GALDEREN AROA

Pentsamendu liburuen inguruko interesak gora egin du azkenaldian, eta Euskal Herrian gaiari buruz abian jarri diren bildumak izan daitezke horren froga. 'Boom' moduko bat dagoela uste dute zenbait adituk.

BERRIA.
Inigo Astiz
2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Gizakia izatez da bizidun hiritarra». Bost hitzeko esaldi xume bat baino ez dirudi, baina 25 mende behar izan ditu Aristotelesen Politika liburuko pasarte ezagunenetariko batek euskararainoko bidea burutu ahal izateko. Aurten euskaratu du Iñaki Usabiaga itzultzaileak, Euskal Herriko Unibertsitatearen LIMES bildumarako. Ez da kasu bakana. Friedrich Nietzschek idatzi eta 109 urtera asmatu zuen Zaratrustak esan behar zituenak euskaraz esaten. Eta, hainbat hamarkadaz mundu osoa gurutzatu ostean, udaberrian helduko dira euskarara Zygmunt Bauman pentsalariaren garai likidoak ere, Sorzain argitaletxe sortu berriaren eskutik. Soziolinguistikak bihurritu egin dio maiz pentsamenduari euskararainoko bidea, baina beti izan dira filosofia gosez izan diren euskal pentsalari eta irakurleak, eta interesa handitzen ari dela dirudi azken aldian. «Pentsamenduaren boom bat» aipatu du Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak (Beasain, Gipuzkoa, 1968). «Pentsamenduaren premia» igartzen duela adierazi du Esteban Antxustegi filosofia doktore eta LIMES bildumako zuzendariak (Donostia, 1957). Eta ados dago Mitxelko Uranga filosofo eta Sorzain argitaletxeko kidea ere (Berango, Bizkaia, 1978). «Sintomatikoa da», dio. Hirurak elkarrizketatu ditu BERRIA egunkariak, euskarazko pentsamenduaren inguruan aritzeko.

500 orritik aise gora, eta guztiak politika eta ekonomiari buruzkoak, fikzio tantarik gabe. Best seller-en ohiko profiletik ezin urrunago dago berez Thomas Picketty ekonomialari frantsesaren Le Capital au XXIe siècle liburua, baina, halere, 2013an gehien saldutako liburuetako bat izan zen Frantzian. Eta ez soilik han. Urte bakarrean 500.000 kopia saldu zituen ingelesez, 40.000 alemanez, eta beste 30.000 aste bakarrean Korean. Eta datu horiek izan ditu buruan Agirrek pentsamenduaren boom-a aipatu duenean, haren ustez Pickettyrena ez baita kasu bakan bat. «Tarteka ikusten dituzu erreportajeak esaten saiakera espazioa irabazten ari dela, eta nik ere hori sumatzen dut hemen». Pentsamenduaren alde lerratuz doa, beraz, giro orokorra, Agirreren hitzetan, eta pentsamenduaren alde igartzen du berak Euskal Herriko joera ere.

Eta badu oinarririk Agirreren sentsazio horrek. Izan ere, azken urtean ugaritu egin dira pentsamenduari eskainitako sailak Euskal Herrian. Jakinek, esaterako, mantendu egiten du 1997an abian jarritako Irakurgaiak bilduma, baina, horrez gainera, bilduma berri bat ere jarri du martxan Elkar argitaletxearekin batera: Eskafandra. Feminismoari buruzko liburuak argitaratuko dituzte hor, eta Angela Davis pentsalari eta ekintzailearen Emakumeak, arraza eta klasea liburua argitaratu zuen Durangoko Azokarako. Ez-fikziozko liburuetan gehien saldutakoa izan zen, gainera, hainbat astez, Elkarrek emandako datuen arabera. Baina ez da salbuespena izan, azken hilabeteetan pentsamenduari eskainitako bilduma gehiago sortu baitira. Feminismoari eskainitako Lisipe pentsamendu bilduma abiatu du Susa argitaletxeak, esaterako. Pentsamendua izango du ardatz Katakrak liburu dendak abiatutako publikazio bildumak ere, eta pisu handia izango du filosofiak hilabete barru abiatuko den Sorzain argitaletxean ere. Gehitu horri jada martxan ziren argitaletxeak, gehitu zuzenean euskaraz sortutako pentsamendu lanak, eta emaitza interesgarria emango du batuketak: Platon, Leibniz, Azurmendi, Kant, Hegel, Goikoetxea, Herodoto, Marx eta Engels, Davis, Camus, Nietzsche, Freud, Wittgenstein, Apodaka, Esteban, Popper, Arendt, Adorno, Gabilondo, Kierkegaard, Kuhn, Platon, Foucault...

Eta, hori bai, argazki hori bada berria, Agirrek dioenez. «Bagatoz tradizio intelektual oso pobre batetik euskaraz. Guk zertxobait gehiago eduki dugu, baina Jakin hasten denean intelektualitate bat sortzeko ideiarekin, hor ez dago ezer. Atzera begiratzen duzu, eta ez dago ezer. Guk dezente gehiago daukagu, baina, halere, ez daukagu asko. Eta, gainera, nik susmoa dut, eta konbentzituta nago, herri honetan pentsamenduari ez zaiola baliorik ematen; pentsamendua sortzeari, ikertzeari, jarduteari. Hori da pixka bat denbora galtzea bezala. Zertarako hainbeste buelta? Ez da serio hartu izan». Baina ezinbestekotzat du berak.

«Beharrezkoa da pentsamendua, neurri handi batean, hitzak egiten gaituelako. Hitza bera praxi bat da. Diskurtsoa ere ekintza bat da. Diskurtsoarekin, zerbait esaten ari gara, baina, era berean, adierazten ari gara zer esan daitekeen eta zer ez. Marko bat ari gara irudikatzen». Marko horren ertzetan daude emakumeak, esaterako, eta marko horren ertzetan daude euskaldunak ere, maiz. Eta, hain justu ere, hor ikusten du berak pentsamenduaren indarra. Agirreren hitzetan, pentsamendua gai baita marko horretan eragin eta kanpoan dauden ahots horiei lekua zabaltzeko. «Gu establezitua ez dagoen hizkuntza batean, establezitua ez dagoen kultura batean, establezitua ez dagoen genero batean gauden neurrian, halabeharrez, establezimenduaren kontrakoak gara. Behar dugu gure kultura propioa, gure eten propioa sortu. Hori oso inportantea da». Agirreren ustez pentsamendua baita horretarako giltza. Pentsatu, esan, eta markoa aldatuz joango delako. Pentsatzea ekitea ere badelako, Agirreren arabera.

Ikasle baten hitzak hartu ditu gogoan Mitxelko Urangak, umorez. «Baina zergatik behartzen gaituzu pentsatzera?!». Filosofiako doktorea da bera, eta Sopelako (Bizkaia) ikastolan aritzen da irakasle. Dioenez, ez du pentsatzeko gogo handirik igartzen eskoletan, baina, hain zuzen ere, horregatik, egunero aurrean izaten dituen ikasle horiek izaten ditu gogoan liburuak idazterakoan. Haientzat aritzen da neurri batean, eta haientzat aritzen delako joan da urteekin gero eta era irakurterrazagoan idatziz. «Euskal Herrian saiakera asko idazten da, baina batzuetan badirudi saiakeragileok bakarrik irakurtzen ditugula beste saiakeragileen lanak. Potentzialki irakurle izan daitezkeen horiengana heltzen ez den lan asko dago ezkutuan. Baina ez dago saiakera mordo hori zabaltzeko inolako asmorik. Hori da nire susmoa». Nahasian doaz irribarrea eta etsipen puntu bat haren azalpenean. Izan ere, hainbat saiakera kaleratu ditu Urangak, hartu du parte pentsamenduari buruzko hainbat egitasmotan, eta Euskadi saria jaso zuen iaz Tartaroa. Mina, boterea eta egia liburuari esker. «Bestela, inortxok ere ez nau ezagutzen».

Pentsamendu garaikidean ere ikusten du hutsunea. «Gaztelerarekin konparatuta edo ingelesarekin, euskara oso urrun dago. Klasikoak bai, euskaratzen dira, eta oso bilduma onak daude, baina, zerbait eguneratuagoa nahi duzunean, edo ingelesera edo gaztelerara jotzen duzu, edo bestela oso zaila izan ohi da euskaraz ezer topatzea». Eta, hain zuzen ere, horregatik sortu du Sorzain argitaletxea, beste hainbat lagunekin batera. Euskarazko pentsamendu lanak bultzatzea da haien asmoetariko bat, eta horregatik jarriko dute abian nazioarteko pentsalari garaikideen gogoetak era labur eta sinple batean azalduko dituen bilduma bat. «Pil-pilean dauden pentsalarien liburu sorta bat ateratzea da asmoa», azaldu du. Eta Baumani eskainitakoa izango da lehen liburua.

Halakoen alde igartzen du giroa Urangak ere, eta boom moduko bat aipatzen du. «Oso sintomatikoa da. Zergatik ari dira bat-batean horrenbeste argitaletxe aldi berean pentsamendua jorratzen? Ba, guk bezala, haiek ere ikusten dutelako gizartean badagoela, aldi berean, behar hori eta gabezia hori. Egia da argitaletxeren batek izango duela asmo merkantilistaren bat, ikusten baita feminismoak, adibidez, kristoren gorakada izan duela. Hori oso ongi etorriko zaie argitaletxeei, baina, edozein kasutan, oso beharrezkoa da pentsamendu horrek lekua izatea. Txalotzen ditugu egitasmo horiek guztiak. Bakoitzak bere txokotxoa lortzen badu, eta elkarbizitza lortzen badugu, primeran. Kontua da nola bilatu orain formula gazteek irakur dezaten».

Liburu guztien zati txiki bat

Datuak badaude. Urtero egiten du Joan Mari Torrealdaik euskarazko liburuen argitalpenaren jarraipena Jakin aldizkarian, eta 2015eko datuak kaleratu dituzte berriki. Bertan zehazten denez, orotara 2.353 liburu argitaratu ziren urte hartan. 2.353, guztira, eskola liburu, haurrentzako ipuin, jolas liburu eta eleberri, denak kontuan hartuta. Eta kopuru oso horretan hamasei bakarrik dira pentsamenduari buruzkoak. Hamasei, guztira, haien orrietan metafisika, ontologia, estetika, filosofia sistemak, psikologia, logika eta etika lantzen dituztenak. Liburu publikazio osoaren %0,7 inguru. Hori da datu zehatza, eta kopurua ez da askoz ere handiagoa helduen literaturan edozein gairi buruzko saiakerei erreparatuz gero. Torrealdaik zehazten duenez, 2015ean argitaratu ziren helduentzako 283 literatura lanen artean, %5,2 baino ez dagokie saiakera, miszelanea eta kronika liburuei. Hots: hamalau liburu. Pentsatzekoa da, ordea, argitaletxeen bilduma berriekin iaz zenbaki horrek apur bat gora egingo zuela.

«Euskara erreflexio hizkuntza bat da, e!». Erdi aldarrikapen modura bota du esaldia Esteban Antxustegik. Filosofiako doktore da bera, eta baita Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ere. Liburu batzuk ere baditu argitaratuak, gainera, eta EHUko LIMES bildumako zuzendari ere bada. Gertutik ezagutzen du Euskal Herrian sortzen den pentsamendua horregatik, eta gertutasun horretatik egin du aldarrikapen moduko hori. 2004an jarri zuten abian bilduma, eta pentsamenduaren klasikoak itzultzen dituzte: Aristoteles, Makiavelo, Tocqueville, Spinoza... Eta argia da liburuz liburu bilatzen duten helburua, Antxustegiren hitzetan: «Guk bilduma honekin esan nahi duguna da hori: euskaraz pentsa daitekeela. Itzulpenak egiterakoan beti egiten da errekreazio bat, ohitura batzuk sortzen ditu horrek, eta ohitura horiek inportanteak dira». Dioenez, ohitura horiek dira euskaraz pentsatzeko tresnak sortzen dituztenak.

Baikor mintzo da azkenaldian hazten igarri duen pentsamenduarekiko interesaz. «Ni oso optimista naiz, eta pentsatzen dut badagoela pentsamenduaren premia bat, eta pentsamendua sortzeko premia. Ez dut uste gorakada hori moda baten ondorio denik soilik, baizik eta pentsamendua benetan ezinbestekoa delako gertatu dela. Munduan egoteko modu interesgarri bat da pentsamenduarena; zalantzekin, baina modu interesgarri bat. Espero dut hori gora joatea mundu globalizatu eta gero eta bizkorrago honetan, eta, euskaraz baldin badoa, hori ez da inoiz okerra izango. Euskarak ere gaitasuna duelako hori ere egiteko, eta, gainera, oso modu berezi batean».

Ez du zalantzarik ezkutatu bere jardunaz ere. Itzuli bai, itzultzen dituzte pentsamenduaren klasikoak euskarara, baina gero euskaraz irakurtzen dituzte irakurleek? Koska ikusten du hor. «Euskaraz dakitenak orain euskarazko testura joango dira? Hori da galdera. Baina orain, behintzat, baditugu, eta horregatik jarri genituen liburuak oso prezio onean, ahalik eta merkeen, 10 euro inguruan beti. Jendea animatzeko. Guk argitaratzen ditugun liburuak unibertsitatean barreiatzen ditugu, baina zaila da jakitea irakasleek zer egiten duten». Baikor da gai horretan ere. «Halako portaerak barreiatuko balira, oso-oso baliagarria izango litzateke euskararentzat eta euskaraz egiten den pentsamenduarentzat».

Pentsamenduari zuzenean eragiten dion beste faktore bat ere aipatu du Agirrek: historiarena; testuinguruarena. Haren hitzetan, Euskal Herrian historia ez baita bereziki izan pentsamenduaren aldekoa. «Testuingurua estua izan da», dio. «Ekidistantzian ez da inor kolokatzen, baina hemen oso giro polarizatua egon da, politikakeriak gurutzatu ditu eremu guztiak, eta kultura ere jan egin du. Lubakiak zabaltzen joan dira. Alde zaude, edo kontra zaude. Ez dago arnasarik, ez kritikarako, ez autokritikarako. Ez dugu horretan zorte handirik izan. Ez dira garairik onenak izan pentsamendurako». Baikor bukatu du gogoeta, halere. Dioenez, «politikakeriak» maiz pentsamenduan eragin badu ere, batzuetan asmatu baita pentsamendua zorrozten. «Batzuetan pentsamendua bihurtu da barrikadaren parte, eta sortu den euskal pentsamendua autodefentsiboa izan da maiz. Erantzun pentsamendu bat. Hori ere ez da lekurik egokiena gauza handiak pentsatzeko, baina uste dut, halere, gauza handi batzuk pentsatu direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.