Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zerbitzu publikoa

2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Trafikoko anomaliak. Monica Terribas Catalunya Radioko esatariak epaitegietan eduki duen azken pasartetik bi konstatazio behintzat aipa ditzakegu. Labur aipatzearren testuingurua: haren aurkako salaketa jarri zuten guardia zibilek, 2017ko irailean entzuleei Katalunian Poliziaren mugimenduak jakinaraztea eskatu omen zielakoan. Bere defentsan, kazetariak adierazi du sare sozialek zekarten informazioa jaso baino ez zuela egin. Bada, epaileak, salaketa artxibatu egin du, ez duelako lege hausterik ikusi. Lehenengo gogoeta: legea hautsi zen ala ez zen epaileak argitu behar zuena, eta ezetz esan du; baina hor non, komunikabide gehienen —espainiar unionismoan lerratuak denak, kasualitatez— titulu nagusien arabera, epaileak bere usteetatik abiatuta egiten duen oharkizuna da azpimarratzekoa, hots, etikoki arduragabeki jokatu zuela Terribasek. Bigarrengo gogoeta: gurera ekar dezakegu epaia, euskal esparruko irratien jakingarri. Alegia, askatasun publikoetan berez murriztailea den legedi espainiarraren arabera ez dela delitua antenan adieraztea, esaterako, guardia zibilek halako tokietan kontrola ipinia daukatela. Herritarrak aztoratzeaz gain hemen «nork agintzen segitzen duen» mezua zabaldu nahi duten trafikoko anomalia horiek non diren zehaztea zuzenean, zerbitzu publikotzat jo beharko lukete irratiek. Hizketan ari den gonbidatuari hitza moztu eta errespetua ukatu ondoren ordu erdiro ematen diguten informazio praktikoaren atalean kabituko litzateke, zalantzarik gabe.

Musu punk. Urtetan Bilboko Irola irrati libreko kolaboratzailea izan den Andoni Fernandez Azkaraik urrezko oparia eskaini digu oraindik orain. Bizkaiko punkaren historiako makina bat talde marjinalenen biografiekin egundoko liburua argitaratzeaz gain (Mierda de Bizkaia y sus grupos maketeros 77-89) horien maketak topatu, Irola irratian bertan digitalizatu eta guztion eskura jarri ditu sarean Bandcamp plataforman, nahieran entzuteko eran. Eta prozesu hori guztia, hots, libururako 60 elkarrizketa egin eta dokumentazioa bildu, liburu formaturako idatzi, liburua bera autoedizio gisa argitaratu, grabazioak banan-banan bildu, digitalizatu eta sarera igo… den-dena musu truk, punkari zor dion maitasun eta konpromisoagatik. Mutil horrek egin duena ez bada zerbitzu publikoa, esango didazue...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.