Euskararen presentziak lege bermea izan dezan

Zinemak Euskaraz herri ekimena zinemetan euskarazko eskaintza bermatuko duen lege propio bat galdegiteko sortu zen. Sarean sinadurak biltzen ari dira.

Ainhoa Sarasola.
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zinemetako pantaila handietan txikia da euskararen presentzia. Hori salatzen dihardu Zinemak Euskaraz egitasmoak; euskarak «dagokion lekurik» ez duela zinema aretoetan. Leku hori bermatzeko, zinema lege propio baten beharra aldarrikatzen du, eta instituzio zein alderdi politikoei hori eskatzeko sinadurak biltzen ari da Interneten. 5.500etik gora lagunen babesa jaso du eskariak dagoeneko.

Areto nagusietako asteroko eskaintzari erreparatzen diote aldiro egitasmoko kideek, eta euskarari dagokionean «tamalgarria» izan ohi dela dio Ibon Izak. «Egin genuen hausnarketa izan zen, herri euskaldunetan ere, zinema eskaintza gehiena gaztelaniaz dela. Egoera ikusita, eta oso arduratuta, beste eragile batzuekin hasi ginen lanean». Umeentzat film gehiago badira ere, estreinaldiak iritsi orduko euskaraz izatea nahi lukete. «Haiek ere nahi dute lan berriena ikusi, baina horretan beti gabiltza apur bat atzetik». Bikoiztu ala azpidatzi, biak ikusten dituzte egoki, ikusleen adinaren arabera bata edo bestea sustatzea. «Gure eskaera nagusia da euskara aretoetan egotea», nabarmendu du Izak.

Hain zuzen, «eskubide urraketa nabarmena» deritzo eskaintza hori ez egoteari; horregatik eskatzen dute zinema lege propio bat. «Ez dago ehuneko edo kuota bat, eta, gure ustez, lege bat beharko litzateke hori zehazteko». Kataluniakoa aipatzen du adibidetzat sinadura bilketarako testuak. Horren kontrolerako kontseilu baten beharra ere ikusten du Izak.

Herritarrak sentsibilizatzea ere bilatzen dutela gehitu du. «Helburua bada euskaldunak aktibatzea eta egoeraren inguruan pentsaraztea ere. Uste dugu ekimen honekin behintzat kontzientzia hori pizten ari garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.