Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Junkieentzat, larunbat goizak

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Bi solasaldi. Asteburura iritsi, eta desintoxikazio labur batean murgildu beharrean oraindik tertulia soziopolitikoetara itsatsita jarraitu nahi duen junkieentzat bi eskaintza proposatzen dizkigu EITBk larunbat goizetan. REn, politikoen El parlamento de las ondas saioa datorkigu 09:05ean. Sekula interesa galtzen ez duen hitzordua da ordezkari ezberdinen aurrezko aurreko hori, nahiz eta gaiak mahaian jarri orduko badakigun nork zer esango duen, zer defendatu, nori erasoko... Entzule batek behin proposatu zuen bezala, noizean behin, tertulia saneatzeko, diskurtsoak eta rolak elkarrekin trukatu beharko lituzkete derrigor, autoparodia eginez. EIn, berriz, biko eztabaida pizten da 08:35etik aurrera (Goiz Kronika Asteburua) Jose Juan Ugaldek zuzenduta. Mikel Izagirre, Eneko Bidegain, Idurre Eskisabel, Felix Arrieta, Jexux Mari Mujika, Xabier Gurrutxaga eta Begoña Errazti biltzen dira txandaka-txandaka. Biko formulak erraztu egiten du nork bere posizioak garbi azal ditzan. Nolanahi ere, saioak badauka jatorrizko bekaturik: abaniko ideologikoa izan zitekeena baino murritzagoa izatea.

Pentsamendu publikatua, euskaraz ere. Boulevard saioan aspalditxokoa da goizero 07:35ean eguneko prentsako iritzi zutabeen hautaketa eta irakurketa egiteko ohitura, hamar minutuko tartean. Aitziber Etxeberriak hartu du lan hori zenbait egunetan azken asteetan, eta, egiari zor, esan daiteke euskaraz idatzitako iritziak normal hautatzen direla, gaztelaniazkoen ondoan. Batek zera esango luke: Etxeberria etorri arte euskaraz apenas argitaratzen zen ezer azpimarratzekorik. Eta, hortaz, euskara ez zela aktualitateko edozertaz iritzia emateko komunikazio hizkuntza, eta euskaldunak motzak ginela iritzi jakingarriak idazteko orduan.

Hemengoa, unibertsala. Batista Madariagaren eta Patxi Ezkiagaren heriotzek euskal kulturari eragin omen diote galera. Horrela entzun nuen kultura.eus saioan (RE), baina egingo nuke gutako edonork, inkontzienteki, antzera pentsatu genuela bi albiste nekrologikoak jakin bezain laster. Akaso erregistro mentala aldatzen saiatu beharko genuke guztiok ere, eta, euskal kulturarekin gogoratzeaz gain, literatura unibertsala hartuz pentsamenduan eta ahotan, hark ere jasan duelako galera, ahozkoaren zein idatzizkoaren ataletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.