Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Udazkenean, zientzia eskolak

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Udazkena heldu da; zuhaitzak hostoberritu eta inguruko koloreak aldatu dira. Gorria, horia, laranja. Bada,COVID-19ak hemen jarraitzen du, Augusto Monterrosoren ipuin ezagunaren bertsio maltzur gisa. Pandemiak ez du etenik izan. Txertoen ikerketak aurrera doaz. Positiboak gora, positiboak behera. Zientzia, programazio-parrilan. Zientzia nahieran. Aurreko ostiralean, Norteko Ferrokarrila irratsaioan, Naiara Parraza Bioaraba Institutuko Metodologia eta Estatistika Unitatearen koordinatzailea gonbidatu zuten. Berriki abiatu du hark gidatzen duen taldeak sasoi honetako kezka nagusiari zuzenean heltzen dion ikerketa: ikusi nahi dute ea gripearen txertoak eraginik ote duen COVID-19aren infekzioan. Elkarrizketa hartatik ez nuen errezeta magikorik atera, haiek ere ez dutelako oraindik. Hori ere zientzia da.

Alabaina, gai garrantzitsu bat jarri zuten mahai gainean: zientzia egitea beharrezkoa da; are gehiago, hori komunikatzen jakitea. Parrazak berak aipatu zuen populazioari argibideak ematea giltzarria dela. Era berean, Guillermo Roa aurkezleari entzun nion zientziaren funtzionamendua ezagutu egin behar dugula pentsamendu kritikoa izateko.

Euskal Herriko irratiak ezari-ezarian ari dira lan horretan. Esaterako, Faktoria magazinea-n, Zientzia eta pazientzia atalean, tandem interesgarria osatzen dute Eneko Axpe zientzialariak eta Uxune Martinez Zabalkunde zientifikorako arduradunak Euskampus Fundazioan. Aurreko astean, COVID-19aren aurka garatzen ari diren txerto motak azaldu zizkigun lehenengoak, eta saio berean, zientzia audientziara gerturatzeko ahaleginetan, euriaren usainaz jardun zuen bigarrenak.

Zientzia bolo-bolo dabil irrati-plazan. Hori nabarmena da osasun krisia hasi zenetik. Arlo hori jorratzeko espazioak badaude, eta zientziazkoak ez diren txokoetan lekua egiten diote. Apunteak hartzeko garaia da; boligrafoa eta papera. Entzuleok, belarriprest. Beldurra uxatzeko unea da.

Horren harira, Pampa Garcia Molina SINC agentziaren erredaktore buruak Bioteknologiako Komunikatzaileen Elkarteko VI kongresuan esandakoa jaso zuen txio batean duela gutxi Jose A. Plaza kazetariak. Hausnartzekoa ematen du: «Ez dago zientziaz asko jakin beharrik kazetaritza zientifiko ona egiteko; kazetaritza ona egiten jakin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.