Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Muga mugan

Amaia Aguirre
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Zutabe hau azken etapa hasi aurretik idatzitakoa denez, ezin diot erreferentziarik egin azken sailkapenari. Baina bai ulertzen zail denari. Irratian bosgarren etaparen inguruan hizketan entzun nituen kazetariak eta adituak, eta karreran gertatutako zenbait erorikoren berri ematen ari ziren. Txirrindulari bat Gurutzetara larri eraman zutela ere esan zuten. Harrigarria bezain larrigarria zait biharamunean komunikabideetan ondorio larrien inguruko aipamen eskasia. Jazoera jasotzeko era.

Aurtengo Itzuliaren ibilbideak ikuskizuna eta arriskua mugara eraman dituela aditu dut adituen ahotan. Laugarren etapan ezer gutxi zen lau, eta bosgarren etapa ero aldapa. Helmuga hilmuga bihurtu zen txirrindulari batentzat, eta errepidea errebide, baina hori ez da kontakizunaren lerroburu. Buru doazen txirrindulari lerroa segundotan zein estu doan da hizpide.

Harbide malkartsua zen helmugarako atari. Txirrindulariak arrastaka zetozen otari. Mallabia eta bigarren mailako mendateak. Bi txirrindulari bizikletak eskuan, eta beste bat inoiz gehiago hankak lurrean ez jartzeko arriskuan. Zergatik eraman muga mugaraino? Herenegungo ikuskizunak ikaskizun ere izan behar luke.

Bizikleta SOStengu eta errepidea SOSegu, zaurgarritasuna ziurgarritasun nola bihur dezakegu? Ez naiz Itzuliaz soilik ari, egunerokotasunean itzurian doazkigun jarrerez ere ari naiz.Nola ez izutu eta kopeta izurtu pazientziarik ezak istripu larri bat eragin badezake? Txirrindulariekiko hurbiltasuna adierazten dugu behar den distantzia hartzen dugunean. BIZIkletak ere dira, beraz, aurreratu ditzagun behar bezala, ondoren atzera bueltarik izan ez dezan. Ahaztu nor den boterearen lider, eta pentsatu bi bider.

Amaitu da gizonezkoen itzulia. Laster hasiko da emakumezkoena; maiatzaren hamahiruan. Ikusiko da ikuskizuna izango den, ikusgarritasuna emango zaion edo ikusezin pasatuko den. Itzuli on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.