Futbola. Osasuna Kopako finalean

Sartu dute lehen gola

Osasunaren zaleak nagusi izan dira Sevillan. «Zaila» izango dela aitortu arren, baikor dira finalari begira, eta guztiek espero dute Kopa etxera eramatea. Egun «bereziak» izaten ari direla nabarmendu dute.

Osasunaren zale multzo bat, Sevillako Giraldatik gertu, taldea animatzen. OLATZ ARTOLA APEZTEGIA.
ainara arratibel gascon
<i>Sevilla</i>
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
E gun handi baten bezperan izaten den «ilusioarekin eta gogoarekin». Halaxe zeuden atzo Sevillara iritsitako zale gorritxoak.Hiriko txokorik ezagunenen inguruak kolore gorriz jantzi zituzten: Giralda, katedrala eta Espainiako plaza, besteak beste. Gehienek hiria bisitatzeko aprobetxatu zuten, urduritasuna apur bat baretzeko. Guztiak arratsaldeko eta iluntzeko zale uholdearen zain zeuden. Orduan piztu zen benetako festa gorritxoa. Irribarre konplizeen bidez eta animo oihuen bidez elkar agurtzen zuten guztiek. Iruñetik, Castejondik, Azagratik, Tafallatik, Doneztebetik, Arrasatetik... Euskal Herri osotik iritsi dira Jagoba Arrasateren taldea animatzera.

Finalaren bezpera izateaz gain, egun berezia zen atzokoa nafarrentzat, eta, batez ere, Iruñekoentzat. Maiatzaren 5a izanik, sanferminei begira bosgarren eskailera igo zuten. Bi baino ez dira falta uztailaren 7rako. Hala gogoratu zuen Maider Campok. Zapi gorria zuen lepoan, Osasunaren armarriarekin. «Ea zortea ematen dion taldeari, eta bihar [gaur] festa handia dugun. Kopa irabaztea eskaileraren bosgarren koska ospatzeko modurik onena litzateke». Orain arte lasai egon dela zioen. «Baina gaur [atzo] goizean jada urduri jaiki naiz». Arrasateren lana goraipatu du. «Entrenatzaile puska da. Asko maite dugu. Sekulako lana egiten ari da, eta urte luzez hemen gera dadin nahi dugu».

David Noain ere goizean ailegatu zen Sevillara, bikotekidearekin eta Daniela alabarekin. Autoz egin dute bidaia. «Atzo Meridara [Espainia] arteko bidea egin genuen. Han lo egin, eta goizean goiz abiatu gara hona. Nahiago izango dugu hala egin, bai pilaketak saihesteko, baita urduri ginelako ere. 2005eko finalean Madrilen izan zen, eta orain finala alabarekin bizitzea oso berezia da harentzat. Azken batean, Osasunarekiko maitasuna gurasoek niri helarazi zidaten, eta nik alabari. Egunak eman ditu txikiak eskolako lagunei hona zetorrela esanez». Partida ere izan zuen hizpide: «Real Madril badakigu nolako taldea den. Aukerak izango ditu, baina ondo estutzen badugu, eta San Mamesen bezala Sergio Herrera agertzen bada, irabaz dezakegu».

Gosaltzen ari zen Lorena Perez, Giraldaren inguruan. «Familiarekin eta lagun talde batekin etorri gara. Gau osoa eman dugu bidaian. Autoz etorri gara. Lo egin gabe gaude», azaldu zuen. Behin gosalduta, hiria bisitatzeko asmoa zuten, eta iluntzerako hotelera joatekoa. «Gauean egingo dugu lo, bihar [gaur] bete-betean egoteko. Oso polita izango da Osasunaren horrenbeste zale elkarrekin ikustea. Argi dago ilusioan ez gaituztela irabaziko». Antzera mintzatu zen Nerea Ziaurriz. «Hainbeste elastiko gorritxo ikusteak tximeletak jartzen dizkizu sabelean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.