Aurrez izena eman beharko da Durangoko Azoka bisitatzeko

Jendea txandaka sartuko da Landakon eta Plateruenan. Osasun egoerak bultzatuta hartu du erabakia Gerediaga elkarteak

Duela bi urteko Durangoko Azoka. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Pandemiaren datuak okerrerantz egiten hasi ahala, Durangoko Azokarekin zer gertatuko zen zalantza ere zabaldu da azken egunetan, eta, azkenean, Gerediaga elkarteak atzo jakinarazi zuen horren inguruan hartutako erabakia. Azoka presentzialarekin aurrera egiteko asmoa dutela baieztatu dute, baina, hori bai, txanda eta izen-emate sistema bat ezarriko dute aurrez aurreko bisitetarako. Landako guneak 1.200 bisitari hartuko ditu, gehienez ere, txanda bakoitzean, eta ordu eta erdi iraungo dute. Webgunearen bidez egin ahalko dira erreserbak. Durangoko Udalarekin batera hartu ditu erabakiok elkarteak. Maskara jarrita edukitzea eta osasun arauak errespetatzea ere beharrezkoa izango dela gogorarazi dute, gainera. «Kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera dira».

Abenduaren 3an, azokak digitalki irekiko ditu ateak, orduan jarriko baitute martxan denda digitala. Eta abenduaren 4tik 8ra izango ditu zabalik ate fisikoak. Egun horietan, bost txanda antolatuko dituzte, guztira, Landako gunea bisitatzeko, 10:00etatik hasi eta 20:00etara arte. Ordu eta erdiko tartearen ostean, hustu egingo da gunea, eta hurrengo txandari sarbidea emango zaio.

Plateruena kafe antzokiko kontzertuetan ere sistema bera ezarriko dute antolatzaileek. Aurrez izena eman beharko dute Ahotsenea guneak bertan antolatutako saioak ikusteko asmoz direnek. Horrez gainera, aretoan ez da egongo ostalaritza zerbitzurik, eta galarazita egongo da han edatea eta jatea ere. Edonola ere, antolatzaileek gogoratu dutenez, streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek.

Gerediaga elkarteak pandemiaren datuak okerragoak zirenetik zeukan prest bisitariak txandaka onartzeko plana. Irailean jadanik antzeko sistema bat ezartzeko aukera aipatu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak, esaterako, BERRIAri emandako elkarrizketan: «Aztertzen ari gara zer sistemarekin egin, baina, ia ziur, aurrez izena eman beharko dute bisitariek». Eta, beraz, pentsatzekoa zen neurria ezarriko zutela. Baita aste honetan jakinaraziko zutela ere. Berez, astelehenerako egina zieten hedabideei azokaren programa aurkezteko deia, baina bertan behera utzi zuten. Egitaraua ostegunean aurkeztuko dutela jakinarazi dute orain.

Ardurarako deia

Arduratsu jokatzeko deia egin diete Gerediagak eta Durangoko Udalak bisitariei. «Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa». Eta, ohar bidez zehaztu dutenez, osasun neurriak betetzea ere bada konpromiso horren parte. «Txanda sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturazaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko ordua hartzera». Azokaz kanpoko aisialdi guneetan ere arduraz jokatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.