Udal eta foru hauteskundeak. Iruñeko udala

Maiak aginte makila berreskuratu du, gehiengo osotik hurbil

Navarra Sumak 13 zinegotzi eskuratu ditu, eta PSNk gora egin du, bost eserleku lortuta. EH Bildu ere nabarmen hazi da: 7 zinegotzi. Aranzadi, Ahal Dugu eta Ezkerra, udaletik at

Joseba Asiron jarduneko alkatea Zentral antzokian, EH Bilduko koaliziokideekin batera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Eskuz aldatuko da Iruñeko aginte makila heldu den legealdian. Alde batetik, itun programatikoa sinatu zutenen gobernua birrindu egin da, lau hanketatik hiru erorita; bestetik, Navarra Suma koalizioa gehiengo osotik hurbil gelditu da, UPNren emaitzak dezente hobetuta.

Laukoak bi aurpegi erakutsi ditu: EH Bilduk gora egin du nabarmen, eta 2015ean baino bi zinegotzi gehiago lortu ditu [7 zinegotzi dauzka orain koalizioak, eta botoen %25 inguru]. Beste hiru indarrek, ordea, atzera egin dute. Bereziki, Aranzadik eta Ezkerrak.

Ezker estatalistak oinean tiro egin du, eta, zeharka, tiro egin dio Iruñeko aldaketari ere. Aranzadik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k larrutik ordaindu dute nor bere aldetik aurkezteko erabakia: botopaperen %4ra iritsi ezinik ibili dira Ahal Dugu eta Ezkerra, berdinketa teknikoan. Aranzadi izan da, ordea, kolperik handiena hartu duena, botoen %0,8 besterik ez baitu lortu. Hiruren artean, 8.000tik gora boto eskuratu dituzte, eta zinegotzi bat ere ez.

Geroa Baik ere emaitza kaskarra erdietsi du, hiru zinegotzi galdu baititu 2015eko bozekin alderatuta [bostetik bira, botoen %7,81ekin]. Hain zuzen, EH Bilduk poltsikoratu ditu Geroa Baik galdutako botoetako asko: koalizio independentistak nabarmen egin du gora, 26.600 botorekin, baina hori ez da nahikoa izan Joseba Asironek aginte makilari eusteko.

Balantzaren beste aldean dago Navarra Suma. UPNk, PPk eta Ciudadanos-ek osatutako koalizioak emaitza bikainak lortu ditu Nafarroako hiriburuan, eta eskura izan du gehiengo osoa, 13 zinegotzirekin. Iragan legealdian, UPNk 10 zinegotzi lortu zituen; baina PP eta Ciudadanos udalbatzatik kanpo gelditu ziren, botoen %5era ailegatu ezinik. Oraingoan, boto horiek guztiak baliatzen asmatu du Enrique Maiaren hautagaitzak. Eskuinak legealdi osoan bidelagun izan duen PSNk ere gora egin du 5 zinegotzi lortuta, duela lau urte baino bi gehiago. Navarra Sumak, baina, ez du PSNren laguntzarik beharko agintera itzultzeko, lauko gobernua osatzeko aukerak deuseztatuta —PSNko Maite Esporrinek esana du ez diola alkatetza emanen Joseba Asironi—, zerrenda bozkatuenak eskuratuko baitu aginte makila. Hauteskunde emaitzak ezagututa, PSNko Maite Esporrinek ezin izan zuen bere poza ezkutatu, eta «Agur, Asiron!», aldarrikatu zuen PSNko militanteen aurrean.

Iruñeko Udalean ez ezik, Nafarroako gainontzeko udalerri handietan ere atzera egin du laukoak. Tuteran, esaterako, aldaketak ez dio eutsi, eta Navarra Sumak gehiengo osoa lortu du. Ezkerrak 7 zinegotzi eskuratu ditu (2015ean baino bat gehiago) eta PSNk, 3. Nafarroako bigarren hiria da, eta azkenengo legegintzaldian Ezkerrak izan zuen alkatetza. Barañainen ere ez da aldaketaren gobernua errepikatzerik izanen: Navarra Suma izan da lehen indarra, 8 zinegotzirekin, eta PSN da bigarren indarra.

Aurkia eta ifrentzua

Tafallan, EH Bilduk lehenbiziko indar izateari utzi dio, 8 zinegotzitik 5era pasata. Navarra Sumak aurrea hartu dio bost botoren aldearekin, baina zinegotzi kopuru bera lortuta. Lizarran, Koldo Leozen udal gobernuak gehiengoa galdu du, Navarra Sumaren mesedetan.

Iruñerrian, berriz, aldaketak eutsi egin die udal gehienei: EH Bildu lehenbiziko indarra izan da Atarrabian, Antsoainen, Berriozarren eta Uharten. Burlatan, Navarra Sumak irabazi du 5 zinegotzirekin, eta PSNk izanen du giltza. Eguesibarren, Navarra Sumak irabazi badu ere, laukoa osatu duten alderdiek bezainbeste zinegotzi atera ditu: 9. Beraz, hor ere PSNren esku egonen da alkatetza.

Altsasun, Geroa Baik marka guztiak hautsi ditu, 10 zinegotzi lortuta. EH Bilduk eskuratu ditu gaiontzeko 3 eserlekuak. Hortaz, Javier Ollo (Geroa Bai) izanen da alkate bigarrenez.

Baztanen, EH Bildu da lehenbiziko indarra, 6 zinegotzi lortuta. Navarra Sumak 3 zinegotzi ditu (UPNk aurreko legegintzaldian baino bat gutxiago) eta bina Ezkerrak eta Geroa Baik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.