegia » izango du lehen itzulia bukatu bitarte, eta hori «bidea egiteko» baliatu behar omen du. Gaur, arabarrek Celtaren kontrako lehia dute etxean (14:00, Movistar), eta Cabellok ez du galduko. «Arrastoa utzi dit Alavesek; babazorro bat gehiago sentitzen naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.