Berako sanestebanak

Egunez eta gauez gozatzeko aukera

Berako jaiak, sanestebanak, bihar hasiko dira, eta abuztuaren 6an amaituko. Egun horiez gain, egunotan ere beratarrek hainbat herri bazkari eta kirol txapelketa egin dituzte herrian, giroa berotzeko.

Giro aparta egoten da Berako besten hasieran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Besten joan-etorrietan murgiltzeko prest daude Berako (Nafarroa) herritarrak. Bertakoek aurtengo sanestebanen bost egunetarako herri egitaraua antolatu dute. Egunez zein gauez gozatzeko aukera egongo da. Egunez, erraldoiak eta buruhandiak kalera aterako dira, eta eguerdietan herri bazkariak egingo dituzte. Gauez, kontzertuak antolatu dituzte, eta musikarekin mugituko dute gorputza herritarrek. Modu horretan, giro paregabea sortu nahi dute herrian.

Berez, Berako jaiak bihar hasiko dira, eta abuztuaren6an amaituko. Hala ere, beratarrek urteroko dantza jaialdia antolatu dute gaurko, jaien bezperarako. Dantza jaialdia Gure Txokoa elkartearen eskutik izango da, 21:00etan, Eztegara pilotalekuan. Dantza jaialdia elkartearen urteko emanaldi nagusia da, eta, urtero lez, pilotalekua betetzea espero da.

Bihar eguerdian emango diete hasiera bestei, herriko etxetik.Erakundeek hainbat urtez ahantzi dituzten 36k gerrako biktimen senideek botako dute suziria,eta, horrela, memoria historikoari erreferentzia egingo zaio aurten.

Gainontzeko egunetan, lehenengo eguneko giroak eta kalejirek ez dute etenik izango. Aspaldi,bigantxen eta su festen arteko oreka lortu nahian, biak txandakatzea erabaki zuen Berako Udalak: aurten su festei egokitu zaie espazio hori.

Erabakiak besta batzordeak hartu ditu, eta hark ebatzi du sanestebanetako programan beste zer jardunaldi sartu ere. Josu Iratzoki Berako alkatearen arabera, egitaraua erabakitzeko era «irekia eta parte hartzailea» izan da, eta urte hasieran hasi ziren biltzen egitarauaren edukia hitzartzeko.

Autodefentsa feminista

Urteko lehenengo hilabeteetan hainbat sexu eraso salatu dituzte Beran, eta atxiloketak ere izan dira. Egoera horretan, Iratzokiren esanetan, herriak «autodefentsa feministaren formakuntzarako beharra» ikusi du.Horregatik, Goldatzek, Berako emakume taldeak, ahalduntzeko eta eraso horiei aurre egiteko autodefentsa feministarako ikastaroa egin zuen, uztailaren 28an. Helburua da «era guztietako eraso sexistak identifikatzea eta erasoei aurre egiteko urratsak egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.