Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Madonnaren apetak

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Losantos, harrapatua. Oharkabean igaro da kasik: Gürtel aferaren sententziak frogatutzat eman du Barcenasen B kontuko diru beltzetik zati bat (149.000 euro) Libertad Digital-era bideratu zela, Federico Jimenez Losantos jabe duen egunkari digitalera, alegia. Aipatu sententziak bere ia 1.700 folioetan ez du aipatzen, ordea, adiskide gaizkileek emandako eskupekoa itzuli behar duenik.

Pastelaren banaketa. RTVEko administrazio kontseilu berrirako alderdi negoziatzaileek nork bere orbita ideologikokoak jarri ditu. Horraino dena normal joan da, baina ohikoa izatea ez genuke zuzentasunaren sinonimotzat jo behar. Egiari zor, ba ote da formula magikoa, komunikabide publiko bat ez dadin agintari politikoen kontrolpeko jostailua izan? Detailerik harrigarriena, dena den, Tomas Fernandez Flores RTVEko presidente jartzea izan da. Radio3 irratiko esatari beterano horrek baditu bi datu deigarri bere curriculumean, Eduardo Madina sozialistak SER katean gogorarazi duen bezala: PPk Radio3eko zuzendari izendatu zuen 2012an, eta Franco hil zenez geroztik RTVErik sektarioenaren konplizea izan da. Zentsuratzaile gisa hasi zen zuzentzen Radio3, kalean utziz Javier Gallego eta bere Carne Cruda saio transgresorea. Iraganak iragan, ikusteko dago noraino iristen den zuzendaritza berriaren eskua. Eta, ikusteko, EAJk kolokatu duen Juan Jose Bañosek zenbat eragin dezakeen tertulianoen hautaketan.

Dena onargarri? Carles Francinok eta Elvira Lindok eztabaida polita planteatu zieten entzuleei osteguneroko Radio Lindo tartean, SERen. Kantari edo aktore sonatuei dena (eszentrikotasunak, kapritxoak...) onartu behar al zaizkie? Artista horiek giza eredugarritasunaren aldarera igotzen dituen sistemaren parte pasiboa edo konplize izan behar ote dute kazetariek? Lisboan oporretan den Madonnari eta 200 pertsonak osatutako bere segizioari hango udalak eskaini dizkion pribilegioak izan zituzten aitzakia horretarako. Bestetik, balekoa ote da Fito Cabralesek emandako azalpenak esanez jarraitzaile guztiekin ateratzen dituela argazkiak, Albert Rivera eta biak elkarrekin erretratu batean azaldu ostean? Bere burua Podemoseko bozkatzaile gisatzat eta injustizia sozialen aurkakotzat jotzen du Fitok. Ezin ote da kritikatua izan injustizia horien eragileetako batekin argazki batean barre sinpatikoa partekatu duelako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.